Harria eta Papera
2010 inguruan Euskal espeleologixian historixia biltzen hasi nintzan; laster konturatu nintzan ikergai zabalegixa aukeratu nebala. Naturalezan legez, lurpian ezkutuan dagonak emoten dabena baiño askoz be neurri haundixagua izaten dau-eta. Horrenbestez, ikertutako epia 1950-1970 arteko urtietara mugatu neban, euskal taldien arteko elkarlanetan zentrauta. Biharran zati haundi bat dokumentuak, argitalpenak eta artxibuak arakatzia izan zan; baiña, halan be, lehentasuna espeleologo zaharrak elkarrizketatzen ipiñitta. Begi bistako arrazoiengaittik, 1940ko hamarkadan esploratzen hasi ziran “gaztetxuak” urritzen zoiazen eta, ixa errelojuan kontra, eurak billatzia izan zan helburu nagusixa. Talde majo batekin lortu dot; beste batzuk “iges” egin deste; baiña, barriro be, konturatu nintzan 1950-70 arteko historixia be larregi zala; bilduta nekan informaziñua argitaratueziñezkua zan, osorik behintzat. Arloka zatikatu biharra zeguan.
Orduan, puntu horretan, esan geinke Felix Ruiz de Arkaute modu naturalian agertu jatala: edurtutako mendixa urtzian azpiko hatxak berez urtetzen daben modura. Elkarrizketatutako beterano guztiak, une baten ez bazan bestian, Arkaute aittatzen zesten. Gizon honek Euskal Herrixan jardundako espeleologia talde guztiekin elkarlanian jardun zeban-eta, lurralde historiko guztietan, Belgikatik etorri zan momentutik Eretan istripuan hil arte. San Marti Harriko sisteman (Izaba - Santa Grazi) egindako esploraziñuetara bildu zanian, ostera, nazioartian ezaguna eta mirestua bihurtu zan; hain da eze, bera hil eta 50 urte pasau diran honetan, bere izena ondiok lehen maillako erreferentzixia da Europa maillan. Leienda bat. Halaxe erabaki neban, ba, euskal espeleologiaren historixiari buruz argitaratuko neban lehelengo txatala Felixi eskaintzia.
Liburua publiko orokorrari zuzenduta dago (ez espeleologuei) eta, bereziki, Tolosaldeko biztanliei. Izan be, Felix speleo munduan oso ezaguna bada be, "lurrazaleko" jentiandako “La Esperanza” paper fabrikian gerentia baiño ez zan izan. Batzuk bazekixen kuebetan ibiltzen zala, baiña ixa iñor ez da jabetzen karstaren zientzietan izan zeban benetako dimentsiñuakin. Esan leike, gaur egunian, Arkaute Tolosan ixa ezezaguna dala.
Liburua Tolosako Udalak argitaratu dau, Aritz Peredaren maketaziño bikaiñakin. Aurkezpena abenduan 14ian egin genduan, 19:30etan, Tolosako TOPIC aretuan. Hamen bideo laburpen bat:
Liburua salgai dago Tolosako Babel liburudendan; emaillez be eskatu leike, txikillana@gmail.com helbidian (10 euro + bidalketa gastua).
PD: 2022ko iraillian, gaztelerazko bertsiño osotu bat etara dogu, "Enamorado de La Pierre" izenburukua. 50 bat orrialde gehixago (speleo kontu tekniko, topografia etabarrekin), espeleologuei espreski zuzenduta.
Eretan hil zen Ruiz de Arkaute, Biarnon. Izango du nolabaiteko zerikusia Berbinzanako Las Eretas-ekin, k.a. 600-400 urteetako herriarekin? Eztabaida dabil, baskoia ote zen, zeltiberiarra, agian oraindik ezin da zehazki zehaztu zein leinuri zegokion...
Seguru Biarnoko Eretaren eta Berbinzanakoaren toponimien alderaketa nonbait dagoela argitaraturik. Non ote?