Freskerak eta katazuluak
Eguneraketa: iragana iragana da, baiña hamen 2021 urte honetan bertan erretratautako katazulo bi. Operatibuak %100ian, lokal-jabien konplizidadiakin (saguak akabatzeko hoberik ez dago!) eta ertzetan harrapautako uliak erakusten dabenez!
Agirre Solarte kalia
Tortola kalia
*****
Etxe zaharretan ba dira antxiñako bizimoduan isladia dirazen pare bat elementu. Pertsona nagusixak ondo ezagutzen dittuez, euren denporan gauza korrientia ziralako; 40 urtetik goragokuak be, ba dakixe ondiok zer dirazen; baiña hortik beherako gitxirek ezagutzen dittuez. Gaiñera ez diraz elementu arkitektoniko “nobliak”, esateko, eta nekez agertuko diraz dekoraziño eta interiorismo aldizkarixetan. Horregaittik oso egokixak dira gauza aboziñauen biltegi honetan erakusteko.
Antxiñan, argi indarrik ez zeguan; eta etorri zanian be, ez zan gaurko moduan (ni umia nintzala gela bakotxeko entxufe bat baiño ez zan egoten; eta labadoria, radiadore elektrikua eta aspiradoria batera martxan hasi ezkeriok automatikuak ¡klak! salto egitten zeban, potentzia topia gaindittuta). Frigorifikorik ez zeguan sasoian ¿zelan gorde jatekua? Freskerak zeguazen horretarako: “aidian” zeguazen rejillazko armarixuak, etxeko alde illunenian. Freskera asko ikusi leikez ondiokan, nahiz eta ez berezko funtziñuakin; gaur egunian ez dago frigorifiko bako etxerik, eta elementu apaingarri modura konponduta ikusten diraz, edo armarixo normal modura erabillitta (jatekua barik, beste edozer gordetzeko).
Argazkiak.org | Freskera 01 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Freskera 02 © cc-by-sa: txikillana
Katuak pasatzeko zuluak, ostera, arraruaguak diraz ikusten eta itxura guztien arabera hamendik urte batzutara ez da alerik geratuko. Izan be, gaur egunian topau geinkiazenak ate zaharretan baiño ez dagoz, baiña ez ate señorial elegantietan, ez bada eze ohol kaskar eta erdi-ustelezkuetan baiño; gaur egungo irizpidiekin, restauraziño biharreri nekez eutsiko detsenak.
Antxiñan kalietatik txarrixak lez, oin dala ez urte asko katuak ixa-libre ibiltzen ziran etxerik etxe. Ondo etorrixak ziran gaiñera (arratoiak kontrolatzeko) eta horregaittik bidia eta bizimodua errezten jaken, modu nahiko sosteniblian gaiñera (ez gaur egungo jipi katu-kolonia-elikatzaillien modura). Katazuluak kale nagusittik etxien atzekaldeko patixuetara pasatzeko bidiak ziran, leiho eta atiak itxitta egonda be beti libre mantentzen zirazenak -nere umetzaruan behintzat bai-. Gaur egunian, ostera, normalian ohol batez tapauta topatzen doguz.
Argazkiak.org | Katazulua 01 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 02 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 03 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 04 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 05 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 06 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 07 © cc-by-sa: txikillana
Argazkiak.org | Katazulua 08 © cc-by-sa: txikillana