Txapelak hegan
Hamar mutiko gazte illaran, eskuak bizkarrian lotuta. Zuri tta baltzeko irudixak dittuk, definiziño gitxikuak, antxiñako zineko fotograma bizkorretan. Arpegi lausotuen bildurra, panikua ezin lajeikek igarri: betula baltzak, surra eta ahua ozta-oztan. Erropak be zaharrak, indefiniduak. Batzuk txapelak buruan.
Irudi mutuetan, ez da kabuan abotsa entzutzen aginduak emoten. Deskargia batera da, ostera, eta derrepentian txapel guztiak batera hegan urtetzen dira. Korputzak hamar kopin legez aurrera jausten dira, berunan bultzakadiakin.
Eta gure ama, irudixok ikustiakin batera negar zotinka hasi da. Sei urte baiño ez zittuan; nahikua baiña, bildurraren metal hotza bizkarrian ondo sustraittuta betiko eruateko.
Irudixotan baiña, Anttoni agertzen da bebai. Amama maittagarri, ule zuriduna, kafeterixan lagunekin kartetan topatzen dogun emakume paketsu hórretakua, uste eze bere bizitzia halako gozo eta lasaixa izan dala beti. Erdi-irribarre mingotxa daka baiña, hatzaparra zela galdu zeban kontatzen dabenian: bera bortxatzera etorri zirala; aitta aurre egin soldauei; orduan tirua jo zetsela buruan; berak eskua ipiñi zulua tapatzeko; bigarren tiruak eskua zulatu.
Batzu malko asko bota biharra, beste batzu barriz danak agortuta.