Hurrengo argazkixan, tia Aurora dakagu. Nik neuk ez neban ezagutu, eta ez dakitt gauza haundirik berari buruz, baiña etxian entzun doten apurrangaittik, esango neuke familixan oso estimatua izan zala. Ez zan ezkondu. Bere argazkixei begira, esan neike politikoki aktibua izan zala (maiatzan 1-eko manifetara-eta juaten zan), eta emakume oso guapia begittantzen jatala. Igual oker nago, baiña bere arpegixak pakia eta lasaittasuna transmititzen desta.
Oin datozenetan, barriro agertzen da aittitta Akilino. Musikarixen argazkixak diraz; euretako batzuk banda munizipalekuak, eta beste batzuk talde informalaguak. Euren artian ixa ez dot iñor ezagutzen, Akilino bera, Ildefonso Irusta zuzendarixa eta Indalecio Ojanguren kenduta. Baiña seguro nago bateronbatek zehaztasun gehixago emon ahal izango dittuala.
Hurrengo honetan, gazte talde bat agertzen da, 1916 urtian. Esango neuke Eskola Armerixako bigarren promoziñokuak dirazela, baiña ez nago seguru. Atzian idatzitta daka: "Eibar 20 de diciembre de 1916. Tio Tomas (erdiko filan, ezkerretik lehelengua). Besteen artean, Sotero Zamacola ta Antonio Telleria ta Benito Galarraga".
Hurrengo honetan, amama Ines agertzen da (beheko filan ezkerretik bigarrena; ze neska politta!). Ez dittu 3-4 urte izango; beraz, 1905 ingurukua izan bihar da. Ez dakitt Eibarko ze eskola izan leikian. Monjena ez, behintzat!
Amama Ines, ume-umetan ezagutu neban nik; bere oroitzapen gozua dakat. Gerora kontauta jakin dot, bere lagunekin juntatzen zanian, danak
noka ibiltzen zirala txatxaran, eta ordurako deigarrixa ei zala hori, batetik andren hittanua atzera zoialako, eta bestetik, 1950. hamarkadako Eibarren, kaleko andren artian erderia nagusittu zalako. Argazki hau ikusitta, politta da neska hórretan pentsatzia, patixuan olgetan, danak bigurrikerixetan, euren artian noka egiñez ibilliko zirala.