Fraillerik bako frailletxia
Goizian, harañegun erdi-egindako Sendero de los Oficios osoko bueltia egin dogu, Anekin. Aurreko eguneko puntutik aurrera, erletxia ikusi dogu lehelengo; handik herriko carrasca-ikurreko begiratokiraiñok igo gara, ederra baiño ederragua. Eta handik, bidez-bide, artadixetatik zihar (ikazkiñen biharlekua) eta iputegixetatik behera, herrira atzera allegau gara. Harañegungo inpresiño ona, biderkatuta.
Goiko begiratokixan genguazela, urriñian gaztelu ikusgarrixa: gero jakin dogu Trasmoz herrikua zala, ondotik pasau gara-eta. Hurrenguan bisittatzeko gogua geratu jaku.
Arratsaldian, Vera de Moncayora. Veruelako monastegixa ikustera giñoiazen, baiña gauza gehixago be ba dagozela konturatu gara.
Batetik, Burdin Aroko aztarnategi bat dago. Bertako historiari buruzko aittamenetan (ohizko lez, 4 mende musulmanei ezikusixana eginda) esaten danez, Oruña edo Gruña izeneko muiñuan herri haundi industriadun baten arrastuak agertu ziran; horregaittik, zeltiberuen Turiaso hauxe izan leikiala uste da. Bistan danez, lekuan toponimuak iruña bat seiñalatzen dau, Veleia, Pampeluna eta Oiassokuen homologua, Moncayoko mugarrittik gora zeozelako uniformidadia adierazitta.
Honek “yasa” hitz lokala gogoratu desku, kamiñoko seiñaletan errekazuluak seiñalatzeko ikusi genduana. Gonzalez Bachillerren artikulu honetan (*) yasa = llasa = jasa bardinzen dittu, eta toponimuaz gain ufalari esateko be erabiltzen dala gehitzen dau. Nik “latsa” berbiakin be antz haundixa hartzen netsan, baiña artikulu honetan bertan hipotesi hori ezeztatzen da.
Bestetik, Becquer anaien ibilbidia. Idazle eta pinttoriari detseten errespetutik (bixen biharra asko gustatzen jata), broma gaiztuak egitteko aukeria emon desku honek. Izan be, “ibilbide” hau Becquertarrak monasterixo “desamortizauan” egindako egotaldixan oiñarritzen da (sasoi hartan, 1864 inguruan, oporleku alternatibo/erromantikua bihurtu zan Veruela, eta gure gizontxo bixak hille batzu pasau zittuezen bertan, Madrilleko egunkari batera kronikak eta grabauak bialduta; harrezkero oso ezaguna egin ei zan lekua). Orduan: lekuan zihar panelak topatzen dozuz, halako estiluan: “Kurutze honetan, Gustavo Adolfo Becquerrek egunkari-banatzaillian zain egoten zan”; “Eserleku honetan, Gustavo Adolfo Becquerrek zigarrua erretzen zeban”; “Sasitza honetan, egunero 11:00etan, Gustavo Adolfo Becquerrek obramentua egitten zeban”... Azken bixak nik asmautakuak dira, jakiña, baiña arratsaldian zihar erabilli dogun katxondeuan nundik-norakuen ideia emon leike. Gauzak diran moduan esateko, ez dogu ibilbidia zitz eta mitz jarraittu, eta beraz ezin dot ondo balorau Becquerren asuntua.
Eta monasterixuan bertan, oso ondo ibilli gara. Umiak ez dira (larregi) aspertu, eta beraz ikusi zeikian guztia ikusi dogula esan geinke. Monasterixo estandar xamarra da, baiña honek dakan berezittasuna “desaktibauta” egotia da (beraz, kontuz otoitzekin: ez dira zerura allegauko-eta). Aragoiko Aldundixana da, eta dana erakusteko da: lehengo fraillien bizilekuen txoko guzti-guztiak bisittau leikez printzipioz, ezelako ritual majikotan traba egitteko erreparo barik (beste monasterixuetan gertatzen dan lez). Gaiñera, besterik ezian, elizak leku ederrak izaten dira egualdi berua pasatzeko.
(Lituenigoko egotaldixan hartutako oharren amaieria)