Kaleratzeko sinadura bilketa hasi du Diasporak
Euskal Diaspora Elkartea (ADV) Mexikon dauden sei euskal presoak kaleratzeko sinadura bilketa egiten ari da. Egin duen adierazpenean, atxiloketak «antolaketa polizial-politiko baten parte izan» zirela nabarmendu du. Era berean, estradizio prozesua «irregulartasun larriez beteta» dagoela adierazi du ADVk. «Estradizioa gauzatzekotan, bidegabekeria galanta egingo litzateke eta fisiko nahi psikologikoki torturatzen duen estatu baten esku utziko lituzkete», adierazi du.
Bai idatzi hori baita sei euskal presoei buruzko bestelako informazioak ere www.6demexico.org web orrian eskuragarri daude. Orain arte sinadura eman dutenen artean, Argentinako, Uruguaiko, Venezuelako, Korsikako, Estatu frantseseko eta Euskal Herriko biztanleak daude. Azalpenen atalean, berriz, ondorengo hauek irakur daitezke: «Haize askatasun boladak Mexikora ere irits daitezela»; «Noiz arte izango dira euskal herritarrak trukerako txanpon? Nahikoa da», eta «Errugabeak lehenbailehen askatu».