Albokari kaskarra
Artian ez zittuan bape ezagunak, ez Maurizia eta ezta albokia be (ederto aldatu dok hori!) eta sorpresia hartu najuan grabaziño hori zeiñek eta Ruper Ordorikak ekoitzittakua zala ikustian (1988); oin dala gitxi jakin izan juat grabaketa saio horren nundik-norakuak, komikiz (UBEDA, Garbiñe, GARLUK. 2025. Maurizia, biziminaren hotsa. Ikastolen Elkartea). Kaset hori entzutziakin batera, klarinete bikotx horren soiñu hipnotikuak sorgindu ninduan, eta laster hasi jataan alboka bat eskuratzeko gogua. Nun erosi baiña? Oin be dendetan topatzia gatxa bada, etara kontuak orduan... Handik-hamendik galdetuta, Ermuko "Musikal Araba"n-eta, jakin najuan albokagille bi ba zirala, tresnak egin eta saltzen jittuezela: Juan Antonio Martínez Osses, Otazun, eta Joseba Gastiain, Antzuolan. Eta hurren nekanari deittu najetsan.
Ondo gogoratzen juat Gastiaiñekin izan nintzanekua. Bere etxian hartu najinduan, eta han egon giñuan barriketan pare bat orduz. Materialak erakutsi jestazen, baitta fabrikaziño prozesuan martxan jittuan tresnak be. Fase dezbardiñetan jeguazen; adar batzuk egosten, beste batzueri egurrezko eraztunekin formia emoten, buztarrixak ebaten... txirulak-eta be ba jittuazen, tallarreko tornoren bat erabiltzen juan egurrari formia emoteko. Orduan, neuretako izango zan tresna horren materixalak aukeratzen hasi giñuan: egosten jeukan adarren artian mehetxo bat aukeratu najuan, bal-baltza, fiña; tutuetarako barriz, harek gomendatu jestan egur gogorra (palo rosa?); eta buztarrirako keixa-arbola (detalle guztiak ez jittuadaz ondo gogoratzen, buruz najabilk). Aldez aurretik adostutako dirua be emon netsan, 20.000 pezeta (120 euro; ez gitxi, kontuan hartuta epoka hartan biharrian 85.000 bat pezeta kobratzen najittuala). Halan geratu giñuan ba, telefonoz kontaktuan. Ez juan denpora asko pasau, aste batzuk, tresnia prest jeguala esan arte; eta hantxe juan najakon barriro Antzuolara, albokia hartzera. Oso elegantia begittandu jataan, kolore illun gorrixketan, nik neuk aukeratutako materixalak txukun montauta eta puliduta, apropos josittako zorro baten barruan. Neure poza!
Hurrengo, jotzen ikastia izan zuan. Arrasate Musikalian klasiak emoten zirala entzun eta hantxe apuntau nintzuan. Sergio zuan irakaslia, Bittorixakua, txarto gogoratzen ez badot, eta zapatu goizetan-edo juntatzen giñuan; gehixenetan Xabi izaten najuan ikaskide, Arrasateko jebi gazte bat. Kurtso bat-edo aguantau gajenduan; ikasle gitxi giñuazen, eta Sergiori be etorri eziña suertau jakon, eta... halan geldittu zuan gauzia. Baiña nik ordurako sei-zazpi doiñu jotzeko gai nintzuan, kalian zarataka ibiltzeko beste. Sasoi horretan Markina-Xemeingo Eup! Irratixan najenbixan eta, ferixa egun batez, gasoil bidoi baten gaiñian ekittaldixa egin nebala gogoratzen juat, Joana "Trotixa" eta beste neska batekin. Dirutxo bat bildu gajenduan radixorako!
Denpora batez neure kontura ibilli nintzuan, baiña sekulan ez najuan solturarik hartu zorixoneko arnas-zirkularreko-putzakin, batez be regularki ez entsaiatziangaittik. Izan be, arnas horretarako muskulua biok, eta muskuluori egitteko jo ein biok! Neure arazo nagusiña entsaiatzeko lekua zuan. Albokia jotzia oso eskandalosua dok, ezin dok edonun eta edonoiz jo. Batengaittik edo bestiangaittik, ezin najuan bihar dan beste jo eta, horrenbestez, erdipurdiko nibeletik ez nok sekula pasau.

Ordurako, albokia bere arrarotasunetik urtendako kontu bat zuan. Lehenagoko 4 katueri, neure moduan -baiña arrakasta gehitxugoakin- ikasittako jentia batu jaken eta, pixkaka, masa kritiko bat sortu zuan. Festetan albokari bat entzutzia, normala izan barik, ez zuan hain arrarua -espontaneua, zein kontratautakua-. Doiñu barrixak agertu zittuan; 1996xan Ibon Koteronen diskua; 1998an Kepa Junkeran "Bok Espok"... Albokarixen biltzar festibuak egitten hasi zittuan... Halan be, 2001ian Txilibrinen alboka bat topau najuan rastruan eta saltzailliak 5000 pezeta bakarrik eskatu jestaazen (30 euro). Horra, artian musika tresna honek jekan estimu laburran neurrixa!
Ikasteko, eta regulartasunez jotzeko beste aukera bat Ondarruko Kresala Kultur Elkartetik etorri jataan, neure lantokittik 100 metrora. Fede de Dios izan zuan irakasle eta, txarto gogoratzen ez badot 4 ikasle giñuazen, lekittar 2, ondarrutar 1, eta ni. Honek astero zeozer jotzeko diziplina moduko bat ekarri jestaan; erreztasun gehixago ezin! Halan be, ez najuan neure atasko edo "kristalezko tetxuori" pasau; egixa esan, Feden irakasteko teknikia perfekzionista xamarra zuan eta, musiko ona izateko hori ezinbestekua badok be, neri-neuri ez ninduan asko motibatzen (nahixago juat kantu asko erdi-ondo jotzia, bakarrak perfekto urtetzia baiño). Edozelan be, gustora ibilli nintzuan. Ez juat ondo gogoratzen zelan amaittu zuan aldi hori; pentsau lajeikek hor be ikasle faltia izango zala.
Ordutik hona, dekadentzia. Lehen gitxigorabehera entsaiauta, erdipurdiko albokari kaskarra izatetik pasau ez banintzuan, ba ixa bape jo barik zer izatera allegau naizen, etara kontuak. Hain da eze, katxarro zaharrak kentzen nabillen honetan, oin dala pare bat hille alboka bixak saltzia be serixuan pentsatzen hasi nintzuala. Eta testu hau idazten hasi nintzuan, neure instrumentu maittiori bihar-dan-moduko agurra egin nahixan.
Baiña, gauzak zer dirazen. Idatzi ahala, Gastiaiñen albokian sorrera prozesua berbizi najuan eta, arraixua, pena itzala emon jestaan hain tresna politt eta elegantia, neure neurri eta gustura egindakua, kentzia. Orduan, ba, esan najuan: "Bueno, momentuz alboka bixak barik, bat baiño etxuat salduko: Txilibriñena". Izan be, neuk ez najuan gizona ezagutu eta, esandako moduan, lau xemeikotan lortu najuan. Kontuan hartuta alboka barrixak zenbatian saltzen dirazen, VIP batena izanda, diru majo bat lortuko najuan seguru! Eta beraz, Txilibriñen tresneri buruzko info biltzen hasi nintzuan, erostaillieri esplikatzeko.
Eta barriro gauza bera: info hori bildu ahala (Txilibriñen biografixia... bere alboken apainketak... fabrikaziño tradizionalan detalliak...) hostia, ba jabetzen hasi nintzuan etxian dakadazen trasto bixon balixuaz. Izan be, hónek alboka bixok instrumentuan garapenian egon dan aldaketa garrantzitsu baten lekuko bizixak dittuk: instrumentu tradizionalen ezaugarri teknikuak vs. Gastiain/Ossesek sartutako barrikuntza tonalak... eskala kanonikora egindako afinaziñua (beste instrumentuekin jo ahal izatia ahalbidetu dabena)...
Hori gitxi balitz, artikulo hau idazten hasi nintzanian, Feden webgunia eta tutorialak ikusi eta... jode, barriro saltseatzeko gogua sartu jataan!
Lehenago esandako legez, neure arazo nagusiña entsaiatzeko lekua dok; iñok ez jestak sekulan errixetan egin, baiña nik ba jakixat zer dan auzuan instrumento estridente bat entzutzia, txarto jota gaiñera, eta auzokidiak goguan, ezin juat eroso jo. Dulzainerueri be antzerako gauzia gertatzen jakelakuan, billaka hasi eta sordina bat erabiltzen hasi dirala ikusi juat, lehenago Galiziako xirularru joliek garatutakuan aldaera bat. Alboka-sordineri buruz etxuat bape topau, baiña kontuan hartuta neure aurreko esperimentuak (pabelloia trapuz betetzia, alperrik), napar/galiziarren sordinen ezaugarrixak, eta edredoi batekin egindako aproba bat, uste juat ganorazko zeozer josi ahal izango dotela, lasaittasunez entsaiatzeko.
Gastiaiñen albokia
Lehen deskribatu juat pixkat eta, barriro esango juat, oso elegantia eta liraiña dok; soiñua be hala jaukak, goxua eta atsegiña. Trote haundixa hartuta jaukak (batzutan "tratu txarrak" be) eta, arpegi garbiketa bat bihar bajok be (pulidu eta barnizatzia, barrena) dotoretasuna gordetzen jok, torlojo-ultze-juntura guztiak etxakoz izpirik be mobidu, eta maitte-maitte juat.

Txilibriñen albokia
Alboka honen egillia Silvestre Elezkano "Txilibrin" (Igorre 1912 - Bilbo 2003) dok. Buztarrixan diseñua berak askotan erabillittakua dok. Bere lelo sabindar kriptiko karakteristikua ikusitta ("Txilik emon suri besuza", iñoiz enterauko al naiz zer esan gura daben zehazki), pabelloian agertzen dan bikotiari oparitzeko egingo juan kontizu: panderua eskutan, eta adarra ahuan agertzen dirazen andra-gizonak dittuk, basarrittar jantzi tradizionalakin, azpixan "Niko eta Jose" idatzitta. Erromerixetako beste musikariren batzuk ete? Biharbada adituren batek argittu lajeikek. Pertsona irudixok adarrian grabauta jagozak, eta bixen artian "Zazpiak bat" eskudu bat agertzen dok. Apaingarri guztiak pintturaz errepasauta dagoz, eta oiñ arte, argizariz pegauta jeguazela pentsau izan juat; oiñ, ostera, konturatu nauk (Txilibriñen beste ale batzuk ikusitta) ezetz, adarrian bertan bajorreliebian grabauta dagozela. Kriston bigharra! Zazpiak Bata Txilibrinen beste alboka askotan agertzen duan apaingarrixa dok; ez ostera, soka borladuna. Izan be, Txilibrinen alboka gehixenak katedunak dittuk, kendu-ipintzeko pabelloia buztarrira lotzeko. Kasu honetan, pabelloia torlojuakin lotuta jagok eta soka borladuna apaingarri hutsa dok.
Torlojuakin lotuta bakarrik ez: gaiñera, junta guztiak argizariz hartuta jagozak, albokako beste parte guztiekin batera, eta esango najeukek honek zerikusixa izan leikiala alboka honen soiñu indartsuakin. Eta bai: Gastiaiñenan aldian, Txilibrinen tresna honen soiñua nabarmen ozenagua dok. Bistan danez, hori ona dok kalian jotzeko, giro zaratatsuan, pandero baten aldian. Kontuan hartu bihar dok alboka honen zuluen arteko distantzixia regularra dala (2,5 zm), lehen egitten zan eran, eta horrenbestez eziñezkua dok modu estandarrian afinautako beste instrumentuekin jotzia. Bera bakarrik jo biok. Protagonista. Bere soiñu ikaragarrixa bat jatork horrekin.

Epilogua
Hauxe dok markia. Artikulu hau alboka bixeri agur egitteko idazten hasi, eta ez bata ez bestia. Eta diru majua lortuko najeukian seguru! (Ossesek 600 eurotik goratan saltzen jabizak barrixak). Baiña tati.




