Gaztetxiak
Argazkiak.org | Gizaburuko "gaztetxia" © cc-by-sa: txikillana
XX gizaldi amaieran, gazte iraultzazaliak espazio propixuak aldarrikatu eta “okupatzen” hasi ziran. Berba honekin, eraikin hutsetan sartu eta háretaz “jabetzia” esan gura zan, zentzu informalian, kaso gehixenetan komunidadiari zabaldutako aktibidade leku legez (“gaztetxiak”), baitta bizileku moduan erabiltzeko be (“etxe okupatuak” edo “squat-ak”). Sasoi baten ixa herri guztietan topau zeikian halako bat. Gaztetxua nintzala goguan dakadaz Eibarren egon zana (Txantxazelaixan), Elgoibarren (erreka ondoko plazan, gero zine onduan), Lekeittion (gaurko Enperatrizan hotelian), Markiñan (Mataderua), Ondarrun (zubi barrixan onduan)...
Gerora, Udal estrukturak pizkaka-pizkaka absorbitzen juan dira espazio propixuen aldarri hori –ezkertiar aktibistak funtzionario plazak etara ahala-, eta neurri haundi baten okupaziñua desaktibatuta geratu da. Hau da: espazixo hutsakin konformatzen ziranendako balekua eta errezagua da udal ekipamentu baten jardutia, “marroiak” sahiestuta; eta geratu diranak, garrantzixa batez be autogestiñuari emoten detsenak izan diraz. Hamen kokatzen dira, esate baterako, Eibarren ointsu arte egondako “Tallarra” gaztetxia, Asua Errekan. Aurreko baten kartel batzu ikusi nittuan paretan, hango hondakiñetatik urtendako jentia barriro biltzen hasi dala-edo. Poztu nintzan. Eta, aukeran, lehengo izpirituakin jarraitzeko aiñako adoria, gogua eta partaide kopurua izatia opa detset, gero ta ugarixaguak dirazen ludoteka instituzionalen aldian.
Argazkiak.org | Gizaburuko "gaztetxia" © cc-by-sa: txikillana