Balcarce aintziñan
Balcarce, 2005ko Azillak 9.
Goize osua pasatu juat ciber-samaritano baten billa: hau da, nere ordeñagaillu portatilla sarera zuzenian konektatzen lagako nabena. Azkenian Eduardonian, galiziar baten txiringituan lortu juat, eta hau izango dok nere kuartel generala.
Balcarceko museua izan da hurrengo paradia: kuriosidade haundixa najeukan hiri hau noiz hasi zan jakitzeko, eta nere arbasuak heldu ziranian hau zer zan irudikatzeko.
Balcarce “estancia” edo basarri eskualde modura sortu zan 1865garren urtian, kasko urbano barik. Izena González Balcarce militarran omenez jarri zetsen, Argentinako independentzian burrukatu zebana (1810). “Partido” edo probintzixia betiko sistemiakin antolatu zuan: mapa gainian kuadrikulatu, eta banatzen hasi zan. Gehixenez 11.000 hektareako estantziak adjudikatu zeikiazen, batzutan salduta eta beste batzutan kolonuei ordain moduan. Kontuan hartu bihar da maputxien territorixuan sartzen ziharduela, eta Estaduaren lehentasuna lurra kolonuekin okupatzia zanez, lurra ixa duan emoten jetzen. Jakiña, horren trukian maputxien kontraerasoko expediziñuen (“malón”) lehelengo kaltetuak zittuan.
Oso zabalduta jagok gaur egungo argentinarren artian terminologia konkistatzaillia. Jentia, arbasuei buruz berbetan, askotan aittatzen dau “había que correr al indio” beste eginbiharren artian. Esatia moduan “había que abonar la huerta” edo “había que traer agua del pozo”. Eta gaiñera “el indio” esaten dok, singularrez: “la leche” edo “el pescado” moduan, kontizu.
Adibidez, euskaldun asko ta asko “alambrador” legez egin zuan aberatsa. Poste eta alanbrez sartutako hesixak jarri, ehundaka kilometrotan zihar, eta horren trukian lurra lortzen juen. Anekdota bat: euskaldun gehixenak lanbide horretan ibilli zittuan sasoi batian, eta gehixenei hatzaparren bat falta jaken. Lurrak artika tipokuak zittuan (sekulan labratu bakuak), sasitsuak eta aberatsak: sube asko egoten zan, víbora tipokua, eta batek haginka egitten bazetsen, eskua poste gaiñian jarri eta aizkorakada batekin ebaten zeben hatzaparra, pozoiña odolera pasatu baiño lehen.
Basarri eskualde bat izan zuan ba hasieran Balcarce. 1876 urtian estantziero batzu euren lurretan herri bat eraikitzeko baimena lortu juen arte. Orduan markatu zittuezen kaliak, kuadrak eta etorbidiak, eta eraiki zittuan lehelengo eraikiñak.
Arratsaldian Carmen Berasueta Charron etxera juan naiz, barriketan egotera. Bere loiba Nilda (Pereira Dominguez Berasueta) eta hirurok egon gaittuk barriketan. Carmenek 85 urte daukaz, eta Sebastian Berasueta Zaharrean alaba txikixena da. Amama Isabelen lehengusua, beraz.
Sebastian bere aitta zan anai-arrebetatik nagusiña, eta estudixatu egin zeban bakarra. Gurasuak hala egitten ei juen artian: seme nagusiñari estudixuak emon, eurak faltatzen baziran bestien kargu egitteko. Hilario zaharrak Castelli herrira bidaldu ei zeban apopillo sei urtez, eta handik bueltatu zanian, Santa Elena estantzian biharrian jarri zan. Santa Elena estantzixan bere ama Leona Zaharrean gurasuak jeuken, errentan hartuta. Burdi kuadrilla bat jeuken, Buenos Airesera jeneruak bialdu eta handik ekartzeko. Trena egin baiño lehenago, burdi batek 6 hillabete emoten jittuan Buenos Aireseko juan-etorrixa egitten.
Bajirudik Hilario eta bere anaia (bertsio batzutan Jose, bestetan Ventura) Castelli herrira heldu zittuala lehelen-lehelengo, eta gero handik juan zirala Balcarcera, 1850 aldera, estantzia baten geratzeko (ez dakit zein). Sebastian semia, Castellittik bueltan, Santa Elenan biharrian hasi bazan be, bere anai-arreba guztiak Hilario zaharranian jarraittu zeben. Nahikua buruhauste emon izan zetsen Sebastiani, gehixenak jokozaliak eta alpertxuak urten ei ziralako. Aurretik esandako moduan, animalixak hiltzeko sasoian (“cuando carneábamos”) Sebastianek beti bidaltzen zetsan okelia Serapiari, ba zekixalako jateko faltan egoten zala.
Carmen Santa Elena estantzian bizi izan da, beraz, oin dala urte batzu Balcarce herrira etorri zan arte. 19 urte zeukan arte ez juan kalia zapaldu, beti basarrixan. Hillian behin Sebastian aitta juaten zan herrira burdixakin, erosi biharreko gauza guztien zerrenda bat eginda, eta bertan ekartzen juan jenero guztia. Ehundu be, bertan egitten juen. Segurutik, 1876ko bizimodurik alde asko bez ez zuan egongo Carmen gaztia zanian.
Gabian Picha / Maria Luisa Berasueta Cevedio-n etxian bildu gaittuk jente pillua. Hau ei dok anai-arreben arteko “bilgune ofiziala”, eta aurtengo nere lehenengo asadua bertan jan juat. Barriketia, barriketia, barriketia... nere argazkixak erakutsi... dato barrixak bildu... eta berandu hotelera, eta idatzi, idatzi...
Hire notizi danak gizonezkoei bakarrik zuzenduak al zaudek?