Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua / Azukriaz

Azukriaz

Oier Gorosabel 2011/02/10 23:55
Azukre baltzakin gertatzen dana ez siñistekua da. Produkto hau azukre zurixan ekoizpeneko hondakiña da, harek baiño gitxiago “kolokatzen” dabena, eta prozesu industrialeko residuo asko dakazena. Halan be ekologista eta naturzale askok, zurixa baiño hobia dalako ustian, barra-barra kontsumitzen dabe. ¡Orraittiokan!

Argazkiak.org | Zaaaaaaaborrrr.....! © cc-by-sa: txikillana

Laburpena

Gai honi buruz informaziño billa hasi nintzanian, nere aurreiritzixak hónetxek ziran: azukre zurixa ez zala oso ona; azukre baltza hobia zala; eta edulkorante artifizialak oso txarrak zirazela, nahiz eta industria kimikuen aldetik hau ezkutatzeko ahalegiña zeguan. Informaziñua bildu ostian, barriz, iritzixa sustraittik aldatu dot, eta hónek diraz nere ondorixuak:

  • Azukre zurixa oso txarra dala, eta honen frogak edozeiñen eskura dagozela. Harrigarrixa ze neurriraiñok hartzen dirazen normaltzat harekin zuzenian lotutako gaitzak (euforia/depresiño zikluak, diabetesa...).
  • Azukre baltza, azukre zurixan produkziño industrialeko residuo bat baiño ez dala, eta haxe besain txarra ez izateko arrazoi bakarra rebajauta egotia dala (hondakiñekin). Zelan sartzen deskuen zirixa gero “ekologistoi”.
  • Edulkorante artifizialak azukria baiño gozagarri indartsuaguak dirazela, eta asko ikertu eta gero, ondiokan ez dala frogatu euren eragin kaltegarririk osasunian.

Honek ondorixo zuzenak izan dittu nere bizimoduan: batetik, gure etxian kolore guztietako azukria desagertu egin da (baitta osagai nagusitzaat daken gaixak: kolakaua, reposteria, galletak... ). Haren ordez, eztixa eta frutakixak baiño ez doguz erabiltzen. Eta etxetik kanpo, aukeran dagozenian behintzat beti edulkorante artifizialez egindako gozokixak hartzen doguz

Aurkibidia

Laburpena. 2

Aurkibidia. 2

1. Sarreria. 3

2. Ikuspegi historikua. 3

3. Hiztegixa. 5

4. Kañabera eta erremolatxian deribauak. 5

4.1 Kañabera azukre industriala. 5

4.2 Erremolatxa azukre industriala. 6

4.3 Azukre artesanalak. 6

4.4 Beste edulkorante industrialak. 6

4.4.1 Jatorri naturalekuak. 6

4.4.2 Jatorri artifizialekuak. 7

4.5 Edulkorante naturalak. 8

5. Azukrian eragiña gorputzian. 8

5.1 Estraiñekotz kontsumitzian. 9

5.2 Ohizko kontsumitzailliak. 9

5.3 Beste edulkorantiak. 10

6. Gozagarrixen erabilpen egoki baterutz. 11

6.1 Gozokixetan. 11

6.2 Desintoxikatze prozesuak. 12

6.3 “Azukre baltzan” kaso harrigarrixa. 12

6.4 Kirolarixen jatekua. 13

Amaitzeko. 13

Informaziño gehixago. 13

1. Sarreria

Oin dala denpora bat azukria aittatu neban idazki baten, “droga ezaugarri gehixago dittuala elikagaixana baiño” esanda. Ez dira gitxi izan horri buruz galdezka etorri jatazenak, eta AMAREN kontsumitzaille ekologikuen kooperatiban be izan dogu honi buruz berba egitteko aukeria. Horregaittik pentsau dot merezi dabela hontaz luzetxuago jardutia.

Honi buruz informaziño pillua dago, eta batzutan gatxa da kontrastatzia bakotxak bere interesan alde egitten dabelako. Hónek apuntiak egitterakuan, Eneko Landaburu mediko eta lagunak lagatako materixaletan oiñarrittu naiz batez be, nahiz eta gero hainbeste itturrittan osatu eta kontrastau doten.

Halan be ni terapia fisikuan naiz espezialistia, ez elikaduran. Horretara, bateronbatek esan leike: ¿ze kristo dabil fisioterapeuta bat elikaduriari buruz aholkuak emoten? Ba, hara: kokainian efekto kaltegarrixei buruz berba egitteko neurofisiologo titulua eskatzen ez dan modura, azukrian kasuan bardintsu gertatzen dala uste dot. Hain da gauza ebidentia eze, zentzuna dakan edozeiñek ulertzeko modukua da.

Hasteko, ideia konspiranoikuak baztartu bihar diraz: ez dago gu guztiok drogauta eta intoxikauta mantentzeko konplot judeo-masoniko-inperialistarik. Azalpena askoz be sinpliagua da: herri askotako industrixian oiñarri garrantzitsua da azukria aspaldittik, Ameriketan, Asian nahiz Ozeanian. Gaur egunian azukria etxe guzti-guztietan dago; ixa ez dago iñor egunero-egunero 40-50 gramo azukre kontsumitzen ez dabenik. Nahiz eta bere efekto guztiak kaltegarrixak izan (euforizante izatia ezin dogu-eta efekto ontzat hartu), dietetika eta osasun manualetan “benetako” elikagaixekin batera arautu eta ikertzen da. Bildur barik aldarrikatzen da[1] dieta orekatu baten azukre kopuru minimua bihar-biharrezkua dala. Eta guzurra da hori.

Ume txikixenetatik hasitta aittitta-amama zaharrenetaraiñok, danok gagoz droga indartsu honetara engantxauta. Hónek apuntien helburua hortaz jabetzen laguntzia baiño ez da. Bapatian ez doguz gure ohitturak aldatuko, jakiña; baiña zentzunez jokatzen hasteko abiapuntua izan baleike, ni pozik.

http://1.bp.blogspot.com/_5psZJBJde2k/TLh_FHs-rUI/AAAAAAAABZE/mF8TgiaMH2A/s1600/las-mil-y-una-noches.jpg

2. Ikuspegi historikua

Gaur egungo moduko azukrerik ez zan antxiñan ezagutzen. Liburu zaharretan aittatzen dan azukre-kañaberia osagai exotiko eta garestixa zan, baiña ez gure hauts zuri bera. Sanskritozko berbia da ezagutzen dogun lehelena, sharkara, eta kañabera-azalian gogortutako kostra gozua izendatzeko erabiltzen zan. Bere salerosketia errezte aldera, Persian jarabe hori (sakar) gogortu eta fintzen hasi ziran V gizaldixan. Artian, azukre kristalok batez be sendagai edo botika modura erabiltzen zirazen, eta dirudunak baiño ezin izaten zittuezen erosi, dosis txikixetan gaiñera. Grezian sakjar esaten jakon, gaur egungo Europako izenen  aintzindarixa (azucar, sucre, sugar, zucchero...).

William Duffyn esanetan[2], azukria izan da Europako historian eragin gehixen izan daben produktua. Gurutzada Santuen berpizkundia XIV gizaldixan, esate baterako, azukre refinauan merkataritziakin lotzen dau, lehengaixetaz jabetzeko burrukiakin zihetzago esanda.

Noel Deer-ek gauza ebidentiago bat aztertzen dau: azukrian industrixia eta esklabutzian arteko loturia. Historialari honen kalkuluen arabera, sasoi illun hórretan 20 bat milloi afrikar bahittu ziran, gehixenak azukrian truke salduta. Eta gaiñera:

  • XIV gizaldixan kristauen aittasantuak esklabuen salerosketia bedinkatu zeban. Horretara, Madeira eta Kanaria ugartietako kañabera sailletan esklabuak erabiltzen hasi ziran.
  • 1500 inguruan lehelengo findegi industriala egin zan Antwerpenen. Portugal, Kanariak, Brasil, Espainia eta Boli Kostatik zetorren kañaberia bertan prozesau eta gero azukria Alemania, Inglaterra eta Europa ekialdera saltzen zan. Salerosketa hónek sortutako zerga kopuruaz jabetzeko, aittatu daigun Karl Habsburg enperadoriak horrekin ordaindu zittuala Madrid eta Toledoko jauregixak.
  • 1560 inguruan Inglaterra be Karibe parteko kolonietako azukrian industrixia bultzatzen hasi zan, esklabuak erabillitta noski. Hónek esklabuok izan ziran kañabera-zumuakin egindako pattarra asmau zebenak (rona), eta euren ugezaba inglesak etekin politta etara zetsen asmakizunari.
  • 1660rako, azukre eta ronan merkataritzia hain bihurtu zan rentablia eze, Britainiar Inperixuak kontrola mantentzeko neurrixak hartu zittuan, Ipar Ameriketako kolonixetako produktuak euren mugetatik kanpo saltzia debekatuta.
  • XVIII gizaldi erdikalderako, Frantziar Inperixua be merkatuan sartu zan, azukria bere exportaziñuen gai nagusi bihurtuta. Halan be, Claude Adrien Helvetius filosofuak gogor berba egin zeban ekoizpen hau esklabutzan oiñarritzen zala salatuta.
  • 1812xan Benjamin Delessert-ek azukria erremolatxatik etaratzeko prozesua asmau zeban. Napoleonek kondekoraziñua emon zetsan honengaittik, Frantzia osuan erremolatxia sartzeko aginduta. Urtebete geruago 4.000 tonelada azukre ekoitzi zirazen bertan; eta artian esklabutzia txarto ikusten hasitta zeguanez, frantsesak egoeria aprobetxau zeben aboliziñua aldarrikatzeko.
  • British East Indian konpainiak be, girua aprobetxau nahixan, upeletan “esklabu barik egindako azukria” letrerua ipintzen hasi zan propaganda modura (guzurra, hasieran).
  • XIX gizaldi hasieran EEBB-ak be gogor sartu ziran azukrian negoziuan, hiru asmakizun garrantzitsuri esker: lurrun makiñia, hazur-ikatza egitteko metodua, eta presiño-lapikua. Orduan agertu zan estrainekotz azukre findua, gaur ezagutzen dogunanan antzekua.
  • 1865 urtiakin EEBB-etan esklabutza sistemia amaittu zan, eta errentagarrittasuna mantentzeko, kaiñabera saillak Cubara eruan ziran.

Ikusten dan modura munduan azukriakin lotutako gorabehera asko egon diraz, zuzenian edo zeharka. Honekin batera, kontsumua eten barik hazi da: 1800 urtian, mundu osuan ez ziran 250.000 tona ekoizten; 1900 urtian barriz,  10.000.000 tonatara hazi zan; eta 2000 inguruan, urteko 92.000.000 bat tona ekoitzi zirazen. Igoera honen arrazoi haundiña Europa eta Ameriketako herrialde aberatsen eskarixa izan da. Duda barik, negozio bolumen eta lanpostu kopuru haundixak dira. Nahikua arrazoi azukrian efektu kaltegarrixei buruz berba egitteko gogua kentzeko.

Azucares Zukán

3. Hiztegixa

Azukre berbiakin gai edulkorante bat baiño gehixago izendatzen danez, ondo etorriko da kontzeptu batzu bereiztia:

  • Azukre zurixa: kañabera edo remolatxan prozesu industrialian patsa hiru bidarrez prozesatzen da. Lehelengo pasadan sakarosa puruena kentzen da, hau da, dendetan topatzen dogun azukre zurixa (%99xan sakarosia).
  • Azukre baltza (morenua): azukre zurixan ekoizpen industrialian geratutako hondakiña, zenbat eta sakarosa gehixago kendu, orduan eta kolore baltzagokua.
  • Organiko, integral, ekologiko, biologiko etiketak: azukrian kasuan, ez dira fidagarrixak. Anbiguedade haundikuak dira, eta bardin erabiltzen dira jatorrizko landarian kultibo klasia adierazteko edo ekoizpen motia bereizteko (comercio justo, etabar). Hónei adjetibuei kaso egin baiño, hobe izango da produkto bakotxan ekoizpen sistemia ezagutzia.
  • Panela edo rapadura: gai bera dira (bata osorik eta bestia zehetuta). Kañabera zukua modu artesanalian egostetik urtendako azukriak diraz, refinau barik.

Hónek produktuok banaka azalduko dittudaz oiñ, baitta erremolatxa eta kañaberiaz aparte beste jatorrixetako edulkorantiak be.

4. Kañabera eta erremolatxian deribauak

4.1 Kañabera azukre industriala

Kañaberia elikagai natural eta osasungarrixa da. Kañabera sailletako bihargiñak, biharrian dagozela, landare zatixak eten barik mizkatzeko ohitturia dake. Hegoafrikan, 2000 bihargiñen txixa analizau zeben eta ez zetsen glukosa arrastorik topau, nahiz eta bihargin bakotxak bataz beste killo bi kañabera mizkau.

Baiña ikusi daigun zer gertatzen dan elikagai osasungarri horren prozeso industrialian[3], azukre zurixian amaittu arte:

  1. Kañabera landarian zumua etara, patsa baztartuta.
  2. Anhidrido sulfurosua eta kare bizixakin zumua argittu.
  3. Zumua 100 gradutan irakin.
  4. Hazur-ikatza eta lurrakin iragazi.
  5. Zumua konzentrau eta lurrundu.
  6. Kristalizautako sakarosia kendu (1º maillako eztixa geratzen da).
  7. Kristalok produktu kimikuekin zurittuta, 1º maillako azukria lortzen da (%99xan sakarosia).
  8. 1º maillako eztixa barriro egosi.
  9. Kristalizautakuakin prozesua errepikatuta, 2º maillako azukria (%97xan sakarosia) eta 2º maillako eztixa lortzen diraz.
  10. 2º maillako eztixa barriro egosi.
  11. Prozesu bardiñakin, 3º maillako azukria (%94an sakarosia, azukre baltza) eta azken eztixa lortzen diraz (ezti honi melaza esaten jako: %30ian sakarosia da, baiña ezin izaten da kristalizau).

4.2 Erremolatxa azukre industriala

Kristalizautako azukria bardin etara leike erremolatxa landaretik, eta azken produktuan ez dago alde nabarmenik. Hauxe da erremolatxian prozeso industriala[4]:

  1. Erremolatxak garbittu eta zatittu.
  2. Lixiviado prozesuakin zumua etara.
  3. Zumua garbittu, kare bizixa gehittuta.
  4. Likiduari C02 gasa gehittu, karia prezipitatzeko.
  5. Likidua iragazi, zuku azukretsua eta hondakiñak bereizteko.
  6. Kaltzio sulfatua gehittu, azido sulfurikuan eragiñez likidua zuritzeko.
  7. Likidua irakin, ura galtzeko.
  8. Zentrifugatu.
  9. Findu eta zurittu.
  10. Hazur-ikatzetan iragazi.
  11. Egosi.

Piloncillo, Chancaca, Raspadura, Papelón, Gur...

4.3 Azukre artesanalak

Azukre artesanalak kultura tradizionalekin lotuta dagoz. Orokorrian, kañabera zumo gordiñan egosketa sinpletik datoz, likidua lurrundu eta gogortuta. Munduko leku askotan topau geinkez, izen desbardiñekin

  • Ameriketan: panela[5], rapadura, atado dulce, chancaca, empanizao, papelón, piloncillo edo panocha.
  • India-Pakistan: gur edo jaggery.
  • Maurice islak: mascabado, mascabo, muscovado.
  • Guayana: demerara.

Era honetan lortutako produktuak %80 sakarosa izaten dabe gitxi gora behera. Eta azukre industrialan aldian, balixo dietetikoren bat gordetzen dabe ondiokan: glukosa, fruktosa, proteinak, mineralak (Ca, Fe, P), C bitaminia... Nahiz eta berez osasunerako hobiak dirazen, herrialde ekoizle askotan paradoxikoki bere kontsumuak atzeraka egin dau, azukre zurixa hartzeko ohitturian aurrian.

4.4 Beste edulkorante industrialak

Azken urtietan, jatekuen ekoizpen industrialian batez be, beste edulkorantiak erabiltzen hasi dira. Gaur egunian gehixen erabiltzen dirazenak talde bittan banatu geinkez, jatorrixan arabera.

4.4.1 Jatorri naturalekuak

Kasu hónetan, “natural” berbiak jatorrixa adierazten dau bakarrik: kañabera eta erremolatxiakin legez, beste landare batzu industrialki prozesau leikiazelako bitamina, mineral eta beste ezaugarri naturalak kendu eta gai edulkorantiak isolatzeko:

  • Dulcitol (C6H14O6): galactitol izenez be ezaguna. Esnetik edo melampyrum nemorosum landaretik etaratakua. Jateko industrian erabiltzen da.
  • Esteviósido (13-O-beta-soforosil-19-O-beta-glucosil-steviol): stevia rebaudiana landaretik etaratakua. Sakarosian ordezko legez erabiltzen da.
  • Fructosa (C6H12O6): levulosa izenez be ezaguna. Fruta eta eztittik etara baleike be, normalian artotik etaratzen da.  Sakarosian ordezko legez erabiltzen da.
  • Isomalt: isomaltitol edo isomaltosa hidrogenatua izenez be ezaguna. Azukre industrialetik etaratako glucomanitol (C12H24O11 . 2H2O) eta glucosorbitol (C12H24O11) alkoholen nahaste bat da. 1960xan ekoitzi zan lehelengotz, eta jateko dietetiko eta botiketan erabiltzen da.
  • Lactitol (4-O-α-D-Galactopyranosyl-D-glucitol): polialkohola, Danisco eta Purac Biochem enpresak egindakua. Kaloria gitxiko edarixetan, koipe gitxiko jatekuetan, gozokixetan, mantekauetan, txokolatetan erabiltzen da.
  • Maltitol (C12H24O11): almidoittik etaratako alkohola. Jateko dietetikuetan erabiltzen da.
  • Manitol (C6H14O6): manosa azukretik etaratako polialkohola. Jateko dietetikuetan, txiklietan, edo azukrian ordez erabiltzen da. Baitta medikuntzan, plasma artifiziala sortzeko.
  • Neohesperidina dihidrocalcona (E-959): laranja mingotxetik etaratzen da. Jateko industrian erabiltzen da.
  • Sucralosa (E-955): 1976xan asmautakua, Splenda izenez be ezaguna. Sakarosiari aldaketa kimiko bat egin eta klorua sartuta lortzen da. Pasteletan, kaloria gitxiko edarixetan eta prestatutako jatekuetan erabiltzen da.
  • Taumatina (E-957): katemfe arbol afrikarretik etaratakua. Botikak gozotzeko, txiklian, aromatizante eta gusto indartzaille modura erabiltzen da.
  • Xilitol (C5H12O5): urki arbolan egurretik etaratako alkohola. Txikle eta gozokixetan erabiltzen da.
  • Sorbitol (C6H14O6): glucitol izenez be ezaguna. 1872xan topau zan, sorbus aucuparia landarian, baiña gaur egunian glukosatik etaratzen da. Jatekuetaz aparte (gozokixak, jateko dietetikuak, txikliak) papelen, ehunen, pegamentuen eta kosmetikuen prozeso industrialetan erabiltzen da.

4.4.2 Jatorri artifizialekuak

Laborategixan sintetizatzen dira:

  • Acesulfamo potasikua (E-950): 1967xan topau zan. Kaloria gitxiko edarixetarako erabiltzen da.
  • Arabitol (C5H12O5): lixitol edo arabinitol izenekin be ezaguna. Arabinosa edo lixosa konpuestuen redukziñotik egindako polialkohola. Jateko industrialetan erabiltzen da.
  • Aspartamo (E-951): 1965ian sortu zan, acido aspártico, fenilalanina eta metanol erabillitta. Natreen, Canderel edo Nutrasweet edulkorantien oiñarrixa da, eta Coca Cola produktuetan be erabiltzen da.
  • Ciclamato (E-952): berez, ciclohexilsulfamato izenekua. 1937xan sintetizau zan. Produktu askotan erabiltzen da, bestiak beste edari gasdunetan eta hagiñak garbitzeko pastan.
  • Eritritol ((2R,3S)-butano-1,2,3,4-tetraol): 1893an asmautakua. Legamiñak glukosan eraginda sortutako polialkohola. Edulkorantia bada be, sukaldaritza elegantian be refrigerante eta postrien gusto mentolaua indartzeko be erabiltzen da. Txokolate batzutan sartzen da.
  • Neotame: Nutrasweet enpresiak egindakua. Jan-edarixetan erabiltzen da edulkorante eta gustu-emoille modura.
  • Sakarina (E-954): 1879xan sintetizau zan, ikatzetik, eta protesta haundixak egon ziran azukre industriatik (osasunandako kaltegarrixa izatia egotzitta). Gaur egunian petroleotik etaratzen da eta edari, yogur eta produktu dietetikuetan erabiltzen da.

http://www.ethnoplants.com/Stevia-rebaudiana/Stevia-rebaudiana_ethnoplants-shop..JPG

4.5 Edulkorante naturalak

Izen hau prozesatu minimua eskatzen daben gozagarrixendako gorde bihar dogu:

  • Eztixa: edulkorante indartsua izatiaz aparte, balixo haundiko elikagaixa da: mineralak (Ca, Fe, P), olixo esentzial eta balsamikuak, azido formikua, bitaminak, glukosa, fruktosa, diastasak, dextrina, albuminak...
  • Stevia rebaudiana landaria: Paraguay eta Brasilleko indigenak erabilli izan dabe edulkorante modura. 1964an hasi zan sail haundixetan explotatzen, eta mundura zabaldu zan. Azukria ekoizten daben estaduak oztopo asko ipiñi detse (Europan be, ondiok debekatuta dago elikagai industrian).
  • Fruta sikua

Tratamiento Cocaína y Estimulantes

5. Azukrian eragiña gorputzian

Txatal honetan aittatutakuak sakarosiari buruzkuak diraz bakarrik, hau da, kañabera eta erremolatxian prozesautik eratorrittako azukria (edozein koloretakua, bere purotasunan neurrixan). Beste edulkorantiak -industrial nahiz naturalak- aparte lagako doguz, azkenian aipamen berezi bat eginda.

1912xan salatu zittuan Robert Boesler doktoriak azukrian eragiñak, eskorbuto, diabetes, hipoglucemia, hiperaktibidadia eta eskizofrenia kasuen ugalketiakin lotuta. Boeslerren esanetan, azukria luxuko produkto izatetik kontsumo masibora pasatziakin batera gehittutako arazuak diraz. 1929xan, Frederick Banting doktoriak (insulinian deskubritzailliak) zentzu bardiñian berba egin zeban: insulinia “txaplatia” baiño ez zala, eta diabetesa osatzeko modu bakarra haren sustraixa kentzia zala, hau da, azukria. Umien portaera arazuak be 1920 hamarkadan lotu ziran estrainekotz azukre kontsumuakin, baiña 1970 hamarkadararte ez da serixuan ikertu izan, batez be hiperaktibidadiakin lotuta. Nancy Appleton doktoriak frogatutzat jo dau ume hiperaktibo, psikotiko eta ikasteko arazodunen familixetan diabetes, hiper edo hipoglucemia inzidentzia altua egoten dala.

Bere eragiña deskribau baiño leken, kontuan hartu daigun ikuspegi dietetikotik azukria karbohidrato “hutsa” dala, hau da, bere jatorri naturalian dakazen kidietatik banandutakua (ura, mineralak, proteinak, bitaminak eta zuntza). Baiña hónek guztiok biharrezkuak diraz katalizadore modura. Horregaittik, azukre refinau dosisa hartzen dogunian, korputzak bere erreserbetatik etaratzen dittu azukria metabolizatzeko falta jakozen B bitaminia, kaltziua, fosforua, burdiña... Lehen esan dogu azukriak ez deskuala efektu mesedegarririk ekartzen; oiñ ikusten dogu hortaz gain, dakaguna kendu be egitten deskuala [6]-[7].

Garunan erregai nagusixa glukosia da, baiña gorputza ondo funtzionatzeko glukosa eta oxigeno maillak parekatuta egon bihar diraz. Azukre dosi batek oreka hau segundo gitxittan apurtzen dau, momentuko eragiñakin:

  • Euforia sentsaziñua igartzen da.
  • Korputzari kaltzio, gatz mineral, vitamina eta enzima jakin batzu “lapurtzen” jakoz, sakarosia metabolizau ahal izateko.
  • Makrofaguen biharra oztopatzen da, inmunidade sistemak ahulduta.

 

Epe motzeko efekto hónetxetaz aparte, azukriak beste eragin batzuk be ba dittu epe ertain eta luzera:

  • Obesidadia: beste edulkorante gehixenak baiño kaloria gehixago dakaz.
  • Arazo endokrinuak: gultzurrungaineko guruinak, are arazuak (diabetes), hazkundeko hormonen jaitsieria...
  • Umien hiperaktibidaderako faktore predisponentia (fp).
  • Ikasketa arazuak fp.
  • Alergia batzuk fp.
  • Neurosis eta eskizofrenia fp.
  • Portaera bortitzak fp.
  • Hagiñetako arazuak: caries (arrazoi bikotxa: bakteria ugalketia, eta hagiñetako kaltziuan “lapurretia”), posiziño txarra...
  • Hipoglucemia, colesterolemia.
  • Osteopenia (osteoporosisan aurreko pausua, kaltzio “lapurretian” beste eragiña).
  • Arteriosclerosis (cardiopatiak, zirkulaziño arazuak...).
  • Azaleko arazuak (acne, dermatitis seborreica...).
  • Gibelan dejeneraziñua.
  • Miopia.
  • Gota.
  • Eraztun pelbikuan eta matrallian estuasuna fp.
  • Candidiasis vulvovaginal fp.

5.1 Estraiñekotz kontsumitzian

Efektu hau ondo ikusteko, aurretik sekulan azukrerik hartu bako pertsona bat biharko dogu: ume txiki bat, esate baterako.

Azukria berez glukosa sinplia da, dijestiño prozesu motzekua. Nerbio sistemara oso-oso bizkor allegatzen da, eta nahikua izango dogu gozoki bat emotia glukosa/oxigeno orekia apurtzeko. Honekin batera, umia euforia eta hiperaktibidade fasian sartuko da.

Orduan, korputzeko mekanismo homeostatikuak martxan hasiko dira, desoreka hori konpentsau nahixan. Pertsoniak igarriko daben efektua hartutako kopuruan araberakua izango da:

a)      Dosisa txikixa izan bada, umiak disforia ariña igarriko dau (euforixian kontrakua).

b)      Dosisa altua izan ba da, bajoi nabarmenagua izango dau, depresiño psikiatrikuan antzerakua (sugar blues izenakin ezagutzen dana).

Halan be, tamalez, umiak gaztetandik ohitzen doguz azukre dosi altu eta etenbakuetara (galletak, gozokixak, kolakaua...). Horregaittik, laster “kontsumitzaille habitual” egoerara pasatzen dira, korputzeko erantzunak be aldatuta.

5.2 Ohizko kontsumitzailliak

Normalian azukria hartzen daben pertsonia desorekan egotera ohitzen da, eten barik glukosa mailla altua izatera. Gitxittan izaten dau orekatuta glukosa/oxijeno maillia, eta izaten dabenian txarto sentitzen da: triste, indar eta gogo barik, edozekin hasarre, urduri... hau da, gabezixa sindromiakin. “Monorik” ez sentitziarren, gorakadak bata bestiakin katiatzen saiatuko da, glukosa maillia denpora guztian altu mantentzeko. Honek arazuak ekarriko detsaz: neke fisikua, azeleraziño psikikua (egunan amaieran ezin deskonektau, ezin deskantsau), eginbiharrak burutzeko arazuak...

Elikagaixen klasifikaziñuan, azukria eta ogixa gluziduak diraz. Baiña bixak gluzido izanda be, korputzak oso modu desbardiñian metabolizatzen dittu:

a)      Ogixan gari uruna gluzido konplexuak diraz, asimilaziño lentokuak: dijestiñuan, bere molekula luze eta astunak gluzido sinplietan zatitzen dira. Gluzido sinpliak odolera pizkaka pasau ahala ariak insulinia ekoizten dau, eta bere eragiñez, gluzido sinpliok gibelera pasau eta glukogeno moduan gordetzen diraz, bihar doguzenian energia itturri moduan erabiltzeko.

b)      Azukria barriz gluzido sinplez osatuta dago, asimilaziño bizkorrekuak: dijestiñua hain da bizkorra eze, masiboki allegatzen dira odolera. Orduan ariak insulina ufal bat askatu biharra daka glukosa guzti hori kaptau eta gorde ahal izateko, eta honek sistemia desorekatu egitten dau. Izan be, insulina deskargia larregikua suertatzen da eta azkenian odoleko glukosia bihar dana baiño gehixago jaitsiko da. “11.00etako bajoi karakteristikua” izaten da, adiktuak beste dosis batekin gainditzen dabena.

Beste drogen aldian, azukriak sortutako dependentzixia nahiko altua da. Mailla psikiko nahiz fisikuan igartzen da hau, eta azukria laga eta geroko gabezixa sindromiak astiak iraun leikez (depresiñua, nekia, urdurittasuna, gozokixak jateko antsiedadia, konzentrau eziña, alergiak, hipertentsiño arteriala...). Gaiñera azukria urte luzez kontsumitziak korputza nahikua hondatu leike. Halako kasuetan, gabezixa sindromiak jota dagon pertsonian odoleko glukosa maillia larregi jaitsi leike hipogluzemia egoeran sartuta. Honen sintomak bereziki larrixak izaten diraz: izardixa, dardaria, antsiedadia, takikardia, buruko miña, gosia, ahulezixia, konbultsiñuak... Hipogluzemia krisi batek herixotzera eruan leikenez, halakuetan ezinbestekua izaten da pazientiari azukre dosis bat emotia.

Jakiña, pertsona osasuntsu eta indartsuak daken tolerantzixia eta pertsona gaisuena ez da bardiña. Bigarrenak errezago izango dittuez efekto kaltegarrixak, korputzak homeostasiara bueltatzeko ahalmena galdu arte.

5.3 Beste edulkorantiak

Lehen aittatu dogun modura, XIX gizaldittik hona azukrian eragin kaltegarrixak ekiditzeko hainbeste edulkorante alternatibo garatu diraz. Jateko industrixan asko erabiltzen diraz gaur egunian. Osasun erakundien kontrola estua da baiña, eta edulkorante barri baten erabilpena ez da baimentzen gizakixari kalterik egitten ez detsala frogatu arte (kaso batzu eztabaidan dagoz). Edozelan be, denporian ikuspegixa falta da ondiok: ikerketak juan dan 25 urtian martxan badagoz be, epe luzeko eragiñak neurtzeko denpora gitxiegi da hau[8].

Edulkorante kimikuak dakezen epe motzeko arriskuak ezagunak diraz. Esate baterako, sakarina, ciclamato eta aspartamo dira eguneroko produktuetan gehixen erabiltzen dirazenak: lehelengo bixak petroleo hidrokarburuetatik datoz (minbizi-sortzaille potentzialak) eta hirugarrenak hondakin kaltegarrixak sortu leikez odolian (metanol). Halan be, edulkorante bakotxak zehaztuta daka egunero hartu leiken gehixengo kopurua eta, esandako moduan, horren barruan ondiok ez da frogatu eragin kaltegarririk (salbuespen bakarra fenilcetonuria gaixotasuna dakenak dira). Baiña hónen gozagarrixon erabilpena gora doia –batez be light produktuetan- eta, horretara, gehixengo kopuru hori gero eta gehixagotan gainditzen da.

Hónek dira egunero gehixenez gomendatzen diran kopuruak (pertsonian pisuan arabera):

  • Acesulfamo: 15 mg/kg (munduko osasun erakundiak) eta 9 mg/kg (Europakuak).
  • Aspartamo: 40 mg/kg (munduan eta Europan).
  • Ciclamato: 11 mg/kg (munduan) eta 7 mg/kg (Europan).
  • Neohesperidina: 5 mg/kg (Europan).
  • Sakarina: 5 mg/kg (munduan eta Europan).
  • Sucralosa: 15 mg/kg (munduan eta Europan).

 

Horretara, eta kontrakua frogatzen ez dan arte, hónek edulkorantien eragiña korputzian hutsa da: bai osasunian, baitta fisiologixan be.

Cocina-sana

6. Gozagarrixen erabilpen egoki baterutz

6.1 Gozokixetan

Osasun eta elikadura ikuspegittik, hobe da aditibo gozagarririk ez erabiltzia. Gozagarrixak ez detse premiñazko ezer gehitzen jatekuari, eta eurak erabiltzeko arrazoi bakarra gastronomikua da, plazerrezkua hala egixa.

Halan be, kontuan hartu bihar dogu gizartia zihero ohittuta dagola sabore gozo indartsuetara, adikziño fisikua ahaztu barik. Beraz, banako batzu kenduta –zoriontzeko modukuak-, iñor gitxi ausartuko da edulkorantiak erabiltziari laga eta jakixen gozotasun naturalakin konformatzera. Gehixenak ohitturak gradualki aldatu nahi izango dittuez.

Urte luzietako ohitturak aldatzerakuan, argi dago lehentasuna azukretik desengantxatzia izan bihar dala (industrialetik nahiz artesanaletik), baiña ¡ojo! errore bat izango litzake beste edulkorantiekin ordezkatzia. Izan be, txarto usauta gagoz: jateko gozuak ez dira egunero jateko, ezta naturalak be (eztixakin egindakuak, esate baterako). Hasteko, orduan, hortaz konsziente izan biharko gara eta gozokixak bakarrik egun berezixetarako gorde.

Hórrek egun berezixak datozenian... orduan bai: hasi gaittian pentsatzen ze edulkorante erabilli gure postria egitteko. Eskala bat egin geinke: gomendagarrixenetik txarrenera:

  • Frutia: gordiñik onena, baiña fruta-pasak erabiltzia be ez da txarra, baitta koziñauta be.
  • Eztixa: erabiltzen dana baiño gehixago erabilli leike (azukrian erabilpen guztietarako, barrena). Eta nahiz eta egostian enzimak eta bitaminak galdu egingo dirazen, halan be, hobia izango da osasunerako azukria baiño. Halan be alimento oso kalorikua da, tamañuan erabilli biharrekua beraz.
  • Stevia rebaudiana landaria.
  • Edulkorante artifizialak: mesederik egitten ez badabe be, neutruak dira eta momentuz ez da efekto kaltegarririk deskribatu. Prestatutako jatekuak erosi nahi badoguz (galletak...) aukerarik onena.
  • Azukre artesanalak: azukre industriala baiño sakarosa kopuru bajuagua dakelako (kontuz: kantidade gehixago hartzen badogu, abantailla hau anulauko dogu).
  • Azukre industrialak (zurixa nahiz baltza) azken aukeria izango litzakez.

 

Esperimentuak egitten hasitta, laster konturatuko zarie gozoki gehixenak azukre barik egin leikezela (edo zer uste dozue ¿oin dala 300 urte gure arbasuak ez zittuezela gozokirik jaten, ala?).

6.2 Desintoxikatze prozesuak

Emon doguz bide onian abixatzeko pista batzu. Baina... errealidadera jaitsitta, azukre yonkixen gizartian bizi gara. Ume-umetatik erabilli dogun droga hau gitxien uste dogun lekuetan topatzen dogu: tomate potuak, foie-grasa, ogixa, barazki kontserbak... Horretara, barazki eta fruta gordin jaliak bihurtu ezian, ixa eziñezkua izango jaku azukre dosisa zerora jaistia.

Horren ordez, zentzunak agintzen dabena azukria pausoka lagatzia da. Egunero 20 gramo hartzen baditugu, egunero 10 gramora jaistia aurrerapausua da, eta duda barik hobeto sentiduaraziko gaittu. Honek ondorixuak ekarriko dittu jakiña: hasieran tristiago egongo gara, logure, indar barik... batzutan, gabezixa-sindrome honek egun asko iraungo dittu gaiñera. Baiña gure gorputzak glukosa maillia orekatzia lortu ahala, estabilizau egingo garaz eta alaittasun nasai bat nagusittuko da gure bizitzan. Zerikusirik ez, lehenagoko euforia/tristura ziklo nekagarrixekin.

Gogotsuak, ostera, desengantxe totala aukeratu leikie, hau da: azukria guztiz baztartu. Adoria bihar da horretarako, batetik gabezixa-sindromia maximua izango dalako (depresiñua, dardarak, korputzeko miñak, azukria hartzeko desio haundixa, nekia, indar faltia, umore aldaketak, buruko miñak...) eta, gero, dieta hori mantentzia gatxa izango dalako gure gizartian. Baiña, duda barik, eragin sakonena modu honetan lortuko da. Zer esanik ez, adikziño kaso larrixetan mediku baten zaintzapian egin biharko da lehen aittatu dogun hipoglucemia arriskua kontrolatzeko.

6.3 “Azukre baltzan” kaso harrigarrixa

Edozelan be, azukre baltzakin gertatzen danak ez daka ez hanka ez bururik. Gogoratu produkto hau, azken fiñian, hondakin bat dala: ez daka azukre zurixan purotasuna (ezta beraz harek dakan “kolokatzeko” gaittasuna) eta bai prozesu industrialian zihar akumulautako hainbeste produkto: kaltzio sulfitua, sodio hidrosulfitua, azido fosforikua, sodio karbonatua... Halan be, ekologista eta naturzale asko guztiz sinistuta dagoz azukre hau zurixa baiño hobia dala, eta barra-barra kontsumitzen dabe. Azukregilliak, jakiña, pozik dagoz txartoulertu honekin eta ez dabe tautik be esaten. ¡¡Orraittiokan!! ¿zer esango dabe ba, 3º maillako hondakiña primerako produktua baiño karuago kolokatzen badabiz?

6.4 Kirolarixen jatekua

Kirolarixan elikaduria planifikatzerako orduan be azukria ezinbesteko elementutzat hartzen da, bai kirol jardunan aurreko orduetan[9] [10], baitta proban bertan (barrita energetiko eta edari isotonikuen osagarri nagusixa da); ideia hau be okerra da, jakiña.

Hontaz luze eta zabal jardun leikian arren, pista batzu baiño ez dittudaz emongo, interesa dakanak bere aldetik sakondu deixan:

  • Aurreko orduetan elikadura egokixa hartzen daben kirolarixak, ez dau bihar izaten glukosa “txuterik”. Lokomotora bati pago egurra sartzen badetsagu (elikadura egokixa) poliki erreko da eta kilometro asko egin ahal izango doguz; lastua sartzen badetsagu ostera (azukria), bapatian su haundixa eragingo dau, bai, baiña segiduan agortuko da. Hau batez be fondoko kirolarixen kasura egokitzen da.
  • Epe motzian indar haundixa egin bihar izaten daben kirolarixak (velocistak, etabar), gatxagua izaten dabe azukrian erabilpena desengantxatzeko, kirol modalidadia bera droga euforizantien erabilpenera lotuta dagolako. Baiña errendimentu altuko kirola giza-injenieritza kontu bat da[11], eta osasun aldetik ez daka zentzurik hortan sartzia.

Amaitzeko

Nere kooperatibakidien osasunian pentsauta, asko poztuko nintzake dendan izaten dogun azukre baltzezko zaku haundi horrek gero eta kontsumitzaille gitxiago izango balittu. Eta horren atzetik azukrez egindako gozokixak ekartziari lagatzia baletor (eskari faltiangaittik, jakiña), ondo baiño hobeto.

¡Ames egittia libre da, aizue!

Informaziño gehixago

 


[1] Azucarera Paraguaya http://www.azpa.com.py/ webgunian irakorri geinkiana ikuspegi konbentzionalan isladia baiño ez da. Gogoratu Espainian oin dala urte batzutako kanpañia: “Ponga azúcar en su vida”.

[2] Duffy W. Sugar Blues. Efectos del azúcar sobre la salud. Asesoría Técnica de Ediciones, 1977.

[3] Scolnik J. La mesa del vegetariano. Lidium, 1985

[4] Duffy W: 1977.

[5] Panelari buruzko artikulua Eroskiko aldizkarixan http://tinyurl.com/panelaeroski

[6] Azúcar blanco, ladrón del organismo http://tinyurl.com/nutriciondepurativa

[7] Colbin A. El poder curativo de los alimentos. Robin book, 2004

[8] Edulkorante artifizialei buruzko artikulua Eroski aldizkarixan http://tinyurl.com/edulkoranteroski

etiketak: culineitor
Amatiño
Amatiño dio:
2011/02/13 00:54

Onartu deidan hasi aurretik nik ez dakidala bape azukriaz. Ez dotela irakorri hik goixan emoten duan informaziño ugarixa. Eta ondoren esango dotena arinkerixia baino ez dala. Baina, halandabe, nik dakidanez, azukre zurixa eta baltza, onagua edo txarragua, bat besterik ez dok. Dana berbera dok eta kolorez, neurriz, itxuraz, formaz aldatzen juek merkatuan hainbat aukera diferente eskeintzeko baino ez.

Azukre-merkatua, mundu guztian, gitxi batzuen eskutan dagok. Piramide-tontorrera joezkero, hiru edo lau uezaba besterik ez dagozak. Ni uezaba horretako baten biltegixan egon izan nok Londresen, eraikuntzan erabiltzen diran caterpiller garaueaz kargatzen diran azure-mendikada baltzak eta azukre-mendikada zurixak ikusi izan jittuat alkarren ondoan eta, hango nausixak argi eta garbi esan zestanez: "All is the same. Business are business"·

Behar bada, sortzez, jatorriz, diferentiak izango zittuan, baina gaurregun errezena dok bat bakarra egin eta gero koloria, neurria, formia... komeni dan moduan egin eta kitto.

Zaloa
Zaloa dio:
2011/02/15 12:54

Interesgarrixa posta!

azkenaldixan "aspartamo" ez ditsuen produktuak aukeratu izan ditsut. entzunda nekan minbixixa dala ta oso kaltegarrixa dala... baña egixa esan nik ez dot hori informaziñuori iñun kontrastau.

berdiña pasatzen jata desodorantiekin. "aluminio cloridrato" dake geixenak eta merkatuan pare bat bakarrik topatzen ditsut hori barikuak. ia honen inguruan "ikerketa" txiki bat eitxia lortzen doten egunen baten.

Eskerrikasko!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024