Eskuetan ondo gastatzeko kutizia
Liburu batzuk berezko artelanak dittuk. Iñoiz esku artean izan juat banako aleren bat, 1960-70 edo noaki ze hamarkadatan egindakua, ixa-ixa esku hutsez. Anaianian dagon baten modura, Joxean Artzena-edo: kartoi lodizko pajinak, bentanillak eta bestelako jolas kontzeptualez beteta, hilo balaz jositta. Etxian ondo gordetzeko liburuak, eskutan askotan erabiltzeko eta berrirakortzekuak.
Halako liburua dok hau. Artelan bat ez, 101 jaukazak barruan: bakotxakin, poliki eta ardau onan kopa batekin (ardaua gustatzen jakonak) pasau leiken denporia pasau lajeikek, bera ikusten, eta onduan dittuan burutaziño, azalpen, iruzkin eta info anplifikauakin gozatzen. Horregaittik, irakorketa dosifikaua egin juat: egunian letrakartel bat, gehixago ez. Eta, kasualidadiak zer dirazen, azkena barixakuan bertan amaittu najuan, justu Gernikako lehelengo erakusketan, Mursegok egindako lehelengo kontzertuan egunian. Maite Arroitajauregik kontzertu berezi bat prestau jok-eta, bertan horman esegitta ikusi ahal izan genduzen palindromuen letrekin. Zoragarrixa, aukeria badakazue ez galtzekua.
Irakorketian amaiera biribilla egin juat, beraz. Liburuak, bere horretan, asko bete nok: horregaittik Paperjalen 4/5eko izar bat ipiñi jetsat, nik normalian edonun ipintzen doten maximua. Baiña hortaz gain, Markos ezagutu genduanondako plus bat daukanez (aurreko iruzkin baten azaldu najuan hori), 5garrena be ipiñi jetsat.
Ederra izan zuan erregalo moduan jasotzia, dedikatoria eta guzti. Izan be, opari oso politta eta publiko guztiendakua dok! (nik ya enkargau jittuadaz ale batzuk).
Paperjale.eus-en botatako iruzkin batzuk (atzetik aurrera):
- Eskeskeske... ixa orrialde bakotxak mereziko lajeukek iruzkiña, burutaziño bat, hausnarketia edo aipu kriptikuen deszifratze saiakera bat. Halan ezin dok, Sarrionandia! 😂
- Arraixua! Aipu erudito BAT harrapau juat!! 158 orrialdian, "Ero maite beti amorE" letrakartelan ondoko testuan. "Amodioa zoro da beti amoraduen artean..." aipua, Eibarko 1685eko bertso zaharretakua da. "Contu barri bat susedidu da..." hasten dana. Baiña idazle jostarixan kamuflauta emoten jok, "Adarrak emaiten dira Miraballesen" izenburuakin.
- 101 letrakartel, 102 historia. Ipoin liburuetan legez, ixa bakotxak mereziko lajeukek iruzkiña. Klabe askotan jotako "musikia" izanda, edozeiñek bere neurriko "kania" topatzen jok ateburuan. Esan gura juat: letrakartel askok, edo eurei laguntzen detsen testuak, barruko fibrekin resonatzen juek, eta begixak itxitta eta pentsamenduan lagatzen habe. Oso ederra dok.
- Asko gozatzen najabilk liburuan irakorketia. Palindromo ixa guztiak dittuk txapela kentzekuak (normala, onenen aukeraketia dok!), baiña batzuk... jenialak. Ilustraziño bakotxak be bere “zera” jaukak, eta testu aukeraketiak, gustora pentsatzen eta bigurguniak asmau nahixan irribarrez lagatzen gaittuk. Berbetan egon giñanian, Josebak pajinaren bat erakutsi jestan, adibide modura (Manu Sotarena, txarto gogoratzen ez badot: atentziñua deittu jestan bere gutxiespenan bidegabekerixia nabarmendu zebala, jeltzale izatiari egotzitta) eta azkenian galdetu najeutsan: “baiña hau zeiñek idatzi dau? Markosek, zeuk...?”. Orrialde horretakua aklarau jestan, baiña baitta be, irribarre bigurriz, liburua halako trikimailluz jositta dagola, apropos benetako eta asmautako aipuak ezin bereiztu ahal izateko (kontrastatze-lan monumentalakin ez bada). Horrenbestez, ixa eziñezkua dok Markosen eta Josebaren ekarpenak eta juan-etorriko hitz jolasak bereiztia: zihero txirikordatuta jagozak. Zelako ederra, eta gozagarrixa.
- Eta bueno: oin liburuan alde ludikua datork, "101 Letrakartel". Quino-n komikixak legez, dosis txikixetan hartzekua, bakotxan ostian bihar dan beste hausnartuta. Markosen "Ermuko Espirituan" zelebraziñua!
- Oin pentsatzen hasitta, Markos ni baiño urte bi gaztiagua izanda, seguru nagok Institutuan kointzididu genduala. Baiña batetik edadia, eta bestetik gaztelerazko lerrokuak euskerazkuekin asko nahastatzen ez giñala (“los kaixos” esaten gentsen), ba ez juat gogoratzen. Eta, Tonoren ikuspegi soziologiko kaletarran harittik, nere inguruko panorama linguistikuakin be pentsatzen hasi nok:
• EGB osua gazteleraz egin najuan nik. Eta BUPera juanda be, segi: nere kurtsuan euskaldun nahikotxo jeguazen, igual %25a bai. Ni bertan nenguala, esperimentu bat hasi zuan: “euskera” ikasgaiko klasiak bikoiztu egin jittuezen. Bata normala zuan, erdeldunendako; eta bestia aurreratua, euskaldunondako. Euskaldunoi aukeria emoten jeskuen: normalera, edo aurreratura juatia. Gehixenok azken honetara apuntau giñan, nahiz eta batzuk normalera juatia aukeratu juen (gainditzeko errezagua zalako, noski).
• Konturatuta najenguan, halan be, euskerazko lineako askok be ez zebela euskeraz egitten euren artian. Ulertzekua dok: kalian genkan girua total erdelduna izanda, errezena zuan hori, ez bazeguan bestelako motibaziño sendorik.
• Nere kurtsoko euskaldunokin (eskolan zein institutuan), nik beti harremana erderaz egin izan najuan, harik eta 18 urte bete arte (1990). Hortik aurrera, kanpora ikastera juatiak, eta Eibarren bizi izan zuan euskal susperraldixakin (Eta Kitto elkarte/aldizkari sortu barrixan orbitan, batez be), kontzientzia pizkunde bat ekarri jestan, eta euskeraz gehixagotan eta jente gehixagokin egittera bultzatu ninduan. Institutoko kriptoeuskaldunotako batzukin barne, gaur arte. - Bajakixat nere ikuspegixa ezin dala objetibua izan, Markos ezagutzen nebalako (oso gitxi! ikusten nabillenangaittik). Sarrerako testuak, baiña, barrua mobidu jestak, zelan gaiñera, Eibarko nere aldi aktibuenian sartu nabelako bete-betian. Aldi horretan, Ermua eta bere mobidillia erakargarri bihurtu jakun, eta beraz historixan aittatzen dirazen leku eta jente asko ezagutzen jittuadaz (Zuloa, Tono... Santi Sarmiento bera!!). Ordurako Markos buruko arazuekin hasitta jeguan -nik ez najenkixan hori- eta nik bere bertsiño potolo eta geldua ezagutu najuan, baiña beti maitagarri. Jente askok maittatuko juan Markos kontizu: izan be, bere aurreko historia trukulentuari buruz nik ez najuan sekulan tautik entzun kalian, ez Eibarren eta ez Ermuan. Badakigu herri honetan txutxumutxuak eta jentia larrutzia zenbat gustatzen jakun, ezta? Ba txalo bero bat bere inguruko jente guztiari, halan jagotiangaittik. Hori be bihotz-berogarrixa dok. Egin kontu, Puto Amoak Matematiketan taldian izenan jatorrixa ointxe ikasi dotela! 😄
- Beste ohar bat: oso deigarrixa egin jatak Ermuko erdal giruan euskerian "berpizkundian" kontakizuna, Ego Ibarreko beste herrixen kasuan be (Eibar barne) hitzez hitz aplikau leikiana. Sekulan etxuat halan formulauta ikusi, Karibeko extraterrestre bat etorri bihar izan dok gure buruan gaiñeko ikuspegi hau hartzeko. :-) Tono Fernandezen kontakizuna bereziki argigarrixa dok:
"Gutako bakoitzak bazuen bere familia-kultura, eta penintsulako herri urrunetatik ekarritako argot eta lokalismoek arrakasta izaten zuten Ermuko kaleko gure Babel oilategian. Gaztelania diferenteak egiten ziren, nahaste aberatsean, Euskaldunak biztanleriaren ehuneko 15 edo 20 baino ez ziren izango; extremadurarrak, zamorarrak edo Burgosekoak bezainbeste gutxi gora-behera.
(...)Gazteok oso inportanteak izan ziren herriko euskararentzat. Jatorri ermuarreko mutil eta neska zoragarriak zeuden herriko taldeetan, eta etxean euskaraz hitz egingo zuten, baina kalean gaztelaniaz. Haietako batzuk ikastera joan ziren gero, eta konturatu ziren euskera zekitela eta ez zutela erabiltzen. Arraroa zen, eta erabaki zuten kalean ere euskaraz egitea beraien artean eta besteekin, denok genuelako euskera herdoildu bat edo genekizkielako oinarrizko hitz batzuk, eta haiei esker hasi zen euskara berriro entzuten Ermuko kalean, euskaldun askok imitatu zietelako. Eta beste batzuk ikasten hasi ziren errazago hitz egin ahal izateko, eta asko joan ginen Euskaltegira, berba egin nahi genuelako, eta kalean entzun ere egin nahi genuelako.
Eta meritu handikoa da Ermuko euskal unibertso horren eragina, berpiztu zutelako oso zimeldurik zegoena. Ermuko euskaldunak jende zoragarria dira, eta euskara oso ondo etorri zen beste udalerri batzuetako euskaldunekin lokarriak egiteko ere. Globalizazioa izan zen, ze garai hartan Ermua Riaño txiki bat zen Euskadiren barruan, eta kanporan aldiberean. Galiziako bosgarren probintzia zen, Euskadiko hiru hiriburuetatik distantzia berean, hiruretatik urrun. Globalizazioa izan zen, euskara berriz erein zuten euskaltzale haiei esker birsortu da euskara Ermuan orain 30 urtetik hona.
Giro oneko istorioa izan da euskararena: balio handirik ez zuela zirudien hizkuntza, bokazio eta zaletasun bilakatu zen askorentzat, Markosentzat esate baterako. Euskara zabalkunde kulturaleko plataforma bihurtzeak identitatea eta argi handia eman zion hizkuntzari, eta apur bat noraezean zebilen jende askok aurkitu zuen hor elkartasuna, mundu atsegina zelako eta ez konpetitiboa. Horrela iruditzen zitzaidan behintzat niri". - Zelako lurrikara emozionala, "Autore Erotua" atala irakorritta. Ez juat pentsau nahi bere lagun miñak sentiduko dabenakin... Baiña poza, poz haundixa bebai. Esan najetsan Josebari berari: zenbat poztuko litzaken Markos, bere biharrakin egin dozuena ikusitta.
- Bufa, zelako zirradia. Ezin lagata najabik, lehelengo zati biografikua. Nik Markos 2000 inguruan ezagutu najuan, eta ez najenkixan e-zer-txo-bez hamen kontatzen dirazen bere aurreko urtieri buruz. Zelako gustora emongo netsaken besarkada haundi eta ixil bat.
- Hau ete dok Sarrik Euskal Herrixan ondutako lehen idazlana? Markosengaittik poza, eta "zelebrazio" hitza dok behin eta barriro burura datortena, bere jenialtasuna deskubritziakin batera. Bizi zala ez genduan bihar zan beste estimatu, jenio askokin gertatzen dana. Irribarrez txipristintzen ginttuan. Baina hasieran esandakua: zirraragarrixa dok, baitta be, Joseba Sarrionandiak bere itzulera ostian eguneratzeko Markosen "gure mundua", Ego ibarrekua, erabilli izana. "Ez dut liburu hau idatzi banekielako, baizik eta ez nekielako. 1980an joan nintzen hemengo egunerokotasunetik, 2021ean itzuli naiz, beraz ez nuen ia ezer ezagutzen Markosen garaiaz. Idatzi ahala ezagutu dut Markosen bizitza eta beste askorena. Zirraragarria egin zait, horiei ere garai interesanteak tokatu zaizkie (Slavoj Žižek filosofoak esaten zuen: "Baten bat benetan gorrotatzen baduzu, maradikazio moduan esaten da Txinan: "Garai interesanteak bizi ditzazula!", gerra eta arazo larrien sasoiak direlarik interesanteak"). Iruditzen zait Markosen eskizofrenian belaunaldi baten ibilbidea irudikatzen dela, baina hori irakurleak esango du (ea ispilutzat har dezakeen datorren "hizpilua")".