Bizidunen hillobixa
Ohizkua dan legez, Aranjuezera heltzian ingresozko moduluan sartu gintxuezen. Bakotxa txabolo batian, bakarrik baiña nasai behintzat. Txarrena, kanpuan egoteko orduak gitxi zirala eta 10 bat metro altuko hormez inguratuko 5x10ko zuluan. Zerua alanbradazko markodun kuadro urdin bat zan, han goixan. Ezezagun pillo bat hantxe, egoten, halabiharrez: porlanezko soluan etzinda batzu, ahal genduan moduan pasiatzen bestiok (50 metro karratutan 30 pertsona, etara kontuak). Yonkixak beti kontu bardiña: “Euskaldunak? Jo, ba ni ederto konpontzen naiz euskaldunekin! Bai, Soton egon nintzanian Urlixa ezagutu, eta Puerton Sandixa lagunmina neban, ta Pakito ta eztakitzer ta...“. Eta segi ta segi berbetan, euskaldunon noblezixia eta halakuekin lausenguka, eta halako baten: “Aizu, lagako destazu mesedez euro bat?“. Kartzela guztietan bardin-bardin-bardin.
Ingresoko moduluan gabe bat pasatu eta hurrengo eguneko lau ta erdixetan modulo definitibora juango giñala esan zeskuen. Halako baten: “AUPA HI!“ orru bat leihotik. Korrikan leiho sarera, eta hantxe beheian, moduluen artian dagozen bidietako baten, mutil bat oinez, atzian “urdiña“ (kartzelerua) darraixola. Katalana dala, beste euskaldunen laguna. Gazteleraz aritzen gara. Ia zeozer bihar dogun galdetu eta gero, zera esaten dezku: “Eskatu egizue 3, 5, 6 edo 7 moduluetara juateko. 4garrenera juateko esaten badetzue, iñundik iñora ez onartu, aislamentura juatia nahixago dozuela esan“. Atzeko urdiñak bultzatuta, desagertzen da begibistatik.
Pablo hiru txabolo harutzago dago. Harek be entzun dau, eta leihotik komentatzen detzagu alkarri aholku hau emon badezkue zeozergaitxik izango dala. Hala egingo dogu ba. Geruago beste euskaldun pare bat pasatzen dira leihopetik, euretako bat Julen eibartarra (7garren moduluan daguana) eta harek eta preso sozialak esandakuaren artian jakiten dogu gertatutakua. 4garrengo moduluan, aste batzu dala, “marrajo“ (preso sozial) bat euskaldun baten txaboluan sartu zan lapurretan. Bestia konturatu, nahikua burrukazalia izanda gaiñera, harrapatu txorizua, hasi joka, marrajuaren lagunak etorri defendatzera, gero beste euskaldunak bebai, ta... kristoren liskarra moduluan. Oso gatxa izan da benetan gertatutakua ulertzia: politikuen bersiñuan marrajuak izan ziran euskaldunari joka arittu ziranak, eta sozialen bertsiñuan euskaldun guztiak batu ziran marrajo bat jipoitzeko. Horren ostian oso giro txarra geratu zan moduluan, eta euskaldun guztiak etara zittuezen beste moduluetara pasatuz. Hala, ordutik aurrera 4ko marrajo batzu potruak iztarrixan daukez, politikuak atzetik daukezelako. Izan be, printzipixoz presuak bere moduluan egoten diran arren, ba dago beste moduluetakuekin kontaktua izaterik tallarretara, kiroldegira, lokutorixora edo halakuetara mobitzen gaittuezenian.
Astelehen goixia. Kartzeletara sartzen zaraneko ohizko tramitiak aurrera darraixe, eta asistente sozialarekin berba egin eta gero (drogarik hartzen dozuz? familixiarekin ondo konpontzen zara?...) edukadoriarekin elkarrizketia daukat. Hauxe ei da kartzeleruei presua zein modulotan sartzia komeni dan aholkatzen dabena, beraz bai Pablok bai nik espreski esaten detzagu edukadoriari 4garrengo moduluan ez sartzeko, guk ez dogulako nahi arazorik; eta ahal ba da 3,5,6 edo 7 moduluetan herrikidiekin sartzeko. Edukadore honek berbetarako gogua dauka nunbaitx, eta konbenzitzen saixatzen da gu beste politikuekin batera ez sartzeko. Bere atxeki iñuxentiak: harek dinamika bat daukela, eta euren konzentráziñuétan parte hartzera bihartuko gaittuezela, eta... Nik nagusixak garala erantzuten detzat, eta ba daukaguzela gure ideiak nahikua helduta ekimenetan parte hartu edo ez gure kabuz erabakitzeko.
“Bueno, bueno, eurekin batera egotiak zuendako izan leikiazen ondorixo kaltegarrixak jasateko prest ba zagozie...“ diño berak.
Gure kartzelaratziaren arrazoiei buruz berbetan dihardogu bebai, badiñot morroiak hitz egitteko gogoz zeguala, eta azaltzen detzagu ze, nahiz eta ezker abertzalekuekin ideologikoki bat ez etorri, gure herriko jentia dala, eta eurekin egon nahi dogula, etc. Hala bukatzen da elkarrizketia. Guri ezik, beste preso guztiei elkarrizketan bertan esan detze edukadoriak zein modulotara zoiazen.
Astelehen eguardixan, atietako leihatillia zabalduz agindua emoten dezkue “Egin paketia trasladorako“. Tira ba. Paketia eginda daukatela, lau ta erdixak joten dabe: ziega guztietako atiak automatikoki zabaltzen dantzudaz, eta beste presuen berbarua. Ni ate aurrian tente, zakua sorbaldetik txintxilizk. Ez da zabaltzen baiña. Jendia ba doia, oihartzuna galtzen da... Leihora noia, Pablori diagar egin eta bere ziegan dago ondiok. Gu bixok bakarrik geratu gara. Ziegako interfonuari sakatuta, ia zer gertatzen dan galdetzen detzagu urdiñari:
“Nik ez dakit ezer, galdetu jefiari“.
“Ia ba, nun dago jefia?“.
“Ez dago“.
Eta han geratzen gara gu, dana poltsan sartuta eta zer egin jakin barik. Ordu batzu pasatzen dira, eta barriro ate joka hasten gara:
“Beranduago eruango zaittue, edo“ kartzeleruaren erantzuna.
Tarteka Pablorekin berba egitten dot leihosarietatik oihuka, Madrileko mendizerretara begira. Iluntzen hasten da, eta jatekua partitzeko kargua daukan presua be harritxu egitten da gu han barriro topatzian. Haren esanetan ordu horretarako ez ba gaittue eruan, gabia bertan pasatuko dogu seguraski. Amorratuta nago, eta ez jata potruetatik urtetzen plastiko poltsa haundixa barriro desegitxia. Izarak jarri barik eta erropa guztia jantzitta etziten naiz pitxigomazko koltxoian, lo egitteko.
Martitzena etortzen da, eta egun osua pasatzen dot chi-kung eta hausnarketan, liburua irakortzen (Toti Martinez de Lezearen “La calle de la judería“)... Sahietsa geruago eta hobeto daukat, eta txabolo barruan egitteko moduko ariketa barri bat topatu dot: goiko literia esku bixekin jasota besuetako muskuluak indartzen dittudaz. Gure egoera guztiz irregularra eta kartzeleruen evasivekin guztiz erreta, beste instantzixa bat jartzen dot arratsaldian. Testuan zera diñot: “Ante la confusión de su personal subordinado solicito una entrevista personal con el Director de este Centro para ser informado sin evasivas de la situación carcelaria (régimen, destino, perspectivas) en la que me encuentro realmente, así como de las circunstancias de las que depende la ejecución o demora de los pasos a seguir“. Patiozuloko ordu urrixak aprobetxatu dittudaz urdiñei emoteko; ez jake bape gustatu, eurak “konfusiñorik“ ez daukela diñue. Ez dezte instantzixia onartu nahi, eta beste eztabaida garratza gertatzen da. Azkenian onartzen dezte ezer aldatu barik, seguraski orain zakarrontzixan dautzan idazki hori. Hala pasatzen doia eguna, 21.00ak arte. Azkenian ba datoz urdiñak gure billa, arratsaldeko liskarreko berberak. Ba goiazela. Fardela aurreko egunetik eginda neukanez, jaiki eta alde.
“Ta? Nora goiaz azkenian ba?“.
“Ezin detzuegu esan“
De puta madre. Pablokin juntatzen nabe eta ba goiaz patixora, ate blindatuz ate blindatu. Modulotik urten eta oinez eruaten gaittue eraikuntzen arteko bidietan zihar. Halako baten heltzen gara tokira. Atiaren gaiñeko letreruak: “Modulo 4“.
Izoztuta geratzen gara. Baiña... ze adarjotze da hau baiña??? Bertoko urdiñen eskuetan lagatzen gaittuez, protestaka gu... Kartzelero gazte bat datorku, ia zer gertatzen dan galdetuta...