Heroi nazional baten museua
Rojkov, 2004ko Urrilak 13ko gabia.
Rokoren esanetan, "Robin Hood slovakiarra" dalakuaren omenezko museua ikustera joan gaittuk gaur, Terchova herrixan... Juraj Jánushek Erdi Aroko nekazari eta bidelapurrarena. Ezagun da ilusiñua egiten detzala mutillari, EH'xan genguazela aittatu jeskuan etorriko ginala. Interesantia, bai Jánushek'en historixiangaittik, baitta museuaren itxura kutriarengaittik (estetika sobietikua gero eta gehixago gustatzen jatak).
Funtsian, hauxe da historixia: Erdi Aruan Terchova inguru honetako jauntxuaren gehiegikerixekin gogaittuta, Juraj Janushek nekazarixak gizon kuadrillia bildu eta jauntxuaren indarren kontra oldartzen da. Leku menditsu hau inork baino hobeto ezagutzian, ezin dittuez harrapatu eta bidelapur modura bizi dittuk, gero etekinak behartsuekin banatuz. Urtiak pasatzen dittuk holan, neguan etxian (edurrak inkomunikatuta) eta udabarrixan "jardunian". Inguruko heroi bihurtzen dok Janushek, eta hamaika saiakera eta gero, Terchova inguruko jauntxuak batu egitten dittuk behingoz harrapatzeko. Armadetako errekurtso guztiak erabilliz, azkenian harrapatu egitten juek eta heriotz eredugarri bat emoten detze: sahietsetatik kako bat sartu eta aidian lagatzen juek txintxilizk, hil arte. Ordutik hona mito bihurtuta, mendietan zihar Janushek Slovakiako ikur, ipoin, apaingarri, grabatu eta holakuetan agertzen dok eten barik; baitta be gaur eguneko souvenirretan, noski.
Gazteluak abandonatuta geratu baziran be, diktaduriaren sasoian Janushek'en mitua zaindu egin zuan. Kontizu: zapaltzaillien kontrako sinbolua, bla, bla... hori bat zetorren komunismuaren ideiarekin (esfera folklorikuan bakarrik geratu ezkero, imajinatzen dot). Museua bera be komunismo garaixan eraikittakua dok.
Gure lagun indigenak aittatu zeskuan mendira eruan nahi ginttuela, eta Janushek museua ikusi eta gero abiatu gaittuk, 11.00ak aldera. Jakin izan izango bagendu ez zuala pasiotxo bat, sei ordu ta erdiko ibillialdixa baino, ¡ez ginan hain alegremente abixatuko! Azken orduetan larri ibilli gaittuk, illunak bidian ez harrapatzeko. Aiaiai, gure Roko kaletarrak ez jok kontuan hartu mendixakin ez dagoala bromarik, batez be zero azpiko tenperaturekin..... Tira, azkenian heldu heldu gaittuk, lehertuta baina... bizirik.
Terchovako Biely Potok auzotik urten bihar ginan oinez, eta harutz kotxez gindoiazela, bide baztarrian zeozer saltzen zeguazen emakumiak ikusi jittuagu: "¿Zertan jabizak ba, Roko?". "Korbátxiky saltzen" berak, eta ¡rraaaas! kunetan sartu, esku frenuari tira eta ba joiak kanpora. "Asko gustatzen jataz" diño, eta han eskaintzen jezkuk plastikozko poltsa baten sartutako esneki harrigarrixa: "korbátxiky".
Esnekixa lantzen maixuak dittuk slovakiarrak: hainbeste forma, textura eta ontze mailla desberdin manejatzen jittuek, eta neretako kuriosuena hauxe dok. Bai lehengunian jan genduan "parenisa", bai "korbatxiky" hauek textura fibrosua jaukek, soka baten zuntzen modura desegitten dittuk, baina jateko momentuan guri-gurixak dittuk, bape gomosuak. Killo erdiko poltsetan saltzen dok; spaghetti freskuak emoten jittuek, 40 bat "korbatxik" poltsa bakoitzeko. Gazi-gazixak, patata prijiduak jaten diran modura etaratzen juek, aperitibo modura edo denporapasarako.
Biely Potok ("Ibai Txikixa") auzora heldu, eta oinez hasten gaittuk. Ordu pare bat egitten doguz erreka kañoi estu ta sakon baten gora, oso ibillaldi ederrian. Kakueta estiloko kañoia dok, baina granitozko harrixian danez, txikixagua eta aldapatsuagua. Oso gogorra izan zeikian bidia natural egon ezkero, baina ez dok holan: bidiak perratuta jagozak. Uste dot Alpietako mendizalien estilua dala hori ("via ferrata"): metalezko eskalak, altzairuzko kabliak, katiak txintxilizk... Apur bat txokantia dok hasieran, baina egixa esan bestela gu geu ez ginan handik ibilliko, hain dittuk gatxak pausuak. Leku askotan ur jauzixak eskalak bustitzen jittuk, eta txipriztiñak izozten diranez nahikua arriskutsua dok. Txiri-txiri-txiri... azkenian, alturia hartzen juan ahala kañoia leunagua egitten dok eta larre zabalak datoz, paguak gero eta gitxiago, eta piñuak agertzen dittuk: naturalak, ez gurien modokuak. Bedarra asko baina igartua jagok, landa zabal hori hori ikusgarrixak egiñaz. "Sedlo" edo mendilepo batera heltzen gaittuk, Medzirosutze izenez. Han, Mala Fatra mendixen tontor txiki baina ikusgarri bixen artian gagoz: Maly Rozsutetz (Rozsutetz txikixa) eta Velky Rozsutetz (Rozsutetz haundixa). Momentu horretatik aurrera, "sedloz sedlo" juango gara Rokok gidatu nahi gaittuan lekuetararte, gero beste haran batetik behera egin eta Biely Potok'era barriro allegatzeko. Medziholie'ko lepora heldutakuan behera goiaz, pagadixan barriro sartuta, arratsaldeko eguzkixaren koloriekin. Atxen eta arbolen arteko jokuak paisai miragarrixa osatzen juek, eta penaz egitten juat aurrera. Giro honek sorginduta hamen geratuko nintzakek, baina buruak agintzen dok: berandu da, gabia badator, zero azpiko graduak, eta "medvetx"ak.
Tartian-tartian señalizaziñuak eta panelak topatzen jittuagu, markatutako bidiak señalizatu eta ingurugiruari buruzko oharrekin. Eguzkixaren azken izpi gorrixak eta zeru urdin indartsu horrek herixotziaren irribarria erakusten dezkuala, azkena ikusten dogu: "Medvetx" edo hartzei buruzkua. "Mendi hauetan ez da arraroa hartz batekin topo egitea. Hartza animali lotsatia dugu, eta beraz seguraski ihes egingo du. Baina eraso egin ezkero, hauek dira jarraitzeko pausoak. 1- Ez korrikan egin; hartzak harrapakintzat hartu zaitzake; oinez jarraitu poliki. 2- Hala ere zuregana badator, aurkitu lehen bait lehen zuhaitz bat eta igo adarrik gorenera. 3- Ez baduzu irtenbiderik, jauzi lurrera burua belaunetan daukazula, pelota bat eginaz; ez kendu motxila edo anorakik, babes gehiago izateko (...)".
¡Hauxe dok baltza! Hau falta zuan bakarrik. Tautik esan barik, hantxe goiaz hirurok errekazuluan behera, inor ez labandu ta kolperik hartzeko erregutuz...
Adrenalinia topian izan juagu azken kilometruetan, horregaittik gagozak hain nekatuta. Biely Potok'era gabez heldu eta kotxia hartuta, Rojkovera juan aurretik Rokok Terchova herrira eruaten gaittu premixua hartzeko: "txaiovna" edo teia hartzeko lokal baten sartzen gaittuk, giro epel eta ezin atseginago baten. "Txaiovna" hauetan ez jagok alkoholik eta ezin dok erre: girua etxeko egongela bateko modukua dok. Edateko, 40 te klasetik gora dagoz, mota eta prestaktzeko era desberdinekin. ¡Nik ezagutu izan dittudazen te "normalekin" (ur zikiña, apur bat gozotua) ederra aldia! Teia hartzia atxekixia zan sartu nintzanian, lokal eder hori, zerbitzari atsegin eta polittarekin... baina behin "yogui" teia ekartzen deztenian (Roko "teologoak" -teian adituak- gomendatuta, ordu erdiko prestaketa prozesua bihar dabena) ¡zelako plazerra! ¡zaporia, texturia...! Ni "txaiovna" batera juatia nahi dot barriro.
Txaiovna hori dendia dok era berian, eskualdeko produktuekin. Anek opari pillo guztia erosteko aprobetxatu dok, eta ni bebai erosi juat zeozer: ardilanazko hiru galtza pare ("ponotzky"). Martin hirira juan eta pizzak, borovitxka eta rallyxa etxera. Ozta oztan ez gaittuk sorora juan kotxe eta guzti; ez mozkorrarengaittik, baizik eta asfalto faltiarengaittik. Eta gabian esperimentuka ez arriskatziarren, azkenian kotxia errepide onduan geratu dok eta oinez igo gaittuk gure basarrira.
Dobry noc...