Aspaldiko ikuspegixa
Egunotan Eibarko zaharrak obra-hesixetan jagozak begira: “¡Eneee..! Zenbat urte ez nebala hamen errekia ikusten!”. Eta bai, Alfako derribuen edo Urkusuko parke ingurutik pasatzian irudi xelebriak ikusten dittuk: nere edadeko jentiak Indalezio Ojangurenen argazkixetan baiño ikusi ez doguzenak, eta zaharrak gaztaruan bizi izandako Eibartik gogoratzen dabezenak.
Gure ama (75 urte) entzun juat horren gaiñian berbetan: umia zala, Bidebarrixetan behera errekia agerixan jeguala, ta... Aldapatxon, Ariatzan ta Ardantzan jeguan panoramia, ta... Arikitxaneko zubixa benetako zubixa zanekua, ta... Alfa inguru guztia libre, piszina famosuakin, ta... oin etxuat ondo gogoratzen, baiña nere edadekuak eta baitta nagusixaguak be ezagutu dogun porlan-osotasun-denpora guzti hau (hasi Olerrian eta Azittaiñerarte, errekia desagertu) ez dok halan izan beti. Ha zelako tontokerixia, esango dok: “¡Danok dakigu ez dala halan beti izan barren!”. Bai, baiña gauza bat dok jakiñ, eta bestia sentidu. Eta neretako Kajoitxun argazkixak beste mundu edo dimentsiñoko gauzia izan dittuk beti. Hain zerikusi gitxi jaukek gaur egungo kaliak, usteze inamovibliak dirazela, juan dan 30 urtian beti bardiñ, erretratuetan ikusten dirazen irudi aldakorrekin: oiñ erreka tunel bat, oiñ jauregi bat, oiñ eskonbro mendi bat...
Oin dala 20 urte izandako ufaletan kaliak lehertu egin zittuan, naturaleziak beria dana berreskuratu nahi izaten dau eta. Orduan susmau genduan hor azpixan zer egon zeikian, obra-hesixen atzetik. Udaletxia konpondu zebenian eta bere solu guztiak kendu, zutarrixen artian ikusten ziran pozu illunak be oso sujerentiak izan zittuan: hor beheian zeozer jeguan, ur hotsa behintzat bai. Eta Alfa eraitsi dabenian arku eta dinteldun formak agertu dittuk (Makalarro edo Kakalardokua pasabidiakin batera: jakin bai hor jeguala, baiña nere modukuak ezin konprobatu). Konfirmaziñua dok: hor jagok benetan, eztok montaje bat ez, enkorsetatutako errekia.