3 eguneko gudia
Esan bihar da martitzenerarte Aranjuezen tratu on bat emon zeskuenela (Basauri, Burgos eta Valdemororen aldian behintzat). Egun horretatik aurrera baiña, gauzak okertzen hasi ziran; ez ziran ados jartzen gure destinuarekin, eta heldu giñan momentutik laugarrengo moduloko urdiñen jarreria probokatzaille ta prepotentia izan zan.
Urdiñak gu besain harrittuta dagoz preso politiko bi han ikustian; ezagun da gu hara eruateko agindua goitxik etorri dala.
“Ez dot ulertzen zergaitxik ekarri gaittuzuen hona. Gu ez dogu gura hamen egon, eta nahixago dogu isolamendu ziegetara edo atzera ingreso modulora juatia hamen egotia baiño“- diotset, beti edukaziñoz.
“Baiña hamen ez da ezer gertatzen barren“ - dio urdiñak, oharkabian legez.
“Ez, zera: orain dala aste batzu egondako istilluei buruz dana dakigu!“.
“Istilluak? Ez gizona, iñork ez zaittue jipoittuko. Hamen, labankadak bakarrik“ - erantzuten dezku gazte harek, eta serio-serio geratzen jaku begixetara begira.
Putasemia guri desafioka ari da. Oldartu eta zarataka hasten gara, eta gu mantsbotzeko edo, lasai egoteko diñozkue, liskarra egon ezkero eurak etorriko litzakezela, etabar. Baiña berandu da, guri larrittasuna kenduko dezkuanik ez dago han, ordurako ikusi dogu ta zein dan gurekiko dauken jarreria. Goiko ziegetara eruaten gaittuez gogoz kontra, pasilluetan gu bakarrik noski (preso politikuen trasladuak beti desorduetan egitten dittuez, besteak txapatuta dagozenian) eta diskusiño betian:
“Ba dakigula ba, euskal presuekin arazuak egon dirala!!“
“Zer diñozu? Biharbada jatorri euskalduneko preso espainolei buruz ari zara?“ – erantzuten dezku atzetik kartzelero gazte malparatu harek, serixotasun ironikuaz.
Ahozabalik geratzen naiz, barre nerbioso bat urtetzen jata, baiña era berian toki oso arriskutsu baten jauzi garala ohartzen naiz. Itzuli eta kartzeleruari gerra gogua izatia aurpegiratzen detzat, une oso tentso baten. Beste urdin nagusixago bat sartzen da bittartian. Gabeko hamarrak ingurua izango da. Esandako moduan, gu besain harrittuta dagoz eurak, baiña umemoko hori eta bere lagunen jarreria probokaziño hutsezkua da. Gu 4garrengo moduluan sartzia erabaki dabenarena legez.
Aurreko egunetan ez bezela, 4garrengo moduluan sartzian bixok jarri gintxuezen txabolo berian. ¿Alkar babesteko? Imajinatu leike martitzeneko gaba hori zelan pasatu genduan: hurrengo egunian beste presuekin edozer gertatu zeikian. 150 bat preso sozialen artian, politikuak gu bixok giñan bakarrik, eta halako aurrekarixekin... Goixian jantokira jaitsi giñanian, beste guztiokin batera, esertzeko lekuren bat billatzia izan zan lehenengo biharra (han bakotxak bere lekua dauka, eta dana beteta egoten da). Kundako ezagunen bat topatu genduan, eta ha ta beste batzurengana arrimauta ba tira, topatu genduan zeozer; baiña “badaezpada urteeratik hurran jartzia“ gomendatu zeskuen, istilluak egon ezkero bizkor iges egin ahal izateko. Aholku lasaigarrixa benetan, hango giruan adierazle. Hala pasatu genduzen ba lehenengo orduak, alerta totalian eta begixak zabal-zabalik. Baiña pizkaka hainbesterako ez zala konturatu giñan. Euskaldunekin liskarra izandako presuak, gure billa ibili barik, iges egitten zeskuen; gu baiño bildur gehixago zeuken kotxauak. Bestiok ez zeben arazorik nahi, eta hasiera-hasieratik lagundu egin zeskuen, borondate ona erakutsi nahixan (edarontzixak emon, falta jakuan erratz bat lortu...). Jende asko etortzen jakuan, euskaldun batzu modulo hartan ikustiagaitxik harrittuta eta tentsiñúa arindu guran. Laster ikusi genduan han ez zeguala istillu gogorik, eta modulo hortan egon giñan denpora guztian ez genduan kejarik izan presuen aldetik.
Oso desberdina izan zan, baiña, kartzeleruekin. 4garren moduluan sartzia probokáziño argixa izan zan guretako, eta presuekin ondo konpondu arren, ez genguazen prest guri adarra holan jotzen lagatzeko. Modulo laukote bakotxak erdiko espazixo amankomun bat dauka, kurutze formako horma batzukin lau patixotan banatuta. 4garrengo moduloko leihuetatik 5 eta 6 moduloko leihuak ikusten genduzen 200 bat metrotara, eta patixotik 3garrengo moduloko leiho batzu genkazen 50 bat metrotara. 3, 5 eta 6 modulo hauetako bakotxian 4 edo 5 euskaldun zeguazen. Eurekin segiduan jarri giñan kontaktuan, 5 eta 6kuekin leihuetatik orruka eta 3kuekin patixoko hormako zartada batetik berbetan. Eurak be aztoratuta zeguazen, zeaitxik eze, kartzelako zuzendarixarekin 4garrenguan euskaldunik ez sartzeko tratua eginda ei zeuken, eta hau eurendako be ba zan probokaziño bat. Eguazten guztia pasatu genduan alkarrekin komunikatzen orduero, hormatik ez ba zan leihuetatik. Probokáziño honetaz eta beste gauza batzuei buruz arittu giñan; hain zuzen be, ordu batzu lehenago ETAko gazte bi hil barrixak ziran, lehergaillu motxilla bat ustekabian eztanda egitxian. Ikusi genduzen bai, modulo bakotxian zapi baltzdun 4 edo 5 ikurrina leiho sarietan, baiña ez genduan ordurarte jakin zergaitxik zan (ez genkan ez irratirik, ez egunkaririk). Kontua da, protesta legez, eguen eta barixakuan txapeo bat (patixora urten ez) antolatzen zeguazela Euskal Preso Politikuen kolektibokuak, eta gu ia taldian sartzen giñan edo ez jakin bihar zeben. Esan zeskuen gure erabakixa edozein izanda be, eurak bardin lagunduko zeskuenela, euren asmua ez zalako gu presionatzia; baiña estrategixa kontuagaitxik bizkor jakin bihar zebela gure erabakixa. Hala ibili giñan ba, Pablo ta bixok berba egin, gero 3kuei esan, harek ez dakit zelan 5 eta 6kuekin berba egin, eta gero barriro gurekin, eta... Azkenian bi edo hiru erronda egin eta gero, zera esan gentzen: gu anarkistak giñala eta ez ezker abertzalekuak, beraz euren kolektibuan sartzia ez genduala koherentia ikusten, are gehixago kontuan hartuz gure kalterako izango zala; baiña hala eta guzti be euren ekimenei buruz informatzeko, konforme genguazen ekintzetan parte hartzia nahi gendualako. Agindutako moduan, ez zeskuen pegarik jarri, eta gaiñera instantzixa bat jartzeko gomendatu zeskuen Kolektibotik kanpo geratzen giñala adieraziz, horrekin gu moduloz aldatzeko presio gehixago egitteko. Eurak gu laguntzen jarraitzeko berbia mantendu zeben, eta arratsalde horretan bertan horma gaiñetik telefono diru-txartel bat eta esandako eskarixa egitteko instantzixa modelo batzu bota zeskuezen, tabako pakete baten sartuta. 3, 5, 6 eta 7 moduluetan sartuko ez gintxuezenez (argi zeguan), 12garrengo modulora eskatzia gomendatu zeskuen, han kolektibotik kanpuan geratutako beste euskaldun bat ei zeguan eta. Gu bestalde, 1 moduluan beste anarkista bat (Garcés, historikoren bat) zeguala jakin genduan, eta hara bebai eskatzia erabaki genduan.
Ordurako tangana politta genkan urdiñekin. Instantzixak sartu genduazen, zuzendarixari probokaziño haxe guri azaltzeko exijittuaz. Gaiñera, beste politikuekin lotsa barik genbizen berba ta berba kartzeleruen aurrian (debekatuta dago), eta behin baiño gehixagotan megafonixaz deittu ninduten. Garittako bentanillara juan eta agirika egitten zesten, hori ez egitteko esanaz. Nik kasorik bez ez neban egitten –politikuak bildurrik ez izateko esan zeskuen, ez zeskuenela joko-, eta hurrengo hitzorduan 3garren modulokuekin berbetan egittera juaten nintzan hormako zartadara. Urdiñak hasarre, pare bat bidar eruan ninduten gela apartatu batera aurrez aurre diskutitzeko. Lehenengo eguneko gazte kabroia eta beste artaburu batek. Gu mehatxatzeko ez zeuken beste armarik parte bat egitxia (partiak presuaren jarrerari buruzko informe txarrak dira, gero permisuak emoteko orduan kaltegarrixak; guri bost ajola, politikuak ez bait dogu sekulan permisorik lortzen) edo isolamendura bidaltzia baiño (eta hau zan hain zuzen be gu nahi genduana), beraz ni “konbentzitzen“ saixatu ziran: gu beste modulokuekin berbetan hasten ba giñan, gero beste preso guztiak gauza bardiña egitxia nahiko zebela, eta ha kaosa izango zala... (nik megafonixaz ez esateko erantzuten netzen, holan ez zan kartzela osua enteratuko eta), arauak errespetatu egin bihar zirala (nik probokaziñuak ez genduzela zertan errespetatu bihar), elkarbizitza ona billatu bihar zala (nik moduloz aldatzen ez gintxuan bittartian, ahal genduzen istilu geihenak sortuko gendukezela). Oso diskusio garratza izan zan, alarauka, eta ni une batzutan joko ete ninduten bildurraz egon nintzan, baiña ez zan ezer gertatu. Eurak “los últimos monos“ zirala esan netzen, eta eurei ez neukala ezer esateko, euren jefiarekin berba egitxia nahi nebala. Honek mindu egitten zittuala konturatu nintzan, eta maltzurki behin eta berriro errepikatu netzen komentarixo hori (denpora guztian ez naiz bakezale santua izango, aizu! ...lantzian behin pizkat gaiztua izatia be...).
Azkenian Zerbitzuburuarekin aurrez aurre diskutitzia lortu genduan; eraikuntzatik etara gintxuezen berba egitteko, beste presuen aurrian lotsagarri ez geratzeko seguraski. Gure jarreran mantendu giñan eta argi ta garbi esan gentzan: gu holan jarraittuko genduala harik eta moduloz aldatu edo isolamendu ziegetara eruan arte. Zerbitzuburu hau ordurarte ezagututako urdin zentzudun bakarra izan zan (hainbeste artaburu artian, apur bat intelijentia izan ezkero erreza izan bihar da hamen Zerbitzuburu bihurtzia). Baiña zentzuduna izatiagaitxik hain zuzen be, arriskutsuena be begittandu jakun. Azken finian, kartzelero morroiekin eztabaidatzia erreza zan (batzutan dibertigarrixa be), dialektikoki mila buelta emoten gentzelako. Zerbitzuburu honekin berbetan egon eta gero, gure eskarixak (moduloz aldatziarena eta telefono deixen autorizaziñua bizkortziarena) zuzendarixari zuzenian aurkeztuko zetsala agindu zeskuan.
Hónek egunoi “instantzixa egunak“ izena jarri biharko gentzeke. Aurrerago esan doten modura, espetxian ixa ixa kaka egitteko be baimena idatziz eskatu egin bihar da. Triplikatuz gaiñera. Telefonoz deitzeko lehenengo. Espetxe baten sartzian, bost minutuko dei bat egitteko eskubidia dozu (arduradunaren goguaren araberan luzatu ala laburtu egin leikezenak). Baiña hortik aurrera deittu ahal izateko, instantzixa bat jarri bihar dozu deittu nahi dozun zenbakixak, titularren izenak eta DNIxak jarriz. Familixakuak bakarrik gaiñera, lagunei ezin jake deittu ta. Handik X egunetara (arduradunaren gogua... badakizue) erantzun egitten detzue, eskatutako telefono batzuendako baimena emonaz eta beste batzu ukatuz. Hori bai, kartzelaz (edo moduloz) aldatu arte; orduan barriro tramite guztiak egin bihar izaten dira... Instantzixak egin bihar dira bebai zure egoeriari buruzko situaziñua galdetzeko, medikuarenera juateko, arazuak daukazuzela adierazteko, zure gauzak familixiari emoteko, vis a visetarako, modulo aldaketa bat eskatzeko... Instantzixa hónek kartzeleruei emon, zuri erresguardo bat itzultzen detzue, eta gero erantzunaren zain geratzen zara; batzutan dagokixon lekura bideratu eta bestetan zakarrontzira juaten dira (zuri ezer esan barik noski). Gure kasuan, moduloz modulo aldaketan gabizenez beti telefonoz deitzeko eskari barrixak egin bihar izaten doguz, erantzunik jasotzeko asti barik be. Horren ondorixoz, Aranjuezera sartu eta 6garren egunerarte ezin izan gentzen abokatuari edo familixiari deittu han gengozela abixatzeko.
Lehen esan dot 4garrengo moduluan sartu giñanian txaboluan ez genkala erratzik; pala ta lanbasia bai, baiña erratza falta. Kartzeleruari eskatu gentzan, eta asmatu erantzuna: “Jarri instantzixa bat“. Hondamendixaren erdixan, umore onik ez dogu galdu orain arte, eta tentsiño egoera haren erdixan halako erantzuna jasotziak barrez lehertu eragin zeskuan. Pablok berbia hartu eta barrokismo eta hizkuntza kortesanozko kutsuko instantzixa barregarrixa egin zeban, egoeriaren absurdotasunaren harixan: “begirune guztiz, edozein preso prestuk bere bihar higienikuak bihar dan moduan betetzeko derrigorrezkua daben tresnerixia eskatzen detzagu jaun txit goren horri...“.
Eguen goixian egin ba genduan zerbitzuburuarekin berba, eguen eguerdixan bertan trasladatu gintxuezen, hamabigarrengo modulora ¡aleluia! Hori bai, Zerbitzuburua bera etorri zan gu eruatera zera esanaz, ez pentsatzeko gero eragindako istiluengaitxik trasladatzen gintxuezela, ez; modulo aldaketa ha gure instantzixei erantzunez egitten zala. Bai, ta guk sinistu!