Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan
Hildako katutxoena informatikarien txantxa gisa ezagutu nuen nik. Programatzeko orduan, beharrezkoa den lerro bat baino gehiago idatziz gero, Jainkoak katutxo bat hiltzen du. Gero, Interneteko meme baten gisara zabaldu da. Inork azalekoa edo alferrekoa den klixe edo berba-fetitxe bat aipatzen duen bakoitzean, katutxo bat hiltzen du (berak pertsonalki, edo Jainkoak haren izenean).
Argitasuna eskertzeko modu bat da, topiko nekosoak arbuiatuz; edo bullshit hizkera mordoiloa (kaka esplikatzea) salatzeko bidea. Ez izan nekosoa, ez izan nagia; modan jarritako fetitxe lexikoak errepikatu baino, esan ezazu esan beharrekoa bihotzetik, benetako berbekin, esan ezazu argi, edo bestela isildu, baina ez ezazu katutxorik hil mesedez.
Duela urte pare batetik hona txantxak egin izan ditut lankide batekin, berba katuzidarik (termino hau, goiko irudia bezala, Gorka Bereziartuari zor) egon baldin bada, eragile izan dela hori. Kontestu batzuetan, benetan hilgarria suertatzen da. Adibidez: "Eragileek erabili behar duten marko diskurtsiboa definitzen du ebazpenak", bota zuen, errukirik gabe, Mario Zubiagak lehengoan Berrian. Dozenerdi katutxo hilko zituen horrekin kabroiak.
Baina etorri da bat-batean bestea, gaztelaniaz errepikatua behin eta berriro: relato delakoa. ETA isildu ondoren gertatu denaz idatzi behar omen dugun istorio edo historia ditxosozkoa.
Euskaraz Jonan Fernandezek kontakizuna deitzen dio, eta Xabier Mendigurenek ere bai, baina Martxelo Otamendik errelatoa, eta Erramun Gerrikagoitiak uste du relatoa behar lukeela... Ez duzue errukirik, katutxo-hiltzaileok!
Dena den, seguruenik alferrik dira aldarri guztiak. Eragileek segituko dute errelatoa osatu guran. Ez dago salbaziorik ziklo berri honetan, eta denok arduraz jokatzeko garaia denez, hel diezaiogun errelatoari, ezinbestean. Eta ipuin ditxosoa hasi behar badugu idazten (aukera ikusi du Zaldieroak, listo dabil), amaitu ere egin beharko dugu. Eta horretan, bi aukera ikusten ditut nik.
- Espainolen eran egin: Y fueron felices y comieron perdices.
- Euskaldunen eran (edo eretako batean): Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta irten dadila herriko plazan.
Uste dut ez dagoela amaiera bien artean zalantza handirik. Zoriontasunez denak ase utziko dituen ipuinik idazterik ez dago. Hobe dugu euskarazko formula eklektiko eta akaso nihilista hobestea. Hala izan bazen, hala bedi, eta hala ez bazen izan, berdin dio, sar dadila kalabazan. Kito.
Ummm... ze goxoak After-ETA hauek (via Goio Arana). Nola disolbatzen den txokolatea ahoan...
Kontu honek segitzen du: Bart gauean "La Noche de", ETB2ko programa zaharrena eta arrakastatsuena baliatuz, Iñaki Gabilondok aurkeztutako dokutxapa bat bota zuten, beharbada, euskotar guzioi lasai-lasai esplikatzeko, zergatik zuten haiek arrazoia eta zergatik geunden gu oker. Mario Onaindiaren biopic hagiografikoa eta "El asesinato de Carrero Blanco" konspiranoikoa ere jasan genituen lehenago.
Aurreko astean Martxelo Otamendik artikulua argitaratu zuen aurreneko hiru etakideen izena gogoratu eta goratzeko. Iñaki Egaña ere hor dabil...
Ez da broma errelatoaren kontu hau.