Karraspio borroka
Gaur oso sorpresa ederra hartu juat. Aspaldiko partez Karraspixon izperringia irakortzen najenguala, presuak hurreratzeko manifestaldi eder bat ikusi juat. Ederra diñot, forman ikusgarrixa eta izatez eraginkorra begittandu jatalako. ¿Ba ete goiaz ikasten?
Nere ohitturen kontran eta eguraldi lainotsua zeguala aprobetxatuta, hondarrerutz abixau nauk eguardixan eta Abadien Mollan jente moltzua ikusi dot. Hurreratu naizenian, konturatu nauk: gaur eguardixan presuen aldeko mobilizaziñuak jeguazen. Ondotik pasatu eta jarraittu juat; ez jaukat ezer haien kontran, baina nik ez juat parte hartuko su eten barik. 13.00ak aldera, kotxe bat agertu da; 2000 bat watiotako bafle bi ipini pretillan gainian, eta musika atsegiña jarri dabe, ikurrik agertu barik. Lehenengo, Imanolen "Mendian Gora"; gero, Mikel Laboina, Ruper Urdurika... halan ordu laurden inguru.
Halako baten, berbaro bat entzutzen da, eta jende illara luzzze bat agertzen da Kurrutxuko puntatik, aurrian umien burditxo baten bafle bat daukela, diskurtsoa botatzen. Hurrengo, "Euskal presoak Euskalherrira" eta "Basque prisoners to the Basque Country" diñuen pankarta haundixak datoz, berba bakoitza bi-hiru pertsonan artian eutsitta. Banan-banan datoz, eta pankarta haundixen atzetik soka luze bat dago, Senideak'en logotipodun zapixak txintxilizk; hantxe helduta datoz 150 bat pertsona. Eta sokia bukatu eta gero, beste 70 bat pertsona gehixago, "Euskal presoak EHra" banderoliakin. Geldiro doiaz, pasio martxan, eta denpora asko emoten dabe leku bakotxetik pasatzen, asko dira ta.
Goiko pasiotik aurrera, hiru-lau lekutan egin juek geldialdixa, leku bakotxian diskurtsua lau hizkuntzatan botata. Inpresiñua egitten jok hortxe goixan geldirik ikustia, pulpittu baten legez, beheian beraneante ardurabakuak, udako lozorrotik urtenda harrittuta gagozen bittartian. Batzu beste barik ezikusixana egitten juek, bestiok "ya están aquí los de siemprrrre" esanda amorratuta, bestiak eskuorrixak banatzen jiharduezen neskei papela hartu eta irakortzen... Nere kautan "hauxe dok hau bidia" pentsatu juat, Demo'en formak hegoaldian sartzen juateko esperantzaz.
Ibilbidia aurrera, kordelerixarutz juan eta gero ur ertzetik etorri dittuk, sistema bera baina itxas aldetik errepikatuz. Hantxe, ur ertzian, jentiari begira... benetan bati baino gehixago dijestiñua mozteko moduko jarreran, beti baina baketsu eta irribarretsu. Halako baten, Laboinaren "Oi Pello Pello" joten hasi da eta disolbatu egin dira.
Euskal gatazkiarekin lotutako eguna diruri honek, era batian ero bestian horri buruzko gogoetak agertu jataz.
Pako Aristik "Berrian" zera esaten, preso hogetaka urtiak egondakuen gogoetak nahiko leukezela entzun. Bere ustez, kalera urtetzian egitten jakezen entrebistak beti bardiñak izaten dittuala, kidiei eta militantzixiari burrukan jarraitzeko animuak emotera zuzenduta. Baina berak nahixago leukela eurak gure bizimoduari buruz pentsatzen dabiena (zelan aldatu garan...), esan barik geratzen diran gauzei buruz aritzia: espetxearen esperientzia pertsonala, ez kolektiboa, ametsak, ilusioak, grinak, desilusioak... Diño: "Zein gustora irakurriko nukeen horietako batek bihotzez, barrutik, naturaltasunez eta zintzotasunez idatzitako liburu bat, nolabait beste militanteen morala mantentzeko edo eredugarri izateko agertu behar diren arrazoibideetatik apartatuko litzatekeen liburua".
Eta izperringian barrukaldian, ez jakixat kasualidadez ala kalkulatuta, 20 bat urte kartzelan egindako lau presuei egindako alkarrizketia: hain zuzen be sentimentuak eta sentsazio subjetiboez gainezka. Aspaldi egitten nabilen bildumarako oso egokixak bixak.
Eta azkenik (nahiz eta denporan lehenengua izan duan) ETAk gaur Kantabrian eta Asturixetan jarrittako bi petardituen barri izan juat. Egixa esan, nere lehenengo pentsamentua hauxe izan dok: "Ondo eginda". Bai, ze ez dok biktimarik egon eta kalte materixalak be gitxi. Baina era berian, espainolak (biztanliak eta gobernantiak) esnatzeko balixo dau. Bai, ze, izan be, urtebetian gure militar bihurrixak ez juek ezertxo egin, eta biharbada espainolen artian "gatazkia desagertu dala" pentsatzen hasittakuak izango ziran. ETA desagertuta, gatazkia desagertuta kontizu. Eta ez: espainiar gobernuak ez dau kiñu txikirik be egin hamengua konpontzeko, eta hori be ez jagok ondo. Esnatzia dauke.
Eta azkenondorengotik... katalan batek, Daniel Gomezek liburu bat idatzi jok "ETA i Catalunya". Interesgarrixa eta didaktikua jirudik, neuretako behintzat, politika gorenari buruz jakitturixa eta interes gitxi daukan honendako. Eta kako batzuk ondo harrapatu dittuala jirudik. Adibidez: "Espainiako agintariek beti aitortu dute han [Catalunyan] eginiko atentatuek eragin handiagoa izan dutela. Gizartearen erreakzioa desberdina da. Espainian, atentatu bat gertatzean, jendeak eskatzen du ETAri poliziaren bidez jazartzeko. Katalunian aldiz, elkarrizketaren aldeko deiak dira nagusi. ETAk ondo asko daki hori eta Katalunia erabili du Espainia gogorrago astintzeko. Halaber, Kataluniako adibideak frogatu du ETAk ahalmen handiagoa duela politikan eragiteko su-etena erabilita atentatuak eginda baino. Bertako su-etenak lurrikara politikoa eragin du; Hipercorreko erasoarekin, ordea, ez zuten halakorik lortu". ¡Ene belarrixetarako musikia!.
"ez jaukat ezer haien kontran, baina nik ez juat parte hartuko su eten barik" Behin baino gehiagotan entzun dut planteamentu hau. Nire ikuspegitik ondo doakio ezarri nahi diguten pentsamentu nagusiarekin, baina gaizto hutsa eta maltzurkeria politikoa besterik ez da: azken batean presoen gaineko zapalketa zure nahietara eroatea.