Adabakixak
Ertzaintziaren espedientian orbain bat gara. Mantxa baltza, aurpegi zuri-zuri baten. Polizixa Autonomua, polizixia dan neurrixan, bestiak dauken aje bardin-bardiñak daukazelako. Profesional onak izango dittu, bai. Baiña beste batzuk jotiakin gozatzen dabe; euren dohango iraiñak askotan entzun izan dittudaz nere aurpegixan, borriak emoten daben anonimotasunaz babestuta; guzurrak ahua zabal-zabalik esaten ba dakixe. Mantxa asko daukaz Ertzaintziak bere espedientian, baiña orain arte ez dira asko nabarmendu, inguruak ez zeban laguntzen. Gure kasuarekin hankia mokorrerarte sartu dabe baiña, eta... balio deixala bere ohiko portaeriaren adibide legez. Hau ez da kritika bat; Ertzaintzia ez dot epaittuko madero eta pikoluekin alderatuta. Poliziako bat poliziakua dala erakutsi nahi dot bakarrik: hamen eta Txinan. Gizarte honetan botere ejekutibo-judizial bateratuaren mendian gagoz zihero. Elementu indeseable bat ezabatzeko, terrorismo akusaziñopian jartzia besterik ez dago. Gogora datort XVIgarren mendian auzokidien artian hartu izan ziran mendekuak: zenbat ezinikusi “konpondu“ ziran sorgin akusaziñua egiñaz. Nahikua zan hori opizixo santukuak etorri, zure arerixua erahil eta haren ondasun guztiak suntsitzen ikusteko.
Ertzaintziak arazo bat dauka: ez dakit egixa izango dan edo ez, eta gaiñera ez dezta ardura; baiña kanpotik ikusitta polizixa inefiziente itxuria emoten dau. Ez dittu delitu egilliak atxilotzen, konkretuki euskal gatazkako kale burruketan dabizenak. Behin eta barriro errepikatzen dan kritikia da, batez be espainiar nazionalismo aldetik. Beraz, bere irudi eskas hori kentzeko atxiloketak egittera bultzatuta dagoz. Bardin jako erruduna izan edo ez: edozein harrapatzia da kontua, prentsan azaldu... Ez deixen esan alper batzu dirala. Gure kasua adibide gardena: Hurtado Amezagan istiluak dagozela? Kargatu ba Autonomian eta bide batez gazteren bat atxilotu, gugaitxik ez deixela esan ezer ez dogunik egitten.
Gaur amaittu dot (Urrileko 1ª) Noah Gordonen “El Médico“. Zelako liburu ona! Preso hartu nindutenetik Mark Legazen “Anarkherria“, Gabriel Garcia Marquezen “El amor en los tiempos del cólera“ eta Toti Martínez de Lezearen “La calle de la judería“ jauzi dira. Lehenengo, ETAkuen atzetik hasi ziran; baiña ni ez nintzan arduratu antimilitaristia naizelako. Gero, Jarrai'kuekin sartu ziran; nik ez neban ezer esan, nazionalista ez naizelako. Horren atzetik, Batasunakuak harrapatzen hasi ziran; baiña neri bost, botorik ez bait detzet emoten. Azkenik neure billa etorri dira; bidezkua ez jata irudittu, eta protestaka hasi naiz ¿berandu ete da? Zuen esku dago, isilik jarraittu ala sorgin ehiza hau geratuarazi. Hurrenguan zu izan zeinke.
Jakiña da euskal preso politikuei sakabanatu eta kartzelaz kartzela mobidu egitten gaittuela eten barik. Baiña nik ez nekixan kartzela bakotxeko egotaldixan be takian potian ziegaz ziega aldatzen gaittuela, ezelako azalpen barik noski. Gudu psikologikuan barruan, inestabilidade eta desorientaziñua arma garrantzitsuak diraz urdiñen eskuetan. Guk be, hamen gagozen denpora txikixian, izan dogu hori probatzeko astixa, hainbeste txabolo aldaketa jasanda: Basaurin enfermerixan 1, ingresoko moduluetan 2 eta 3, Burgosen 4, Valdemoron 5, Aranjuezen ingresuetan 6 eta 7, laugarren moduluan 8, hamabigarren moduluan 9. Zu heltzen zara zure plastikozko poltsa haundixakin, eta zure lau gauzatxuak, erropak, liburuak, argazkixak, etabar etara eta atontzen dozuz. Holan, txabolua pizkaka pizkaka “akogedoriago“ bihurtzen dozu, zure gustoko erara apainduz, zure txokua bihurtuz. Baiña halako baten etortzen jatzuz, eta: “¡¡Hartu dana, ba zoiaz!!“ aginduz, dana batu eta poltsara sartu bihar dozu miñutu gitxittan. Batzutan beste kartzela batera zaroie, bestetan espetxe bereko beste modulo edo ziega batera... ezin jakin. Barriro zerotik hasi bihar izaten zara, hasi aurrekuak laga dittuan kakak garbittuz eta segi beste lan guztiekin.... Esaten danez, ziegaren bat garbittu biharra ba dago, kartzeleruak euskaldun bat bertara trasladatzia besterik ez dauke.
Gehixenetan zeozer falta da gaiñera: izarak, koltxoia, erratza, lanbasia... eta jirau egin bihar izaten dira zeozelan. Normalian presuen artian ba dagoz jakintsuren batzuk, horrek gauzok lortzen abillak, eta faboreren baten trukian gura dozuna ekarriko detzuzenak. Goguan daukat Basauriko ingresos moduloko lehenengo ziegatik bigarrengora pasatzian koltxoi bakarra genkala txaboluan, eta bigarrena jiratzen ibili zala Pablo. “Hau zuendako oso egokixa, beittu“ esan zeskuan marrajo batek koltxoi bat ziega huts batetik etarata. Espumazko koltxoia miatu, eta... behian, metxero batekin erreta, letra haundi haundi batzuk: ETA. Guretako egokixa ¡zelan ez!... Goguan daukat bebai Basauritxik kundan eruan bihar gintxuezenian, gu gauzak batzen genguazela, compi guztiak txaboluan atian zain zeguazela, ia zertzuk gauzak (jaboia, edarontzixak, koltxoiak, espillua...) lagatzen genduzen gero eurak hartu eta negozixuak egitteko...
Kartzelan zagozela, kanpuarekiko isolamendua ez da bakarrik telefonuaren eta bisitten arrazionamendua. Hortaz gain, zure familixiak ezin detzu ekarri nahi daben guztia, eta nahi daben momentuan. Paketiak ezin dira sartu bisittan datortzuzen bakotxian; batzutan bai, eta beste batzutan ez, kartzela bakotxaren araberan. Zuk kristalaren atzetik ikusten dozuz paketiarekin, baiña ezingo detzue emon: “Gaur ez da paketerik tokatzen“ esanda atzera botako dabe. Noski, ekartzen detzuen edozer arakatu egitten detzue eta gustatzen ez jakena (aldizkarixak, idazkixak, irratixak... kartzelero arakatzailliaren izorratzeko goguaren araberan) erretenittu egitten detzue. Neuri “...eta kitto!“ herri aldizkarixa kendu zesten adibidez, euskerazko panfleto subertsibua izango balitza legez. Gauzak holan, eskari bat egin dot (instantzixa batez, noski) ekartzen dezten edozer erretenittu baiño lehenago nahixago dotela familixiari momentuan itzultzia. Ez dot nahi gure gauzarik euren esku zikinetan egotia. Hamen Aranjuezen astian behin etorri ahal jatzuz bisittan familixa zuzenekuak. Lagunik ez momentuz, ze talde armatuko kidiak izatia leporatzen dezkuenez, guk lagunen batek bisittatzeko eskarixa egitten badogu lehelengo ha inbestigatu egin bihar dabe. Horregaitxik, lagunen bisittak izan orduko hile batzu errez pasatuko jakuz. Bittartian astian behingo ordubete horrekin konpondu bihar gara. Ba dago aukeria be visavisak egitteko, baiña horretarako geuk eskatu egin bihar dogu, eta nik ez dot oso ondo ulertzen zelan dan.