Dinbili-danbala-klinkiti-klank
Urtian behiñ, Lekeittioko talde batek “Zeresana Eguna” antolatzen jok. Bere sasoian aldizkari-fanzine izandakua, gaur egunian webgunia dok batez be, eta bertatik “beti-gazte” batzu herriko gazterixa epela mobilizau nahixan ibiltzen dittuk urte osuan zihar. Bihar gatxa, orraittiok, eta esker txarrekua; neretako gura ez dotena, behiñipeiñ.
Baiña ez neiñ gaittik desbiderau (enkartelada, manifa eta trikipoteuekin sartzen banok, etxuat-eta hortik urtengo) eta harira: aurreko egunian plazan montau zeben jaialditxuan ikusittako detalle txiki baten fokatuko juat bistía, nere miopia panoramiko ezaugarrixakin.
Arratsaldia, gazte asko plazan zihar, ointsu bazkaltzen egon eta gero handik eta hona jabizak animaziño desbardiñen gunien artian. Háretako batek eskuan dakan sardau-baso fiña lurrian laga jok, “en medio de ninguna parte” plaza zabalian abandonauta, pasiuan dabillen jentian hanken artian.
Ha beste jolasgune batera juan dok eta, jakiña, berandako desagertu dok edarontzixa. Sasoi bateko arrantzaliak kareletik zaborra botatzian lez: ¡flap! zaborra bolatilizau. Baiña han geratu dok ha.
Ez dok denpora asko pasau, gazte iraultzaille saldua basua dagon lekutik pasau dan arte. ¡Tak! hanka puntiakin jota, hantxe juan dok sardau-basu fiña, dingili-dangala, bueltaka, txilin-soiñuan osteko kraskadia noiz entzutzeko zain gagozela. Baiña ez dok hausi.
Kuadrilla horretako mutil bat edarontzira makurtu dok zorixonez, handik kentzeko asmotan edo. Ez ba: lagunekin darabixan barriketaldixa eten barik, tente ipiñi eta ¿aurrera etxok egin ba, basua lurrian lagata?
Detalle txiki bat zuan: plaza zaratatsuan erdixan iñor gitxik erreparautakua, baloia hara eta bizikletia hona, umiak antxitxiketan... Iñok etxakak begirik danerako, bakotxak interesatzen jakonandako bakarrik: eta lurretik tatarrazian dabizen umiak jagoten dabixana be, halako gauzei erreparatzeko joeria jakak kontizu.
Ez zittuan minutu bi pasauko, basuak hurrengo ostikaria jaso arte. Klinki-klan-kataklank.... oinguan be osorik, edarontzi sendua benetan. Ba, horra, ostiko-jabiak erantzun bera: tente ipiñi bertan, eta segi. Eta hirugarrengo bat be etorri zuan, barriro gauza bera eginda...
Jarkera xelebria benetan. Basua lurretik bueltaka ikustia larregi ei zuan gazte “iraultzaille” háren begixetarako: horregaittik ipiñiko juen tente, diñot nik. Halan be, hori nahikua zuan, kontizu, euren izpiritu zibikua baretzeko. Iñori etxakon okurridu be, gero, basua hartu eta handik kentzia, tabernara edo baztar batera eruanda.
Neuk be eruan neikian, jakiña: baiña begira geratzia aukeratu najuan, “Ia zenbat bidar egitteko kapazak dirazen” pentsauta. Baiña azkenian ez zuan asko luzatu: jardunaldixotan partehartzen ziharduen “beti-gazte” bat (ume txiki biren ama, bera) izan zan basua hartu, eta antolakuntzako lekura eruan zebana.
Ipoiñ afrikarrak legez, honek kontakizunak etxakak moraleja biharrik.