Ertzain bat daukat paziente.
Behin baiño gehixagotan esan dot nik ez detzatela “certificado de buena conducta” eskatzen nere kontsultako atetik sartzen danari. Hasiko banintza nere ideekin bat egitten ez daben jentia baztartzen; edo zapaltzailliak; edo aberatsak... ba ez neuke karrerarik egingo. Epaille biharra etxata gustatzen neri, eta horregaittik printzipioz danok dauke sarreria libre. Ba daukat lagunik, baiña, ez dabenak ulertzen zelan tratatu neikian hain lasai, kontraesan moralian jausteko bildur barik, hainbeste kalte egin izan dezten ertzainak, esate baterako. Ba bai: egin izan dot, egitten nabil eta egitten jarraitzeko asmua daukat. Ezin esan baiña zipaio bat danik orainguan nere eskuetan jarri dana; ez litzake zuzena izango, eta ertzain modura izendatuko dot.
Igartzen jako agintzeko sen hori. Nerekin ez da desatsegiña izaten, baiña konturatzen naiz disziplinatua eta disziplina jartzian zalia dala, poliziako baten deformaziño profesionala edo; eta irribarrez onartzen dot. Keiñuetan, jarkera zuzen eta militarrian, saixua egitteko orduan exijitzen daben puntualtasun horretan igartzen jako. Oso edukaziño onekua da nere ertzain hau; ezagun da jentiakin tratua izaten usatuta dagoala (familixako dendia atenditziagaittik, seguruena) eta atsegiña dan arren, ez da zurikerixetan ibiltzen danekua. Terapiara datorrenetan, ez ba dauka ezer esateko ez dau ezer esaten. Ba daki isilik egoten, begiradia galduta, egonian; gauza inportantia da hori, pertsona baten heldutasun seiñalia. Hor konektatzen dogu.
Ezagutu giñan lehelengo egunian esan zestan: “Baiña gauza bat esan bietzut nik, e... ni, ¡abertzalia na!” argi laga nahi izan zeban, indize hatzaparra altxata.
Ezagun da gure ertzain honek (ez dakitt bere graduaziñua) barrua trankil daukala: ez dirudi tortura kasuak, manifak erreprimitzia, ordezkari politikuak atxilotzia tokatu jakonik... Ez dau horri buruz be berbarik egitten. Justo-justo dakitt Bilbo aldian ibilli zala gerra denporan, eta porria nahikua ez zalako fusilla eskutan hartu bihar izan zebela bera eta bere errejimentu-kidiak. Datorren hillian larogetamar urte beteko dittu Joxek. Han dago, erresidentziko leihuan bizikleta estatikuan; begi itsuekin Ondarruko zubi zahar aldera begira, patxadan.