Horretarako, trikipoteo orokorra hobe
Nere lagun borrokillak, baiña, ez deste kaso haundirik egitten halakuak diñodazenian. Hara baiña, gaur Garan Xabier Silveirak idatzittakua. Igual hari kaso gehixago egingo detse...
Asturies 2012. Irudixa: elreferente
Xabier Silveira | Bertsolaria
Gora... greba orokorra?
Politikariak dira zuloratu gaituztenak. Sindikatuek aterako gaituzte? Nik ditudanak baino zalantza gehiago dituztenek betetzen dituzte lantokiak eta langabeziaren datu portzentualak
Barkatuko didate sindikalgintzan lanean diharduten lagun eta ezagunek. Edo ez, barkamenak aurrez bekatua behar izaten baitu. Eta noski, zer den eta zer ez den bekatu, nork juzgatu?
Maiatzaren 30eko greba orokorrerako deialdia gero eta ozenago entzuten dugun honetan, hona hemen isilpean gorde ezinezko ñabardura sorta.
Txiki Muñoz: «Badakigu zer datorren: pentsio erreforma bat, langabezia saria ukituko duen beste lan erreforma bat, administrazio publikoaren suntsipena... Hau estatu kolpe ekonomikoa da, eta gelditu egin behar dugu. Borroka da gauzak aldaraz ditzakeen aldagai bakarra».
Borroka da bide bakarra, horretan ados gara. Baina zer da borroka? Zein du gatazka bakoitzak borroka molde egokia? Noiz eta zein maiztasunez erabilita dira eraginkorrak borroka tresnak? Hor eztabaida handia izanen genuke, nik uste. Garai berrietara moldatu beharreko erakunde politiko bakarra ez zen ETA; egin duen bakarra bai, dirudienez.
Pentsioak murriztu, langabezia ordaina ere bai, administrazioa deuseztatu... Urtebetean EAEn %7 egin du gora langabezia tasak. Eta greba orokorra? Urteroko greba orokorra? Manifestazioa, langileak langileekin isekaka eta kolpeka ibili, hiriburu bakoitzean ezer egin ez duten dozena bat gazte atxilotu eta hamar urteko kartzela arriskuan utzi... Zertarako? Azken urteetako greba orokorren emaitzek animaturik edo?
Egoeraren larritasunak eskatzen duen guztia egun bateko greba orokorra da?
Xabier Anza, ELAko prestakuntza sindikaleko arduraduna: «Greba orokorraren alde eginez, alde batera `gu' gaude, eta bestera `haiek'». Alde batean «gu», greba egiten dugunak. Beste aldean «haiek», lanera joandakoak. Errealitatea hori da, zoritxarrez. Azken grebetan, eta honetan dirudienez ere bai, jendeari grebaren alde egoteko exijitzen zaio, aldaketaren ezinbesteko zatia dela ikusarazi beharrean. Egoera hain larria den ziurtasuna denok dugu, ia denok behintzat. Nola liteke bizi dugunari aurre ez egin nahia? Ez ote da horrela ez egin nahia? Alferrik ez jardun nahia? Eta egunero bide desberdinak eskaini ordez, egun bakarrerako greban borrokatzera behartzen ditugu, nola eta alderdi politiko zehatzekin lotura zuzena duten sindikatuek deitutako grebaren datuetan zero koma zero zero zero bi bat izanez. Politikariak dira zuloratu gaituztenak. Sindikatuek aterako gaituzte? Nik ditudanak baino zalantza gehiago dituztenek betetzen dituzte lantokiak eta langabeziaren datu portzentualak.
«Greba orokorra egiten dutenek kontzientziazioari dagokionez urrats erabakigarria egiten dute. Greba deitzea, arestian esan dudanez, hainbat lan hartzea da: prestakuntza eta argudioak eman, mobilizatu, jendea erakarri. ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora batzar egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugiarazteko asmoz. Ez dago hau baino formazio politiko-sozialeko jarduera aberats eta handiagorik». Jendea zaborretan janari bila eta zuek formazio politiko-soziala bultzatzeko batzarrak bideratzen? Bai, bai, borroka da bidea, bai.