Aperitibo mudejarrak gosia biztu
Gaba toledano xamarra espero genduan, umiak etxe arrotzian trankil egongo ez ziralakuan, batez be oheburuko talla alegoriko-fantasmagorikuak ikusitta. Baiña ez: denpora egokixan geratu jakuz lotan, bakotxa bere ohian. Gabeko 5.00etatik aurrera hasi gara esnatzen, baiña arazua termodinamikua izan da. Nahiz eta etxeko estufa guztiak emetau doguzen, komunetakuak salbu, lo perfektuak bihar dabena baiño berotxuegi zeguan goiko pisua. Gaur leihuak erdizabalik lagako doguz, eta horrekin uste dot ederto egingo dogula lo.
Plan asko egin leikez Banu Qasitarren lurralde honetan; eusko-islamiarrekin zerikusixa daken herrixak bisittatzen bakarrik, denpora guztia emongo genduke, baiña 1000 bidar pekatu bera egin ostian, eskarmentauta gagoz: ez daixezela oporrak bizimodu normala baiño estresantiago izan, behintzat. Batez be mutiko bigurri bi tartian dagozenian.
Beraz, gauza gitxi egitteko konfabulau gara Ane eta bixok. Nikok eta Tomaxek, jakiña, guk agintzen doguna egingo dabe (ez gara guraso “modernuak”, planak egitterakuan umiekin kontsultatzen dabenak-eta).
Gaur Tarazonara juan gara; asteko erosketak egittiaz aparte (helburu praktikua), herrixak be merezi dabela entzun dogulako handik eta hamendik. Hala da. Hamen inguruko herri guztiak daken kolore arre hori daka, Euskal Herri berdetik gatozenei hainbeste inpresionatzen gaittuena lehelengo begi kolpian. Dana lurra, dana adobia. Arkitektura mudejarra nagusi alde zaharrian, guk ikusi dogun horretan behintzat. Izan be, aukeratu dogun zatitxua juderixia izan da. Herri kasko altuko murallen azpixan kokatutako ghettua, “calles de cuatro codos” dittuana (sic, nik esku bixekin pareta bixak ikutu neikiazen), eta denpora modernuaguetan be, jente pobrien bizilekua izan zana (andra batek kontau deskuanez, goiko auzo aberatsetatik neskamiak egurrezko eskillaretan behera bajatzen ziran bertara, pittarrak urez betetzera). Ezin izan dogu asko sakondu, beraz, baiña ezagun da “Tarasunak” asko dakala ikusteko.
Bide batez, zelan ez, nere ikaskide Cesar Gonzalezengaittik galdetu dot, baitta laster topau be. Sorpresa haundixa emon detsat, eta neretako oso atsegiña izan da berakin kontsulta atarixan izandako barriketaldi motza. Ez neban tratu haundirik izan berakin, baiña halan be pertsona batzukin kimika berezixa sortzen da, eta Cesarrekin hala izan zan, osteopatia Zaragozan alkarrekin ikasittako hiru urtietan. Egixa esanda, aragoiarrekin errez gertatzen jatan gauzia da hori.