Adela, azken txanpa
Adela Larrañaga Berasueta, gure ama. Bere omenez, zer hobeto fraille frantziskotar batek idatzittako eta gasteiztar batek musikatutako bertso ateo batzuk:
Aleluia, bai. Gaur bertan bere gorputza erreko dogu, eta errautsak maitekiro gorde harik eta agur adeitsu bat emon ahal izan arte.
Izan be, COVID-19 erdixan gertatu da aman beherakada bizkorra, pandemixiari aurre egitteko neurri gogorrenak indarrian zirala. Baiña, nere ustien kontra, suerte haundixa izan dogu eta bere azken egunetan ondo zaintzeko eta maittatuta sentitzeko aukeria izan dogu. Kontuan hartu behar dogu askok ez dabela suerte hori izan; gu behintzat asko gogoratu gara euren min sakonakin; zuek be ez egizuez ahaztu.
Eta bai: izurritia une ezin txarraguan gertatu jaku: ama lehendik zeguan gaixorik (minbizixa, metastasisakin, fase terminal paliatibuan + 90 urtekin ohikuak dirazen multipatologiak = egunero 15 bat pastilla, injekziño eta neurketa, folixo baten justu-justu kabitzen dan hoja de ruta korapillotsua). Justu oin dala urtebete etxeko langille bat kontratau behar izan genduan, Silvia, egunero 3 orduz; ordurarte bakarrik bizi izan zan. Bere egoeria kaskartzen juan ahala, orduak be halaxen, eta azken hillietan Silvia astian 5 egun / 24 ordura ipiñi behar izan genduan. Egoera horretan zeguan, izurrixa allegau zanian: bixak etxian konfinatuta geratu ziran (Silviak asteburutan Bilboko beste emakume bat zaintzen zeban, eta hara juan ezinda amakin geratu behar izan zan, ez dakalako etxe propiorik).
****DISCLAIMER****
Zure guraso zaharrendako erregalorik onena
Iñor bere gurasuak zaintzeko pertsona baten billa badabil, bihotzez gomendatzen detsagu Silvia. Urtebetian behin eta barriro frogatu dau bere balixua, zintzotasuna, prestutasuna, adeitasuna eta gozotasuna; egoera onetan, zein txarretan; eta bai amak, bai bere seme-alabak esker onak baiño ez dakagu berendako; behargiña baiño gehixago, laguna bihurtu da; eta hori dala eta, alarma egoeria pasau arte edo/eta lanpostu barrixa topau arte, gure etxian geratuko da. Edozein herrittara mobitzeko prest dago.
Interesa izan ezkero, kontaktau nerekin.
****DISCLAIMER***
Lehenguakin jarraittuz, zenbat bidar esan dogu "eskerrak Silviakin egon dala"; bestela, ama etxian bakarrik eta bisittau ezinda, gure buruhausteak askoz be haundixaguak izango ziran. Halan be (beti dago "halan be"ren bat) konfinamendu egoeriak kalte haundixak eragin dittu pertsona nagusixen gaiñian, eta gure aman kasua horren adibide esanguratsua izan da. Ez dalako bardiña kalian ibiltzia, eta pasilluan gora eta behera jardutia; halan, abrillan 6xan, oiñez zoiala mokorra hautsi jakon. Mendaroko ospittalian, ez dakat azaldu beharrik zein zan egoeria: astronautaz jantzittako osagilliak, eta gaixuak bakarrik. 90 urteko pertsona batendako egoera ezin perturbadoriagua.
Ordurako hillabete nenguan ama ikusi barik, eta bere historia klinikua ezagututa, total sinistuta nenguan ez nebala barriro ikusiko. Oso gauza gogorra neretako: aitta ezin izan neban ikusi, hil aurretik (Valentzian ikasten nenguan) eta neretako oso garrantzitsua zan aman onduan egotia. Azken astiak tentsiño eta kezka haundikuak izan diraz: amakin bideokonferentziaz pozik eta alai agertu nahi, baiña barruan korapillua. Eta ezin ezer egin! Osagillien egoeria ulertzen neban, eta esan beharra dago ondo baiño hobeto zaindu dabela ama; baiña eginahalak eginda be, ama batek bere etxekuekin nahi.
Aste honetan, bere prozesuan bizkortze bat detektau zeben baiña; eta, detalliak detalle, kontua da begi bistan geldittu zala ama bere bizitzako azken egunetan zeguala. Eta, osagillien iritzixakin bat etorritta, aukeratu behar izan genduan: edo ospittaleko tratamendu bikaiñakin segidu, baiña bakarrik; edo etxera etorri, tratamendu ez hain bikaiñakin jarraittuz, baiña gurekin. Danok ados egon giñan bigarren aukeria zala onena.
Halan, gizarte-langillian laguntziakin, etxia Gipuzkoako Foru Aldundixak lagatako materialekin prestau genduan (ohe artikulaua, aulka gurpilduna...) eta eguenian, abrillan 30ian, ekarri zeben dana. Ama etxian sartziakin batera, horren eragin "analgesikua" begibistan geldittu zan: gorputzez nekatuta zeguan, baiña buru argiz, eta bere barruan poza zan nagusi; gehittu horri seme-alabak bertan izatia. Emakumia zeruan zeguan. Egoeria gogorra izanda, oso ederra izan zan. Zenbat bidar esan zeban, egun horretan eta gabaz (gaba txarrak pasatzen zittuan-eta, lo gitxikuak): "Ze ondo nagon", "Zenbat maitte zaittuedan", "Ze pozik nagon"... 60 bidar? 100 bidar? Hortik-hortik. Eta gu onduan, berari begira, eskutik, besotik, gerrittik eta burutik helduta, eta laztanak emon eta emon. Ikusten genduan-eta, horrek beregan zekan eragin mesedegarri haundixa. Benetako analgesiko indartsua.
Prozesua aurrera zoian, halan be, eta egun horretan bertan ikusi genduan, bezperan ez bezala, ya ez zala jarritta egoteko gai; eguen arratsaldetik aurrera ez zan ohetik jaikiko; eta gabian, esandako legez, estualdixak, sofokuak etabarrak ez zetsen pakerik emoten (eskerrak opioide bedeinkatueri, gaixo bat min barik eta trankil mantentzeko ahalbidetzen dabenak). Goizaldeko 05:30ak izango ziran guardian genguazenok herixotza-trazak hartzen hasi giñanian; 7:30ak aldian, berakin berba eginda (artian konszientzia pixkat gordetzen zeban: justu baietz-ezetz buruakin esateko laiñ) galdetu netsan ia beste seme-alabak ikusi nahi ete zittuan, eta baietz. Abisua pasauta, anai-arrebak han bildu giñan; loibei be abisatzia erabagi genduan, amamari azken agurra emoteko. Orduan etorri zan sorpresia.
Izan be, horixe kontau nahi dot, aittitta-amamak bizirik dozuezenok, konturatu zaittiezen zelako garrantzixa dakazuen eurendako.
Kontua da, lehelen loiba zaharrenak agertu zirala, Ariane eta Jon. Amak 54 urte zittuan jaixo ziranian, eta denpora asko pasau dau eurekin. Nik, amak eskuak jasotzeko indarrik ez zekazenez, bere onduan ipiñi ziranian eskuak hartzeko esan netsen, eta euren arpegittik, burutik pasatzeko. 30 urtetik gorakuak izan arren, gure gurasuendako eta gure aittitta-amamendako beti izango gara umiak: eta umiei eskua burutik, arpegittik pasatzia guraso eta aittitta-amama batek umiari maittasuna adierazteko modurik esanguratsuenetako bat da. Neuk be asko egin dot hori, ama hilzorixan egon dan artian: bere esku indarrik bakua hartu, eta nere arpegittik, nere burutik pasau. Guapo, guaapo, guaaaapo.
Eta horretan hastian, ama berpiztu egin zan. Ez dakitt nungo zoko ezkututik etorri zan indarra. Eskuak, besuak, bere kontura mobitzen hasi eta gogor estutzen, eta besarkatzen hasi zan. Baitta berbetan be: euren loiba maittiak onduan sentitzian igarri zeban poza hain haundixa izan zan eze, ordu erdiz, eurekin barriketan jardun zeban, pozarren. Eguneroko bizitzako gauzak komentatzen-eta. Ingurukuak, aho zabalik, kantatzen be ikusi genduan: maiatzan 1a zala eta, zer eta Internazionala! Horixe izan zan bere azken kantua.
Ostian, bizitzian legiak bere bidera ekarri zeban, eta pixkaka-pixkaka lehengo modura gelditzen juan zan. Baiña danok konsziente izan giñan oso gauza pozgarri eta harrigarrixa bizi izanaz; bai ingurukuok, bai amak berak. Eguardirako, konszientzia arrastuak be desagertu ziran; eta hortik aurrera, gure beharra heriotzerako bidia erreztia izan zan. Maiatzan 2xan 18:35ak arteko ordu luziak aparteko kontakizun bat mereziko leukie, baiña gaurkoz nahikua; miñik edo estuasunik pasau barik izan zala, eta maittasunez inguratuta, hori da garrantzitsuena.
Laburpena:
- Ospittaletan isolatuta (izan) dirazenekin gogoratu.
- Silvia kontratau nahi badozue, bizkor ibilli (laster kendukotsue bestela).
- Loibak, aittitta-amamekin asko egon.
Hil aurreko berpizte fase horri buruz, nik horrelakoren bat ere ezagutu dut bikotearen familian eta oso oroitzapen polita dut. Osaba azkenetan zela, egun batean altxatu, kantatu, dantzatu, kontu zaharrak berritu, barre, algaraka barre, pasadizo xelebreak gogoratu... zer ez genduen egin. Gauza ederra izan zen, oroitzapen alaia utzi zigun.