Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua / Despotismo Ilustraua

Despotismo Ilustraua

Oier Gorosabel 2016/10/20 21:20
Lekittoko Eskola Publikuan, zuzendarixan eta Guraso Elkarteko kide batzuen artian izandako mobidian gaiñeko nere iritzi pertsonala.

EGUNERAKETA 1:  Batzuei etxake gustau asunto hau publiko egittia. Horren aurrian pare bat gauza daukat esateko:

  • Gauzak “barrutik” konpondu nahi, eta erantzuna isolamendua eta azpi-jana danian (dimisiñora bultzatzia), ez dala beste alternatibarik gelditzen. Ondarruko Udalak badaki hori.
  • Ikastolako jentia: ez euforiko jarri. Trapu zikiñak etxe guztietan dagoz (zuenian bebai) eta batzu “ikastola vs. eskola” lehian bentajia hartzeko aprobetxatzeko tentaldixa izango dozue. Auzi honek ez daka lehia estupido horrekin zerikusirik.

*****************************************************************************************

Modu marjinalian jarraittu badot be, Lekittoko eskolako Guraso Elkartiak eta Zuzendarixan arteko mobida honetan faktore argi batzu ikusi dittudaz:

  • Zuzendarixan aldetik, idea pedagogiko bikaiñak, baiña... “dena herriaren alde, herriarekin kontatu gabe”. Guraso Elkarte burujabia ez da bere plan perfektuan sartzen.
  • Nepotismo eta klientelismua. Oso deigarrixa da kontratautako jentian artian dagon seme-alaba, loiba, koiñatu eta lagun kopurua.
  • Extraeskolarretako premiñen arabera soluziñuak billau biharrian (langilliak kontratatzia), gauzak aldrebes egittia: langille hauek kontratau nahi doguz, beraz extraeskolarrak hori lortzeko antolatuko doguz.

Oker egon neike, jakiña. Baiña hori da nik, guraso moduan, hartu doten inpresiñua. Gustora entzungo neuke kontrako ustia dakan jentian iritzixa...

Hau idaztia pentsau badot, atzo gutun hau jaso ostian izan da.

 ************************************************************************************************************

Kaixo,
Lekeitioko Herri Ikastetxeko Guraso Elkarteko hiru kide gara. Aurreko ikasturtean eskolako zuzendariarekin eduki ditugun desadostasunengatik gure dimisioa aurkeztu dugu. Erantsitako dokumentuan, gure dimisioaren arrazoiak hobeto azaldu ditugu. Ea zuen interesakoa den.
OHARRA: zuen helbideak, eskolako zuzendaritzak askotan bidaltzen dituen email masibo horietako batetik jaso ditugu, helbideak gordean bidaltzen ez dituen horietako batetik. Ez luteke horrelakorik egin behar. Baina, egia esan, guri orain ondo etorri zaigu zueri mezu hau zabaltzeko. Mezu hau bidali bezain laster, zuen helbide guztiak gure kontaktu karpetatik kentzera konprometitzen gara. Eta baita sortu dugun kontu hau ere, betirako ezabatzera, behin zuen erantzunak jaso ondoren.
Barkatu eragozpenak.

XXX bokala

YYY diruzaina

ZZZ idazkaria

 

Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko

hiru kideen manifestua

 

Kaixo, guraso hori:

Gogoan baduzue, iazko azaroan egin genuen batzarrean, kuoten sistema aldatu behar izan genuen, legeztatzeko bidean. Bazkideentzako 30 euroko kuota kalkulatu genuen, eta EKEetarako bi kuota jarri ziren mahai gainean. Gurasoek, beren iritziak eman ondoren, kuotetako bat, bozkaz onartu zuten: 150+30 bazkidetza. Kuota garestitzen zenez, batzar haretan, gurasoen aurrean konprometitu egin ginen, beharrezkoak ikusten genituen murrizketak egitera, kobraketen gestio zorrotza egitea -galerarik egon ez zedin- eta kurtso berri honetarako kuota gutxienez mantetzea, eta gainera, ahal bazen, merketu ahal izatea.

Eta lan horretan hasi ginen. Lehenengo eta behin, Guraso Batzar Orokorrean azaldu eta onartu zenari jarraituz, elkarteak koordinaziorako dituen langileei ordu bat murriztu genien: hiru orduko kontratua egin zitzaien azkeneko urtetan, guraso elkarteko zuzendaritzan kide gutxiago zirelako, baina aurten guraso elkarteko hiru kideek disponibilidade gehiago genuenez, guk hartu genuen gestio lana, eurei koordinazio lana utziz. Eskolaz Kanpoko Ekintzak (EKE)-ko taldeak eginda zeudenez, begiraleak mantendu egin genituen. Horretaz gain, langileen kontratazioen kudeaketa (kontratoak, nominak, Asegurantza Sozialarekiko gestioa...) herriko asesori baten esku jarri genuen.

Gastuak murriztu eta egokitzeaz gain, EKEak rentableak ziren edo ez jakiteko, zenbakiak egiten hasi ginen. Rentabilidade taulak egin ondoren, EKEak ez direla errentagarriak ikusi genuen. Elkarteak ez dauka irabazi asmorikan, baina, EKEak galerak ekartzen zituzten, eta hori, bazkidetza sistema-berriarekin, ezin zen soportatu. Aurreko urteetan, guraso guztiek (EKEra apuntatzen ez zirenek ere) denek kuota ordaintzen zutenez, horregatik ez zen galerarik sortzen, baina ez zen errentagarria. Gure ustez, eta aurreko Batzarraren erabakiari jarraituz, guraso elkarteko funtzionamendua bermatzeko gurasoek bai aportatu behar dutela, horretarako dira bazkidetzako 30 euroak. Baina EKEak, EKEak erabiltzen dituen gurasoek ordaintzea litzateke, egokiena.

Gurasoen benetako parte-hartzea

Bestalde, EKEak zein helburu duten berpasatu behar zela konturatu ginen. Guraso batzuentzako: EKEak, emaitza akademikoak hobetzen laguntzeko gunea izan behar dute, eskolako arloak indartuz: informatika, ingelesa... baina beste batzuentzako, EKEak aisialdia dira: haurra egon dadila lagunekin jolasten, begiraleek ondo zainduta. Guraso askok EKErako idea asko eman izan digu, eta bertan aportatzeko guraso asko dagoela konturatu gara. Gure ustez, guraso elkarteak partehartzailea izan behar du, eta gurasoari aukera eman behar zaio eskolan lan egiteko: musutruk, gu aritzen garan gisan, edo baita diru-truke ere, ahal bada, konpromisu zehatzak eskatzen bazaizkio: begirale gisa, gestioan, koordinazioan, aholkularitzan... berak dakien moduan aportatzearen truke. Baina beti ere, ezinbesteko baldintzarekin: guraso izatea. Gurasoak baitira, eskolaz kanpo, gurasoen eta umeen beharrak zeintzuk diren, egokien dakitenak. Gurasoek eta beren seme-alabek ia 10 urte pasatzen dituzte eskolan: esperientzia hartu eta besteei irakasteko denbora soberan dago. Gestioan kontinuidadea bermatuz.

Honekin batera esan nahi dugu: gaur egun ditugun langileak ez direla gurasoak, baina bere garaian bai izan zirela, eta bere garaian eurak ere egin zutela lan musutruk. Lan hori, gure aldetik, beti errekonozitu izan zaie, baina gure ustez, beste eskoletan bezalaxe; guraso elkarteko kideek rotatiboak izan behar dute: musutruk lan egiten dutenak eta baita remuneratuak ere. Umea eskolan dagoen bitartean izan leike guraso elkarteko kide, eta gure estatutuetan ere, halaxe dago jasota.

Lehengo haria hartuz, errentegarritasun eta helburu zehaztapen hori falta zela eta, kurtsoan zehar, gurasoei inkesta bat pasatzeko edo batzartzeko asmoak genituen. EKEak berriro berplanteatzeko: gure ustez, helburu guztiak bete bailitezke, era merkeagoan gainera. Horretaz gain, gurasoen artean, lan-poltsa bat egiteko deialdia ere egin nahi genuen: bakoitzak bere aportazioak eta trebeziak eskolan eskura jartzeko. Baina aurten kuota hiru zatitan kobratu behar izateak, eta gestioak eman digun lanangatik, ez digu denbora eman gurasoengana jotzeko.

Zuzendariaren interbentzioa

Horretan ari ginela: zuzendariaren deia izan genuen. Zuzendaria gure erabakien gainetik jarri zen, eta esan zigun Guraso Elkarteak ezin zituela EKEak gestionatu. Hori eskolan lana zela eta gestioa Guraso Elkarteko bi langileek egin behar zutela. Guk elkarteko beste lanetara dedikatu behar genuela: hitzaldiak antolatu e.a. EKEak, beti eskolak antolatu izan dituela eta ez daudela gure esku. Gu, zur eta lur geratu ginen: nolatan ez genekien guk hori, hainbeste urte EKEak antolatzen aritu eta gero? Ez al ditu ba Guraso Elkarteak kontratatzen koordinatzaileak eta begiraleak? Eta are gehiago, ez al dute ba gurasoek, urtea joan, urtea etorri, kuota ederra ordaintzen EKEak antolatzeko?

Zuzendari jaunari esan genion, gure ustez, Guraso Elkartearen lana dela bai berak esandako lanak eta baita EKEak antolatzea ere, beste eskoletan ere halaxe izaten dela. Eta gure ustez, gurasoek gestionatu beharrekoa dela gainera. Ordura arte, kurtsoan zehar, Zuzendariarekin, ikuspuntu ezberdinak zirenean ere, konpondu izan ginen, baina puntu hau, ez zuen onartzen. BIGEra jo genuen, informatzera, eta eurek guk uste genuena baieztatu ziguten: EKEak Guraso Elkarteak gestionatzen dituela.

Azkenean, zuzendariari, halaxe esan genion: EKErako dirua jartzen dutenak gurasoak dira, beraz, ez zuzendaria eta ez guraso elkartea ez da inor hori erabakitzeko. Baldin badago beste guraso bat, Zuzendariaren iritzi bera duena, ekar dezala Batzarrera, mahai gainean jarriko ditugu bi ikuspuntuak eta bertan erabakiko dute gurasoek, zein motatako Guraso Elkartea nahi duten: gurasoek gestionatutakoa edo, eskolak (zuzendariak) gestionatua, gurasoen diruarekin.

Horretan geratu zen gaia. Baina guk lanean jarraitu behar genuen, ekaina zen eta kurtso honetako EKEak antolatzen hasi behar genuen: taldeak nola koordinatu ahal zen errentagarriena izateko. Taldeen eta begiraleen taulak eskatu genion langile bati eta ukatu egin zen ematera: informazio hori guztia 'berea' zela esanez. Handik egun batzuetara beren ordenagailuetako pasahitzak aldatu zituzten, guraso guztiena den informazioa ezkutatuz. Karpeta komun batera pasatzeko eskatu genien, ez beren dokumentazioak, baizik eta Guraso Elkartearena zirenak, eta ukatu egin ziren.

Gu, saiatu gara, aurten EKEak martxan jartzen, Batzarrean erabakitzen dena erabakitzen dela ere, ez genuen nahi utzi lan hori zintzilik. Horretarako, bi langileak kontratatu behar izan ditugu: informazioa eskura ez genuenez ezin baigenuen ezer prestatu. Rentabilidadea kalkulatuta genuenez, EKEtan 15eko ume-taldeak egiten saiatzeko eskatu genien, gure aurrekontuaren arabera, galerik ez izateko eta kuota garestitu behar ez izateko. Bitarte horretan, koordinatzaileei azaldutako direktrizak ez zirela betetzen ikusten hasi ginen, ez dakigu seguru noren iniziatibaz, eta horren aurrean, guk Guraso Elkartean funtzionamenduan eta ekonomian gertatuko zenaz kontrolik ez genuenez, ezin dugu ziurtatu, guk aurreikusitako aurrekontuak, beteko diren edo ez. Guk, gure aldetik, urtean zehar egindako lana, Guraso Elkarteko beste kideen eskuetan utziko dugu: guk egindako lana izan da, baina ez 'gurea', zuek danona baizik. Beraz, informazio guztia hortxe edukiko dute, beren lana oztoporik gabe egin dezaten. Izan ere, guk eduki dugun desadostasuna eta ez konpondua, zuzendariarekin eduki dugu. Talde berria, uste dugunez, geroztik hasi da lanean.

Erabaki dezatela gurasoek

Zuzendariari esan genion bezala, gurasoek ekartzen zituzten proposamenak jarriko genituen mahai-gainean, eta gurasoek, zuek, aukeratu. Gurea badakizue zein zen, eta ilusio haundia genuen, Guraso Elkarte partehartzaile bat bultzatzeko. Baina zuzendariak berak esan zigun: ez zegoela ados gure proposamenarekin, eta bazekiela zeren kontra egin behar zuen. Gu, Guraso Elkartean, gurasoen ordezkari izateko eta zuen interesak defenditzeko hasi ginen lanean. Ahalegin guztia egin badugu ere, baleike gauza batzuk ez ongi egin izana, beste batzuekin akaso asmatuko genuen, baina zuek baloratuko duzue hori. Baina argi duguna da, gure indarrak gure seme-alabak hazitzen eta hezitzen jarri nahi ditugula batez ere, eta Ikas Komunidade honetan, gure umiei, “ez burla, ez jo, elkarrekin ondo” erakusten ari garen bitartean, guk ez dugu nahi inorekin borrokan aritu.

Beraz, gurasoak, zuen eskutan geratzen da zer nahi duzuen. Erabakitzen duzuena erabakitzen duzuela, beti izango da zuen umeen alde, beraz, ez duzue kezkatu beharrik. Gestio bat eduki edo bestea eduki, elkarrekin ordu asko pasa behar ditugu hemen: guraso, ikasle, irakasle, langile... izan gaitezen elkarrekin ondo!

Mila esker: guraso guztiei, modu batera edo bestera laguntzen duzuen guztioi. Urteroko ekimenetan laguntzera apuntatzen zareten guztioi. Gure proiektuan sinistu eta nahiz eta zuen umeak EKEra ez joan, bazkide egin zareten guztioi, asko izan zarete eta. Eta mila esker baita ere hemendik, begirale guztiei, umeetaz hain ondo arduratzeagatik.

Esan bezala, gu laguntzera sartu ginen Guraso Elkartera, eta ez zuzendariarekin borrokan ibiltzera, beraz, hementxe bukatzen da gure urtetako lana. Honegatik, guztiagatik, hementxe aurkezten dugu gure dimisioa.

 

XXX diruzaina

YYY idazkaria

ZZZ bokala

 

P.D.: Hau jakina, gure eskutik kontatutakoa da. Idatzi honetan zuzendaria eta koordinatzaileak aipatzen direnez, euren bertsioa entzutea ere komeni izango da. Eskatzen badiozue, seguru horretarako prest egongo direla.

etiketak: irabiaketa, lekeitio
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024