Gizon diskretuaren lekukotasun baliotsua
Lehen zorrotz jarraitzen nittuan Ego Ibarra komisiñuan argitalpenak, huts egin barik erosiz; Lekeittion bizi naizenetik, pixkat deskontrola dakat. Halan, aurtengo liburu ferixa baten izan dot liburu honen barri, eta tak! Etxerako hartu. Gaiñera zein agertuko azalian, eta amama Ines, aittitta Manuel eta tia Aurora.
Dokumentu bizi-bizixa, pozgarrixa da "enkarguz" idatzittako liburu hau (Juan de los Toyosek 50. hamarkadan eskatuta) argitaratu izana, lehen eskuko lekukotasunan balixo berezixakin.
Indalecio Prietok izan zeben garrantzixa ondo ikusten da. Kuriosua, bere garaixan Jose Antonio Primo de Riverak Falangeren zuzendaritzia hari eskaiñi izana (Joxean Mussolinin mireslia zan, eta ha be Alderdi Sozialistatik etorrittakua zanez...).
Kolpian osteko uniak eta egunak oso ondo isladatzen dittu, liburuetatik ezagutzen doguzen gertakari hotzak kolorez pinttatzen. Kaleko giroz.
36ko irailla amaierako ebakuaziñuan desolaziñua, barriz, zirraragarrixa da. Idazki honekin Arizmendiarrietak asmo literarixorik ez badaka be -edo igual horretxegaittik- egitten daben kuadrua ixa inpresionistia da.
Beste kuriosidadiak be badagoz: gerrako administraziñuan funtzionamendua ezagutzia (komisarixak, errekisak, errezibuak...). Etxian betidanik “errekisatuen” aldetik entzun izan dittudazen kontuak, “errekisatzaillian” ikuspegittik. Hobeto ulertzen diraz.
Eibarko bonbardeuan kontakizuna be zirraragarrixa da: hotza, "ixa notariala" egitten dau, baiña bertan biziraun zeban pertsona heldu baten lekukotasunak ikuspegi barrixa emoten detsa gertakarixari (oiñ arte umienak bakarrik irakorritta nekazen).
Bestalde, azkenaldixan desertore eta intsumisuekingo gero eta interes haundixagua dakaten honek, liburu honetan bildumarako ale barrixak topau dittu. 36ko kolpian, Urizar karlista atxilotu eta Mallabixara bialtzen dabenian, CNTko baten ardurapian; honek bizitzia salbatzen detsa (“saka” inkontrolatu batetik babestuz) eta gero, gerria amaitzian, karlistia zenetistian billa, faboria itzuli nahixan; bi gentlemen, gerra basatixan erdixan. Edo Arizmendiarrieta bera (sozialistia) preso egonda, frankista eibartarrekin behiñ baiño gehixago topatzen danian Espainian zihar; eta gorrotuari elkartasuna nagusitzen jako; iñor ez dago gustora gerran. Arerixuen arteko elkarguniok (soldaduen gustoko, agintarixen amorrurako), gerrian zentzugabetasunari buruzko mezu sakona dira. Edo "inoren lurraldean" piñuak jotzen dabizen trabajadoriei, errepublikarrak tiro egitten ez detsenian (bazkaltzera doiazenian, ostera, gelditzen diran zentinelei tiro eta tiro). Edo, beste aldera pasatzia erreza izan arren iñok iges egitten ez dabenian, nazionalen aldian dagozen lagunekingo errepresaliarik ez izateko; gerrako basakerixan, batzuetan, errespetatzen dirazen kodeak.
Liburu hau irakortzen, baitta, erabaki dot behingoz nere aspaldiko gogo bati ekitteko: esperantua ikastia. Banekixan Arizmendiarrieta izan zala 50. hamarkadan (!!) horren bultzatzaillia Eibarren, eta ez nekixan Toribio Etxebarria bera be ibilli zala horretan. Gaur egunian dana askoz be errezago dago, eta hizkuntzak ikastia buruko gimnasia bikaiña danez, ba hasi naiz ni be. Zertarako? Ba ondo pasatzeko; neretako nahikua.