Autobus bidaiarixanak
Nere helburua kotxia gero eta gitxiago erabiltzia dok; banajoiak pizkaka pizkaka, baiña ondiok larregittan hartu bihar izaten juat bolantia nere gustorako. Halan be, esango neuke egunen baten lortuko dotela hori kentzia, eta iñora mobidu bihar naizenian, transporte publikuak erabiltzia, antxiñako legez. Ia jubilatzeko ordua baiño lehenago dan, ejem...
Izan be, oin nere gadget guztiekin nabillela, asko gogoratzen nok oin dala 20 urteko autobus biajiekin. Eta batez be geltokixekin, bakotxa bere pertsonalidadiakin.
Goguan jaukat Pontevedrako geltokixa: itxura sobietikozko piso bixak; taberna kutria; “hildako” txakurrak lurrian part botata; enpanada gozuak saltzen zeben dendia; “anbientedun” komuna (joder zelako tabarria emon jestan bigotedun harek, azkenian barrezka amaittu genduan bixok).
Eta lehenago, Valenciako geltoki erraldoi ha, ixa kanpofoballa lakotxia, dana porlana, eskultura haundixan morokua. Hori autobusekua: eze, Valencian ezagutu neban lehelengua trenana izan zuan. Belle epoque, art decó edo ez dakitt zer estilokua: hain politta, eta hain enpanadilla gozuekin (boniatozkuak atunezkuak baiño hobe, hónekin beti bihotzerria).
Bakardade haundiko denpora legez gogoratzen juat hori guztihori, telefono kabinen denporia (mobillez berbetan zoianari kaletik begira geratzen giñanekua). Halan be, desolaziño horrek erakarri be egitten najinduan, eta erakartzen nok ondiok. Geltoki zikiñetan, jente ezezagunen artian, kotxe elegante eta abioietan mobitzen dan jentiangandik hain urriñ... Eta etxakat esplikaziñorik horretarako (Agur ta banoa / ni ez bait naiz hemengoa....).
Tabakuan denporia zuan bebai.Artian autobus barruetan erre zeikian, eta orduantxe jarri juen debekua. Jentiak, halan be, etxuan kasorik egitten. Goguan dakat Eibar-Pontevedra biajian zelakua montau neban, bost lagunek batera zigarrua ixotu zebenian... Eta orduan ez zestan hainbeste molestatzen; oiñ botaguria etortzen jatak asientuen tapizerixia eta tabako usaiñan arteko nahastia gogoratzian.
Ederra aldia gaur egunakin, bai. Segapotuak etxakek segapoto formarik any more: edonun tuiteatzen, edo albistiak ikusten, edo idazten... Asko aldatu dok geltokixetan orduak pasatzeko formia.
Halan be, baakixat hau ez dala unibertsala: sasiaberatsen arteko gauzia bakarrik dok (eta sasiaberastasun hori beheraka joiak, gogoratu). Gaur egunian, hautsa eta lokatza nagusi dirazen errepidietan lehenagoko geltokixak, nere errekuerduetako ordu geldixak, barriro bizitzeko aukera asko egongo dala uste juat. Eta jentiak ondiok kalera urtengo dau lagunen billa (“perdidarik” egin barik). Eta auzoko umiak lagunen pegorako txirriña joko juek, ia jolastera jaitsiko dan galdetzeko...