Etsi ez zeben bi
Makrobiotikuen arau batzu zentzubakuak iruditzen bajataz be, ba dakez baleko gauza asko. Euretako bat, jatekua ahuan sartu, eta tenedoria mahaixan lagatzia ahokua amaittu arte. Honek jandakua dastatzera derrigortzen gaittu, gorputzari atseden emonda, asimilaziño hobiakin, lehenago asetzen gara, iges egitten detsagu unekada batez norabiderik bako prisa horri... Mendigreenen alter eguetako batek “bizitza homeopatikua” aldarrikatzen zeban legez, nik gauza bera egitten dihardut juan dan hiru-lau urtian liburuekin: “irakorketa makrobiotikua”. Bat amaittu eta autoiruzkin hau idatzi arte, ez detsat nere buruari lagatzen liburu barririk hasterik. Hau egittiak liburuari mesede egitten detsa, tenedoria mahai gaiñian lagatziak jatekuari egitten detsan legez.
Liburu hau “é lo que é”, andaluzak esan zeban legez. Karta bilduma bat, batzu alkarri lotutako gutun/erantzunak, bestiak soltian... Zentzu horretan, ezin jako liburu bati eskatzen jakon idazkera ona billau; nahiz eta Etxebarria eta Prieto diskurtsu harilkatzaille bikain eta irakorterrezak izan. Horretara, produktua ez da berez oso erakargarrixa; etara kontuak, gure etxian Udalak etaratako liburu guztiak sistematikoki erosten badira be, hau 2004 urterarte ez genduan erosi, bildumia osotze aldera. Eta irakorri be, beittu noiz egin doten. Baiña biharrezko liburu bat zan: ba zeguazen karta batzu, Etxebarrian familixakuak gordetakuak, argittara ekartzia merezi zebanak, eta hala egin zeban 1991ian Eibarko Udalak. Ondo eginda.
Esandako moduan, gerra osteko girua pizkat ezagutu egin bihar da hónek gutunok ondo ulertzeko. Azken fiñian, idazliak ba dakixe zeri buruz dabizen eta hor dihardue, izenak, gertakarixak-eta sobreentendidutzat emonda, eze, liburu honetan –jakiña- ez da ezer azaltzen orduko testuinguru politikuaz.
Uste dot kartetan ondo ezagutzen dala bakotxan pertsonalidadia: Prieto politiko arrazakua, etorri haundikua, bere buruaz segurua, liderra; Etxebarria apala, disziplinaua, inozentia, benetalarixa. Eta bixak idealistak, munduan eta Espainian ondo nahixan, baiña urtiak aurrera egin ahala, erreta.
Izan be, irakortzekua da denpora guztian darabixen esperantzia zelan doian emetatzen: II Mundu Gerran zihar aliauen aldeko esperantzan nazi eta faszisten kontra –nahiz eta Gerra Zibillian egindako zatarkerixia beti goguan izan-, horrek Francori erasotzeko atarixa balitza lez; eta gero, 1945tik aurrera zergaittik interbenitzen ez daben ulertu ezinda. Hunkittu be egitten dau, alkarri esperantzak emoten segitzen ikustia: “Ezin jako asko geratu Francori”, 1946xan (puff... ez gitxi). Baiña halan be, Tapia eta Izagirren “Agur Intxorta maite” diskoko bertsuei darixon edertasun bera daka liburutxo hau irakortziak.
Entomologikoki interesgarrixa da, bebai, ezkerreko alderdixen atomizaziñua eta ezinikusixa ikustiak, itxura guztien arabera gerria galtzeko faktore garrantzitsuenetakua. Eta partikularki komunisten aparatuan ikuspegixa, autoritarixua eta teledirijidutakua. Azken kartetan Pirineuetan antolatzen dabizen komanduetaz berbetan dabiz -makisa duda barik-, Errepublikako erakunde exiliauak desegin ziraneko prozesu luze eta mingarrixan barruan.
Politta irakortzeko be, Prieton bista arazuak dirala-eta Etxebarriari idazteko makiñian zinttia aldatzeko aholkuak, erdi bromatan, halako gizon serixuei dagokixon neurrixan.