Eguzki arraixuak oratu nahixan
Horrekin batera, alfonbra-ertzetako pelusak, entxufe misteriotsu-erakargarri-bildurgarrixak (korrientian ostikadia...!), zokalo-azpiko arrakalak (masmak!)... danak, esandako lez, 50 zentimetrotako mutiko batek bere begi parian ikusten dittuanak.
Argi izpixei be orduan erreparau netsen; ez lehenago (jakin ez), ezta geruago be (interesik ez); ordukua da dakaten errekuerdua, udabarri-uda parteko arratsalde isilletan (bestiak siestan?), lurrian jarritta eta leihotik arraixo diagonala alfonbrara. Eta arraixuan barruan flotian, hautsa: hari txikixak, ume baten mikrounibertsoko astro eta planetak. Nere esku txikixa be ikusi neike ixa-ixa, izpittik pasau (eta gorrittu, eguzkixak okela meheia traspasatzian) eta hauts-aliak dantzan, aidezko zurrunbilluan bueltaka, ezin hartu.
Baiña oiñ konturatu naiz esku txiki hori ez dala neria; Tomaxeri begira nenguan bakarrik... Bere jolas bakartixan nere burua ezagutu dot oin dala 38 bat urte. Garuneko errebueltaren baten fosilduta nekan irudixa.