Buenos Airesetatik Balcarcera
Balcarce, 2005ko Azillak 7.
Retiro, eguardi partian.
Abioian onduan tokau jatan aguriakin kanbixo bat egin juat: berak neri Ezeizatik Retirora colectivoz (autobus urbanoz) heltzeko argibidiak emon destaz eta nik berari barriz, tromboflebitisa zaintzeko aholkuak.
Hala etorri nauk Retirora ba, lehelengo Ezeizatik Baires iparraldeko auzo behartsu batera doian 86, eta gero auzo horretatik zentrora doian 50ª. Etnografikoki mamintsua, gune suburbanuetan mobitzen diran bihargiñ, etxekoandre, agure zoro... eta danen artian han, ni. Aeropuertuan ez bezela, jente asko ikusten zan maputxe trazaduna, indixo=pobre topikua indartuta.
Gogua najeukan, benetan, Les Luthiersen kantuan inspiraziño motibua ezagutzeko. Etxuat sekula ikusi hain konduzitzeko mozu zazkarrik; gidari desagradabliak bai, hori ez jatak arrarua egiñ orraittiokan. Eta luzia... igual ordu bi bai emon doguz oso ondo ulertzen ez doten errekorrido bati bueltaka...
Bai kaletik bai omnibus geltokixan (jente pobria bakarrik ibiltzen dok hamen) alarmak jaitsitta najabilk oinguan. Ez behintzat aurretik etorri nintzaneko paranoia harekin, lapurrak eta timadoriak dirala ta. Argi ibilli bai egin bihar dok, jakiña, baiña egixa esanda gehixenetan kaleko eta dendetako jentia oso adeitsua da eta etxagok arriskurik.
San Jose hotelian, gabez.
Hogetazazpi ordu mundutik dantzan, eta etxuat atsedenik hartu posiziño horizontalian. Balcarcerako autobusan zain najenguala, “Epa!” nere atzian. Buelta egiñ, eta... Joseba Etxarri, autobus berian joiala. Biajian 6 orduak motztxuago egin jatazak...
Balcarcera hurreratzen juan ahala, nerbixuak sabel aldian. Batetik, jakin ez familixakuak ze erantzun emongo daben edo; bestetik, “a la brava” juatiak berez daukan suspensia: 20.00etan etxuat denpora asko izango ostatua topatzeko... topau ezkero be, ia lekurik ete dagoan... Arnas diafragmatikuak, illunabarrian autobusa rekta amaittueziñezkuetan kilometro jaten doiala, ganauak eta aintzirak nunnahi, arbaso baztandarrak zapaldu zittuezen lautada ikaragarrixetan.
Remis batek hartu nau, eta hari galdetuta San José hotelian (“ni caro ni barato”: ¡orraittiok! ¡horixeok nik biotena!) sartu eta gela bat topatu juat segiduan. Gustora, 40 peso (13 euro) armozu eta guzti. Adrenalinia jaisten hasi dok odoletan. “¿Eta, zeiñen billa zatoz ba?” hotelekuak segiduan igarri dezta; ezagun da hona ez datorrela turista asko. Azaltzen detzat, eta “¡Hara! Nik Berasueta bat izan neban ikaskide”. Informaziñua billatuko deztala agintzen dezta, eta ba noia zeozer jatera.
Gasolineran jaten juat milanesa bat (bokadillo itzala) eta ur minerala, euro 2ttan. Adrenaliniak behera darrai, alarma gorri guztiak emetatzen joiazak, gero eta nekatuago sentitzen nauk, nere zentzunak etxaukek zertan alertan gehixago egon gaurkoz, eta deskantsura bultzatzen nauk senak. Ondo sentitzen naiz, baiña loguria nagusitzen da. Hotelera etorri eta rezepziñokuak internetetik etaratako 8 izen, helbide eta telefono zerrendia etaratzen jeztak. Ba jaukat bixarko entretenimendua.