Iñoren umiak etxian hartziaz
Gaurko artikulu honen helburua ez da haur-ostatatzeari buruzko soziologixia egittia, iñundik iñora be (ze ordain topauko netsake "soziologia" berbiari nere blogian? "jendartologia" adibidez?). Kontua da, gurasuen papel zaharrak purgatzen eta tolosten nabillen honetan, faktura prehistoriko, sukaldeko errezeta, karikatura eta bestelako milla gauzen miszelanean, bisitta txarteltxo bat topau dotela: Irungo andra-gizon batzuena da, gure gurasuei eskerrak emoten, "euren semia hain ondo hartziangaittik". Fetxia, 1966ko maiatzan 24a.
1966xan ospatutako II. Euskal Jaixan, Irungo guraso batzuen esker-mezua gure gurasuei, etxian Imanol Txapartegi semia hartziangaittik.
Hori ikusi eta pentsatzen geratu nintzan: "Zer gertatu zan fetxa horretan? Eta zer dala eta euki izan dau gure amak txartel hau gordeta, 54 urtian?".
Ez neban asko pentsau behar izan. Nik betidanik ezagutu dittudaz, etxeko argazki bilduman, arrebia Erronkariko trajez eta anaia dantzariz jantzittako erretratuak-eta, karroza batzuetan, kaletik zihar beste ume askokin... Oin dala urte batzuk jakin neban, batez be Asier Sarasuaren bittartez, zerenak zirazen: 60 hamarkadan, urte batzutan jarraixan, ospatu ziran Euskal Jaixenak. Arrebiari galdetuta, konfirmau desta, behin baiño gehixagotan, gurasuak kanpotik etorrittako umiak hartu zittuezela etxian. Itxuraz, gure pegorako Ana Mari Baskaran saltsa horretan ibiltzen zan (jaixok Kulturalak antolatu ei zittuan) eta ama eta bixak lagun miñak zirazenez, ba gure etxeko umiak be parte hartu, kanpokuak etxera ekarri... eta holan ibilli izan zirala. Gauza politta; batez be sasoia kontuan hartuta. Francon errejimena indartsu zeguala, euskal gauzak agerixan agertzen hasi ziranekua. Kasualidadez, Imanol Txapartegi horrek hau irakorriko baleu, jakin deixala errekuerdo ona laga zebala etxian.
1967ko argazki honetan, Emma eta Oswaldo Gorosabel agertzen dira, Eibarren 1967xan ospatutako Euskal Jairako jantzitta, lagun batekin.
Kontua da, hau jakin eta segiduan etorri jatala burura etxian aurretik hartutako beste ume baten erretratua. Kasu honetan, amama Inesenekua da; eta atzian, tio Ernestok idatzittako notia daka. Mutillak Federico Savater zekan izena, eta Madrilletik ekarri zeben “huelga oso garrantzitsu baten” gurasuei laguntzeko. 1934ko uztaillian hartu zeben, beraz pentsau leike Madrillen sasoi horretan eraikuntzan eta metalgintzan izan ziran istillu larrixen testuinguruan izango zala; eta umiak UGT sindikatuaren bidez banatuko zirala, sozialisten etxietan. Tiok kontatzen dabenez luzaruan egon zan Isasixan, eta anai bixak (artian 8 eta 6 urtekin) oso ondo konpontzen ziran berakin.
1936ko udan, Madrilgo huelgen harira aittitta-amamak etxian hartutako Federico Savater umian argazkixa.
Gaur egunian, arraruagua da hori: etxe gehixenetan kotxiak dagoz, eta horrek ekartzen dau hara-hona dabizen ume talde gehixenak (kirolak, dantzak, ikuskizunak oro har…) atzetik “groupie” pillua eruaten dabela, ogibittartekuak, jarsixak eta toallak daroien botillero legez; ume bakotxeko bat. Gure gizartian hazkuntza-forma-hiperbabestaillian erakusle argixa… Baiña ez leku guztietan: Zuberoako herri antzezpenetan (maskaradak, pastoralak), ondiok egitten da: Barkoxen ikusitta dakat, Polo lagunaren bittartez Kanpok gomitatü ninduelarik, mahaixan -familia “extendituaz” eta lagunez gain- gurekin gazte lotsati batek bazkaldu zebala; kantiniersa papela jokatzen zebana, txarto gogoratzen ez badot. Eta gurian ha hartu zan modura, beste etxietan be jokalari bana hartuko zeben. Domekero-domekero, herriz herri eta guraso barik bidaiatzen daben gazte talde hori hartuta...
Kanpo etxean, 2007ko Maskaradetako bazkal orduan. Mahaian, besteak beste: Patrick Keheille, Jean Bordaxar eta kantiniersa.