Erregiandako arnesik egin nahi ez
XIX gizaldi erdikaldetik aurrera aldaketa sakonak gertatu ziren Euskal Herriko egitura ekonomikoan. Ordurarte nagusi zen Erdi Aroko ofizioen sistema industria ekoizpen berriak ordezkatu zuen. Aldaketa progresiboa izanagatik traumatikoa ere izan zen: ordurarte beharginak gremioetan antolautako artisauak ziren, ikasle eta maisuen arteko harremanarekin-eta; tailarrak handitzearekin batera, ostera, lan egiteko era aldatu eta esplotazioa ere agertu zen. Proletariatu berria ugaltzearekin batera “egunsenti soziala” ere ezagutu genuen Euskal Herrian, Toribio Etxebarriak ezin hobeto azaldu zuena (1).
Gaur ekarri dugun artikulu hau testuinguru horretan argitaratutakoa da, hain zuzen ere. Labairu historialari famatuak aktualitate biziko gaiari heldu nahi izan zion nonbait, eta bere erara egin zuen: orduko greba eta gatazken aurrekari bat gogora ekarrita, noizkoa eta 1499koa (testuaren hasierako esaldi mehatxugarriari erreparatzen badiogu, ez dirudi bere sasoiko egoerarekin oso konforme zegoenik -karlista zela kontuan hartu behar da-).
Labairu, Erronkari eta Bilboko gurasoen semea, Filipina uharteetan jaioa zen (2). Halere gazte-gazterik etorri zen Bilbora, eta abade ikasketak egin ostean kazetaritzan aritu zen, historiarekin lotutako idazgaietan nabarmendu zelarik. Bere ibilbidean zehar artxibategi publiko zein pribatu asko arakatzeko aukera izan zuen eta horrela atera zituen argitara hainbat eta hainbat dokumentu ezezagun.
“Sobre huelgas” izenburuko idazki honetan (jatorriz “El Basco” aldizkarian argitaratu zena), Labairuk Simancaseko Erret Artxiboan aurkitutako gutun baten berri ematen digu. Fernando eta Isabel Espainiako errege katolikoek sinatzen dute, eta Bizkaiko bere funtzionario nagusiari (Korregidoreari) eta Markinako Alkateari zuzenduta dago, armagin eta olagizonen artean sortutako desadostasunean bitartekari lana egin dezaten.
Antza denez, Juan Pedro Milan eta beste maisu armaginek Errege Katolikoen kontinoak (3) arnesez hornitzeko esleipena hartua dute, arnes bakoitza 16 dukatetan egiteko konpromezuarekin. Ez du detaile askorik ematen, baina badirudi burdinoletan aritzen diren olagizonekin (ofizial eta peoi) prezioetan adostasunik ezin lortuta dabiltzala, eta honen ondorioz arnesen ekoizpena geldirik dagoela. Milan eta beste armaginek erret funtzionarioen laguntza eskatzen dute arazoa konpontzeko.
Gutun hau eskari horri emandako erantzuna da: Isabel eta Fernandok bitartekari lanak betetzeko ardura ematen die Korregidoreari eta Alkateari, produkzioari lehen bait lehen ekiteko aginduz. Auzia nola amaitu ote zen? Hori ez dakigu.
Hemen duzue artikulua eta dokumentuaren testua.
Jatorrizko dokumentua:
- LABAYRU, Estanislao Jaime. 1891. Sobre huelgas. Euskal-Erria Revista Bascongada XXIV:520-522. Donostia.
Dijitalizazioa:
Sancho el Sabio Fundazioa 2011. http://hdl.handle.net/10357/2813
Aipuak:
(1) ECHEVARRÍA, Toribio. 1949. Viaje por el país de los recuerdos. Eibarko Udala, 2005.
(2) Auñamendi Eusko Entziklopedia. http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee83883
(3) Guardia Real. Al servicio de la corona. http://www.guardiareal.org/historia/resena/