Beste porroustada bat (kalzarp hussein ol'times)
Berritxuko baltzen albistia irakorritta (eskualde osoko senegaldarren arteko foball ligatxuan irabazle urten ei dabela, eta garaikurra Udalari emon detsela), lehenago eta oingo etorkiñen arteko desbardinttasunak etorri jataz gogora.
Ez dakitt beste sasoietan; baiña 80 hamarkada hasieran behintzat, gallego eta andaluzak marjinalak ziran Eibarren. Nekez ulertu leike zelan izan zeikian marjinala populaziñuan ehuneko haundixa osatzen zeban talde bat, baiña hala zan nere ustez. Etorkiñetaz desprezioz berba egitten genduan, ikasgelan esate baterako ondo kontuan hartzen zan (umien artian, esan gura dot) ikaskidien jatorrixa. Ez apartheid estiluan: danok danokin jolasten genduan, eta baztartu ez zan iñor baztartzen; nere lagunik onenetakuen artien jatorrixa gogoratzen, burura etortzen jataz galleguak, portugesak, Marruekoseko bat eta kastellanuak (izen generiko honen barruan beste guztiak sartzen ziran). Halan be, gauza natural moduan hartzen genduan: etorkiñak etxe pobrietan bizi ziran, batzu ixa txaboletan (markautako auzuak zeguazen: Millafros, Matxarixa, Muzataixa, Legarre goikaldia, Ubitxa... eta neurri txikixago baten Urki, Amaña...), zikiñak eta usain txarrakin etortzen ziran... Dana esan bihar da baiña: etorkin aberatsak be ba zeguazen, eta gaur egunian gertatzen dan modura estatus altutxua zekenak kamuflau xamarrak geratzen ziran (morua pateran edo mercedesian etorri, harreria be halakua); eta euskaldun pobriak –hórrek be ba genkazen-eta- etorkiñak besain markauak zeguazen, markauago ez bazan.
Testuinguru horretan, pentsaueziñezkua begittanduko jatan estremeñuen arteko foball ligan, Eibarko taldiak Udalari garaikurra emotia. Esandako moduan, etorkiñen eta bertakuen munduak aparte zeguazen (umiak kenduta; hau izango zan gerora etorri dan nahaste kulturala ahalbidetu eta prestijiau dabena) eta etorkin gehixenak ghetto-bizitzia aukeratzen zeben; eta bestetik hamengo jentiak be ez zeban ahalegin berezirik egitten eurengana hurreratzeko. Gehixenak interes faltiangaittik; eta interesa euki zeikienak, nahikua buruhauste zekelako euskalgintzan.
Halan, orduan pentsaueziñezkuak ziran gaur eguneko euskal-flamenko edo runbak; folk galiziarrakin harreman estua; galleguen olagarro festak herriko plazan, edo Lea-Artibaiko senegaldarren urteroko jardun kulturala http://berriatuabizi.wordpress.com/tag/senegal/ . Tira, arrazakerixia egon ba dagola baiña zeozetan be hobetu garala.
Ba ni hire herri berian bizi izan nok eta ez juat holakorik ikusi. Amañak behintzat danak nahastauta bizi ginan, han inor ez zan beste inor baino gehixago. Herri berian igual herri diferentetakuak.