Berrian
Argazkiak.org | El sueño de la razon © cc-by-sa: txikillana
2009-03-04
'Aittitta Raduga' irratsaioa sarean izango da aurrerantzean
Oier Gorosabel eibartarrak zuzentzen du, eta hainbat gairi buruzko bitxikeriak biltzen dituzte saioan
Uxua Larretxea.
DonostiaOier Gorosabelen (Eibar, Gipuzkoa, 1972) eta irratiaren arteko lotura aspaldiko kontua da. Duela hamabi urte hasi zen esatari moduan lanean, Markinan (Bizkaia), Eskola Laboraleko Ganbara irratian. Gero, Eup! eta Matrallako irrati libreak ezagutu zituen, eta egun, Aittitta Raduga saioa egiten dihardu Lekeition (Bizkaia), Arrakalan. Hain justu, irratsaio hori sarean entzungo da aurrerantzean.
Arrakala irratia Arrosa sarearen barnean dago, beste hainbat irratiren antzera, hala nola Hala Bedi, Info7, Molotoff, Gazte Sarea eta abar. Denera, hogei irratik osatzen dute Euskal Herriko Irrati Ekoizpenerako Zentroa. Gorosabelen iritziz, ekimen horri esker «irratietako elkarlana areagotu egiten da, eta gure baliabideei hobeto ateratzen diegu probetxua».
Aittitta Raduga saioa -Arrosa sareko beste hainbat irratsaioren antzera- sarera eramateak aldaketa nabaria ekarri duela azpimarratu du: «Orain Arrosa sarea osatzen dugunon saioak Interneten edozein erabiltzaileren esku geratu dira», dio Gorosabelek. Ekimen horren barruko irrati guztiak webgune berean bildu dituzte.
Gorosabelek dio Arrosa sareak aukera eman duela «Euskal Herriko hainbat herritako irrati libreek elkar ezagutzeko», eta, gainera, «programazioa trukatzeko parada ere bai». Beraz, orain askoz ere programazio aberatsagoa dute, eta, gainera, euskalki bat baino gehiago entzun daitezke irrati bakarrean. Arrosa sarearen moduko ekimen bat aurrera eramaten saiatu ziren 80ko hamarkadan, baina beste ezer baino gehiago «sinbolikoa» izan zela dio Aittitta Raduga saioko esatariak.
Izena aldatu arren, irratsaioak eduki bera izan du urte hauetan guztietan: «Ordubetez gutxi gorabehera, aste guztian topatzen ditudan kontu bitxiak kontatzen ditut». Horretaz gain, irratsaioan musikak ere bere tartea du, «kontakizuna arintzeko». Eibarko esatariarentzat, irratia ihesbidea izan da beti. «Lanetik neka-neka eginda irten ondoren, irratira joatea askapena da niretzat». Lanbide ez, zaletasun du irratiko lana.
Sarea, aukeren bilgune
Tokiko irrati batetik sarera igarotzeak aldaketa dakar, eta horretaz jabetuta dago esatari eibartarra. «Lehen, nire saioa sei edo zazpi irratitan ematen zen, baina banekien gutxi gorabehera zein jenderengana iristen zen; orain, baina, askoz ere zailagoa da hori kontrolatzea». Dena den, edukia ez du moldatu behar izan. Izan ere, Aittitta Raduga saioan «interes unibertsaleko eta denboraz gaindiko edukiak» jorratzen dira. Gainera, Gorosabelen aburuz, «entzuten gaituztenak Euskal Herriko jendearentzako saioa egiten dugulako entzuten gaituzte, eta, hortaz, ez du zentzurik edukia aldatzeak».
Nolanahi ere, edukiaz aparte lan egiteko moduan aldaketa asko dakartza sarera jauzi egiteak, eta irrati bakoitzak «aldaketa horietara egokitu» beharko duela uste du. Irratia entzuteko modua bera bestelakoa izango da aurrerantzean, «gero eta gutxiago entzungo baita modu tradizionalean». Era berean, saioaren jatorriak garrantzia galduko duela uste du: «Entzuleak askotan ez du jakingo ezta zein irratiko saioa entzuten ari den ere». Aldaketarekin, irratiko lanaren kalitatea hobetu egingo dela pentsatzen du Gorosabelek.
Argazkiak.org | El artifice del buen juego © cc-by-sa: txikillana