Eskandinabian barriro!
Kontakizun biribilla, asko gustau jatak. Emoteok apropos nabillela, azkenaldixan Escandinavia aldetiko gauzak irakortzen, baiña ez: kasualidade hutsa dok. Biharrian lez, han be halakuak etortzen jakuz: tenporada baten, dana sorbaldeko tendinitisak; hurrenguan, danak belaunekin...
Badirudi idazle honek –ogibidez medikua- Noruegako jentian artian bizi izandakuen esperientziekin idatzi zebala hau. Laburbilduta, hauxe dok nobeliak kontatzen dabena: Noruegara aldatutako frantses prototipikuak, noruego artian dittuan arazo nagusixak, batez be maittasun kontuetan. Hori guztihori 1920 hamarkadan. Ederra dok, eta oso kuriosua, jentian izaeriari buruz egitten daben azterketia: umorez, kultura bixak kontrajartzen jittuk, neretako hain arrotza dan eskandinabiako jentian muiñera hurreratuz. Noruegako neska atletiko, zuzen, pizkat zazkarrak; ezkontzeko eta banatzeko zaletasuna; okzitanua ikasten diharduan norvegiarran pasartia... Umorez baiña errespetuz (Jules Vernekin alde ederra); eta frantsesei be beriak eta bi emonda, norbere buruari barre egittian ariketa sanua praktikauaz (amor libria aldarrikatzen ibilli eta gero, ekintzarako ordua allegatzen jakonian gure latin lover frantsesa kikildu egitten danian, adibidez). Hau guzti hau parodia eta esperpento klabian kontau zeikian, igual horixe dok arruntena; baiña etxok hala egitten. Tonua jaso barik, elegantzia haundixakin, historixian alderik zazkarrenak be luma fiñez emoten jittuk, irakortzeko oso era atsegiñian.
Kaletik nindoiala (horretarako erabiltzen jittuadaz nik hónek miniliburuak, poltsikuan eruateko errezak), barre-karkaria etara jestak behiñ baiño gehixagotan, eta hori asko baloratzen juat nik liburu baten. Gustora irakorriko najeukek Bedel honen gauza gehixago.
Eta oiñ interneten begiratzia tokatzeok. Sekula etxuat idazle honi buruz ezer entzun, eta seguro betikua pasatzen dala: ¿baietz nazixen aldekua edo petainzalia izan, eta horren ondorixoz ahaztuta geratu, halako bilduma frankistetan bakarrik argitaratua izateko?
(begiratu eta gero)
Ba ez da halan kontizu. Bere biografiak meheiak dittuk, ixa famelikuak, bizitza profesionala justu-justu aittatuta eta batez be ekoizpen literarixuan zentrauta. Nere liburuko prologo-idazliak emondako datu pare bat (interneten ikusi ez dotena): 1914ko Gerla Handian amaieran Noruegan ibilli zan mediko lez, gero Legiñuan Maroko partian, eta gero Noruegara bueltau zan, herri honek asko tiratzen ei zetsan eta. Igartzen da, bai, ironia guztien azpixan Noruegari benetako maittasun moduko bat.