Coreblog euskaraturik, diseinu hobearekin
Apirilean atera nuen Coreblog euskaratuaren lehen bertsioa, Localizerrekin egindako lokalizazio lan xume baten emaitza pertsonala. Harekin probetan hasia ere bazen baten bat, Igor Leturia adibidez.
Orain prest dago bigarren bertsioa. Aldaketak:
- Coreblog 0.72b bertsio berriagoarekin probatua.
- Diseinu aldatu da, eta CSS hutseko diseinu moldagarriago bateko
skin
bat ezartzen da bertsio lokalizatuarekin batera. Berrikuntza nabarmenena diseinuarena da. Jeff Hicks-ek egin zuen, duela aste batzuk, Movable Type-ren 2.x bertsioaren CSS template edo maketari zegokion Coreblog-en skin adaptazioa. Haren lana aprobetxatuta (dagokion aitortzarekin), berregin dut nire Coreblog lokalizatua. Ondorioa zera da, CSS orria aldatuz soilik ikutu daitekeela itxura grafikoa osoa.Adibidea, euskarazko demoan (Jabi Zabalaren sarean.com webgunearen estilo orria du horrek, kopiatu eta pegatu eginda, beste ezer ikutu barik).
Eta, hiru hizkuntzatako demoan kasu honetan MovableStyle.com webetik hartutako css bat. da baliabide on bat MT 2.x CSS orriak ateratzeko, eta Corebloga haren arabera txukuntzeko. Hala ere, ez dabil gune horretako eredu guztiekin. Gehiago ikertu beharko da. Nolanahi ere, oraingo aukerarekin (eta are gehiago CSS bidez diseinua egiteko nozioak dituen norbait eskura baduzu) itxura bikaineko blog euskalduna lortu daiteke segituan. Coreblog euskaratuaren web kokapen berria hemen Bertantxe deskargatzeko paketeak, instrukzioak eta demo adibideak.
Ingelesen Hilerria tokiz aldatu da
Donostiakoa betiko tokian dago, Urgull mendia, baina Luistxoren blogak kokapen berria dauka Eibar.org elkartearen webgunean. URL berria: www.eibar.org/blogak/luistxo/eu. Orain arte, Manterola.org webgunean egon da, 2004ko apiril hasieratik ekain amaierara arte. XML feed edo jarioaren helbide berria: www.eibar.org/blogak/luistxo/eu/rdf10_xml.
Euskal Herritik blog batekin japonieraz
Naobasque. Japonieraz, baina argazkiekin ondo hornitua. Azken egunetan, pottoka zalditxoek eta Donostiako Moneoren kuboak (edo akaso haren parean arrantza egiten dutenak) deitu diote arreta egile japoniarrari (badirudi Euskal Herrian bizi dela hilabete hauetan). Bidasoa muga inguru horretan bizi da pertsona hori, esango nuke.
Zazpi urterekin umeak jakin behar dituen 71 gauzak
Eskola-umeen oporrak hemen dira. Zelako putada, datozen hilabeteotan heziketa gurasoon ardura izango da, eta ez estatuarena. Liburu bat eskuratu dut: zazpi urterekin umeak jakin behar duen guztia. 71 gauza dira! Hau da lana!
Sei urteko semearekin zaila daukat... ea zortzi hilabeteko alabarekin ganora gehiago erakusten dugun.
Liburua Donata Elschenbroich pedagogo alemanarena da. Madrilgo egunkari baten liburuen gehigarrian aurkitu nuen erreseina duela aste batzuk. Todo lo que hay que saber a los siete años deritzo espainolez. Weltwissen der Siebenjähringen jatorrizkoa alemanez.
Autolaguntzarako tostoi bat izan beharrean, pedagogia liburu bat da, are tostoi astunagoa. Bere eduki aipagarriena, egin/jakin/esperimentatu beharreko 71 gauzen zerrenda da. Kontestuz kanpo, apur bat arraro geratzen da zerrenda, baina liburutik zerbait kopiatzekotan, horretara mugatuko dut copyright legeen nere apurketa. Gaztelaniatik halamoduz itzuli ditut 71 aginduok. Horra:
- Norberaren presentzia gauza ontzat sentitu. "Zu egongo ez bazina... faltan bota zaitugu..."
- Irabazi nahi, eta galten jakin.
- "Gaizki portatzea" zer den jakitea (Theory of mind). Ez nahastu gosea eta haserrea, nekea eta tristura. Harreman psikosomatiko oinarrizkoen intuizioa izan. Adibidez, ohea bustitzea emozioekin lotuta dago.
- Zigor injustu bat barkatzen jakin nagusi bati.
- Irudiak emozioekin lotzen jakin. "Globo batek danba egitean bezala", "gainezka egiten duen tanta".
- Poza eman duen ikasketan egindako aurrerakuntza bat gogoratu.
- Aita bizarra mozten ikusi.
- Sukaldekoak, garbiketa, ohea, lana egin, egun osoak igaro aitarekin.
- Gaixoaldi bat aitaren zaintzapean igaro.
- Norberaren gorputza uretan flotatzen sentitu.
- Ziburuan, kolunpioan, jakin. Zer egiten du nire gorputzak kolunpioarekin? Zer egiten du kolunpioak nire gorputzarekin?
- Almoada burruka batean parte hartu.
- Elurrezko panpina egin, hondarrezko gaztelua, presa bat ur korronte batean. Kanpo irekian sua pizten eta amatatzen jakin.
- Gurina egin. Nata egin. Sukaldeko fisika eta kimika oinarrizkoa jakin: lizuna, okerra, pikantea. Nahastu, txikitu, azala kendu, urkuldu. Kiskalia eta krax-kraz dagoena bereiztu, gordina eta erreegia. "Gatz apur bat"
- Bidaiak: familia, gurasoak, beste ingurune batean daudela konturatu. Kontrakoa sentitu: erosotasuna abenturarekin alderatuta, etxean egotea bidaiatzearekin. Herirmina, migrazioa, aterpea, aterperik gabeak: lehen nozioak.
- Gau bat beste familia batekin igaro. Beste familia kultura batzuk edo portaera arau batzuk ezagutu. Norberaren familian bakarrik balio duen ohitura bat ezagutu.
- Familia hedatuan nor den jakin. Familia harreman desberdinak ezagutu: osaba, lehengusua, ama-pontekoa...
- Kaleko eskaleari edo musikariari eman.
- Norberak proposatutako hobekuntza bat praktikan jarri dela ikustea. Gomuta bat: neuk hobetu nuen mundua.
- Oinarrizko osasun-zaintza: arnastu, minari eutsi, geldi edo edo mugitzen. Eskuekin ukitzea ona da: non? Ukalondoan? Buruan? Masaje baten lehen nozioak. Atseden hartzen jakin. Zer den ona begientzat, berlarri, azal, oinentzat. Zer den oilo-larrua. Igarotako gaixotasunak harrotasunez gogoratu. "Bizitzaren parte dira gaixotasunak".
- Hansel eta Gretelen ipuina ezagutzea, eta baita segurtasunaren eta abandonuaren inguruko beste alegoria batzuk.
- Bitxikerien museoa: gauzen mezua. Duten ospea, antzinatasuna, nola iraungo duten gu hil ondoren. Gaztelu bat ezagutu. Mundua aldatzen dela nabaritu. Amona beste modu batean hazi zela jakin. Gauza bat aukeratu eta gorde, nork bere umeei pasatzeko.
- Bilduma bat bildu, edo horretarako gogoa izan.
- Munduaren lur banaketaren nozioa izan, beste kontinenterik badela.
- Jatea eta bazkaria ospatzea desberdindu, mugimenduak eta keinuak, usainak eta lurrinak, soinua eta zarata, ikusi eta adi egon, ibili eta martxan joan.
- Larrialdietako zenbakia jakin. Laguntza eta zaintza sistemen berri izan. Umeentzako larrialdi telefonoa ba ote den jakin.
- Sekretua gordetzen jakin. "Zuk eta biok bakarrik", "gure artean gera dadila".
- Betetako promesa bat gogoratu.
- Gure eskubideen defentsa beste batzuen esku utz daitekeelako esperientzia izan.
- Iraungipen ebitatzeko metodoren bat ezagutu. Zerbait konpondu izana, eta, erostean, galdera honek duen garrantziaz jabetu: "Konpon daiteke?"
- Merkatua eta supermerkatua desberdindu.
- Norberaren adina baino aurreratuago jokatu (jolas baten arauetan, adibidez). Nagusi bati zerbait azaldu inoiz.
- Nagusi batek inork ez dakien kontu bat aipatu ("Hau ez daki inortxok ere").
- Zuhaitz batera igo.
- Erreka batean banaitu.
- Erein eta uzta bildu.
- Kremallera bat eta velcro itxidura bat aztertu. Giltzarrapo eta giltzak erabiltzen jakin. Nahi barik itxita ez geratu.
- Aparailuak koenktatzen ea desentxufatzen jakin.
- Neska eta mutilen jolas tipikoak ezagutu. Haien inguruan iritzia eskatu zaiola sentitu izan.
- Dotore joan nahi izatea, estiloaren zentzua eduki: "jertse hau ez daukat ondo!"
- Mezu bat idatzi, mezu baten zain adi egon edo hura jasoztean lasaitua sentitu. E-postaz mezu bat jaso edo bidali.
- Zein itxura du norberaren izenak hondarretan idatzita? Eta elurretan, basoko lurrean, lurrinak bustitako leihoan?
- Orri zuri batek sortutako zirrara eta espektatiba sentitu.
- Liburu bat "jakin" hasieratik amaierara.
- Itzal urdina... margolan batean, neguko paisaian...
- Gaur honekin egin dut amets...
- Borroka batean artekari lana egin. Borrokatik aparte geratu.
- Ni, etorri egin naiz. Irudikatu edo "gogoratu" jaio aurreko hilabete edo asteak.
- Fruta bat zuritu, fruta "askatu", haren hezurra erdibitu.
- Hosto baten zainei erreparatu, norbearen eskuaren marrei.
- Fruta motak eta nola desberdintzen diren usainean. Hiru usain gogokoenak.
- Norberaren ahotsa aurkitu. Norberaren izena abestu. Txorien eta beste animalien ahotsa imitatzen jakin. Kanon bat abestu: nahas-jolasa eta ordenaren esperientzia. Musika tresnekin elkarrizketa bat antzeztu eta oihartzuna entzun. Oinekin erritmoa sentitu. Soinu maila horrekin, belarrietan mina nabaritu.
- Norberaren indarra neurtzen jakin tanborra jotzean, edo masajea ematean adibidez.
- Irainak eta berba zatarrak jakin (bi hizkuntzatan). Hizkuntzaren mailen zantziak izan, konbentzioak, zein ingurutan zer esaten den.
- Iltzatzen jakin, torlojua lotzen, pila aldatzen.
- Telefonoz errekadua hartzen jakin, hura gorde eta gero emateko.
- Norbaiti zerbait erori zaionean, hura hartzera makurtuta.
- Hitz egitean, besteari amaitzen utzi. Horren esanahia ezagutu. Itxoiten jakin, ilaran egoten.
- Desio guztiak maila berean ez direla betetzen jakin.
- Txango batean joan: lasterka joan, ibili eta paseatzearen arteko desberdintasuna ezagutu. Bidea zer den sentitu, bideko zailtasunekin topo egin. "Begien aurrean helmuga bat" izan.
- Hosto forma batzuk ezagutu, zein diren jateko, eta zein ez.
- Natura etsaia eta laguna izan daitekeela, bietarik izan esperientziaren bat. Natura ahula dela, babesa behar duela; eta natura indartsua dela, oldarkorra eta arriskutsua.
- Arau bat negoziatu. Arau bat aldatu. Salbuespenaren kontzeptuarekin erlazionatu zerbait.
- Kantitateak neurrien arabera ezagutu inoiz. Adibidez, bi botila ur, hiru litro dira. Espazioa norberaren gorputzarekin neurtu.
- Gogoeta: zer egin dezaket nik? zer egin dezake ordenagailuak? inteligentziaren lehen zantzuak, giza inteligentzia eta inteligentzia artifiziala.
- Itxura eta errealitatearekin esperientziak. Kristalaren "hutsaren" atzean zerbait ezkutatzen da.
- Esperimento batekin esperientzia (saio sorta bat), eta ariketekin ere bai (prozesuen errepikapen sistematikoa).
- Norberaren begien kolorea jakin. Autoerretratoa margotu.
- Norbearen pultsoa sentitu, lagun batena, animaliaren batena.
- Aditu edo jakintsuren bat ezagutu inoiz. Harekin lan egin izan, mentorea bailitzan.
- Ume izateagatik harro sentitu. Umea, ez besterik.
Orkut ligatzeko baliabide gisa
Lehengoan lagun batek galdetu zidan zerrenda batean Orkut sare sozialaz, ea zertarako balio zezakeen. Zera erantzun nion: Nik uste dut Orkut-ek ligatzeko balio dezakeela, sexurako... Premisa batekin, aurpegia eta izena emanda ligatzeko, ez kontaktu-tabloi anonimoaren estiloan. Ez dut esperientziagatik esaten... Ni ez nago Orkuten ligatzeko: nire izen, deiturekin, aurpegiarekin, lanpostuaren eta familiaren deskripzioarekin nago han, eta punto. Ikusteko sartu nintzen, ikusi dut, eta bueno, ligatzeko balio dezakeelako konklusio horretara iritsi ondoren, ba bueno, nire kontua ez du inork kantzelatu orain artean.
Europarren partehartzea hauteskundeetan
Internauta lagun bati zerrenda batean irakurri diot datu interesgarri hau: Orexa (Gipuzkoa) izango da kasu bakarra Europan, non partehartzea %85ekoa izan den. Hori bai, 62 botoemailetatik 57ren botoak baliogabetzat jo ditu Espainiako legeak... Beste bat egon da zuria, hiru Galeuscarenak eta bat EA Herrien Europaren Alde. Bestalde politiko bati entzun nion igande gauean, ahalegina egin beharko zela benetan herritarrei Europako Parlamentuaren garrantzi erreala azaltzeko. Bai, pentsatu nuen, prezisamente horixe.
Galipotaren estadistikak
Hiru lagun egon ginen Ondarretako hondartzan igandean. Sei oin. Oin horietarik 2 galipotez zikinduta irten ziren hondartzatik. Galdera: zein probablitate estatistiko dauka pertsona batek Ondarretan galipotez zikintzeko?
Txakur-kakak eta idazlearen funtzio soziala
Anjel Lertxundik joan den larunbatean txakur-kakena salatu zuen Berriako bere zutabean ... (ez da lehen aldia):
Eta hara! mezu bat ItzuL zerrendan, Oihana Lertxundi delako batena.
> [itzul] Juega limpio con tu perro, juega limpio con tu ciudad > >Egun on, > >Zarauzko Hi, kide elkartekook (txakur-jabeen elkartkekook) kakak jasotzearen >aldeko kanpainari ekin behar diogula eta, horixe itzultzea tokatu zaigu. >Itzuli ez ezik, egokitu ere egin behar da, ordea, baina ez zait ezer jator >eta eraginkorrik bururatzen. Lagunduko?
Idazleen funtzio sozialaren erreibindikazioa izan zitekeen kasu hau...
Idazteak mundua alda dezake.
Kotilleo bidez jakin dudanez, Oihana Lertxundiren aita Anduren lehengusua da.
Athletic & US Army: uniforme berriak
Athletic-en elastiko berria, USA armadaren uniforme berria bezain modernoa, apurtzailea, eta, seguruasko, erridikulo eta polemikoa.
Euskal Liburutegi Digitala ala euskal liburutegi digital bat?
Hortik irakurria: "La Biblioteca Digital Vasca nace en Internet con 3.000 obras". Bai, baina ez. Izena oker du gauza horrek. Kultura Sailak aurkeztu du hau, eta Euskal Liburutegi Digitala izena eman diote.
Bueno, egiazki, Sancho el Sabio edo Antso Jakituna funsazioaren liburutegi digitala da, meritu handikoa, baina haiena. Fundazioak bere kasa egin, eta bere dominio propioan aurkeztu izan balu Euskal Liburutegi Digitala
, ondo irudituko zitzaidan. Beste inork egiten ez duen bitartean, haiek egin, bataiatu umea gurasoek nahi duten bezala, eta aurrera. Baina Kultura Sailak, zeinak izan beharko lukeen benetako Euskal Liburutegi Digitala egiteko ardura, izen hori ematea Fundazio honek egindakoari, ba ez, hori ez da zuzena.
Orain euskal liburutegi digital bati, Euskal Liburutegi Digitala deitu dio gobernuak. Eta, etorkizunean, benetako Euskal Liburutegi Digitalik ez dugu izango? ala, izatekotan, Antso Jakitunaren azpiegiturarekin bat eginda izan beharko ote derrigorrez?