Arte modernoa dibertigarria da
Arte modernoa ikuskizun tonto baina dibertigarri bat besterik ez da. Edozerk balio du. Baina ikusgarria eta dibertigarria suertatzen da, eta aire girotua badago udan eskertzen da bisita fresko bat supermodernitatearen tenplu berri horietara: hiri bakoitzak berea merezi du, eta Bilbon Guggenheim bazuten, orain Donostian Tabakalera daukagu eta Nafarroan Uharteakoa topatu genuen duela egun batzuk, galdu egin ginelako Iruñearen zeharbidea egiten Orreagarako bidean (albotik pasatzean, zer ote hau? gelditu, eta ikusi genuen).
Modernokeria hauek bisitatzen oso ondo pasatzen dut. Nire umeek ere disfrutatzen dutela uste dut. Batez ere, bi baldintza betetzen badira.
- Doan bada
- Argazkiak egiten uzten badizute.
Alderdi honetatik, Guggenheim oso txarra da, Tabakalera erdipurdikoa ze ez dute uzten argazkirik normalean eta estraperloan ibili behar duzu, eta Artium ez dakit ze ez naiz sekula Gasteizkoan ibili. Baina onena, Uhartekoa, Iruñea inguruan. Doan, eta nahi beste argazki.
Tabakaleran arte latinamerikarreko boutade zenbait ikus daitezke orain. Horien artean, legoz egindako hilkutxa polit hau. Koloreak Kolonbiako banderarenak dira, eta goiko marra zuria kokaina esan nahi du. Artistak eskatu du bere gorpua hemen enterratu dezatela hiltzen denean. Eta enterratu ondoren 10 urte igarotakoan, atera dezatela, hondakinak bota, eta lego piezak Kolonbiako umeei banatzeko. O, ze sakona.
Argazkiak.org | Fernando Arias, Lego hilobia © cc-by-sa: Luistxo.F
Beste hau txanpon mordo bat ziren lurrean... Goitik zintzilik ganadu hezur batzuk ere bazeuden.
Argazkiak.org | Cildo Meireles © cc-by-sa: Luistxo.F
Kontuan izan goiko argazki hauetarako Tabakalerako zaintzaileei aurre egin behar izan niela. Eskerrak Maider Undaren bloga irakurrita, borrokan egiten badakidan orain. Kanpoan Joxan Muñoz zuzendaria ere aurkitu nuen. Harrigarria bada ere, ez zidan esan sarrera debekatuko didatenik.
Uharteko dena-delakoa berriagoa da (eraikina batik bat), eta modernoagoa. Zenbait erakusketa zeuden. Kader Attia aljeriarrak mezu globalizatzaileak igortzen ditu (edo holako zerbait). Horra bere bidoiak otoitzean, uralitazko teilatuak eta superreko poltsa hutsak.
Argazkiak.org | Kader Attia, bidoiak © cc-by-sa: Luistxo.F
Argazkiak.org | Kader Attia © cc-by-sa: Luistxo.F
Argazkiak.org | Kader Attia, poltsak © cc-by-sa: Luistxo.F
Erakusketa kolektibo bat ere bazegoen. The New Normal. Taldelana edo. Mezu ustez politikoa. Enfin, butaka bat, ohe bat, edozer...
Argazkiak.org | The New Normal © cc-by-sa: Luistxo.F
Argazkiak.org | The New Normal, Huarte Zentroa © cc-by-sa: Luistxo.F
Txorakeriak txorakeria, niri are tontoagoa iruditzen zait mezu politikoa dagoenean tartean. Horregatik, Attia edo The New Normal baino, gehiago gustatu zitzaidan Ana Solerren Eskatu Desio Bat erakusketa, zeinaren mezua ludikoa iruditu zitzaidan (igual oker nago baina!), eta Japoniara astesantuan egindako bidaiaren kontuak ekarri zizkigun gogora, hango kultura zahar eta berriaren keinuen irakurketak baitziren CC artistaren lanak.
Argazkiak.org | Desio bat eskatu © cc-by-sa: Luistxo.F
Erakusketaren izena zetorren desio idatzien kontutik. Japonian txanpon batzuk ordainduta, tenpluetan idazten dituzu zure desioak paperetan, lokarritxo bat eginda zuhaitz edo alanbreren batean uzteko tenpluan. Uhartekoa ez zen tenplua, baina gonbidapena euskaraz egitea ere eskertu genuen, eta desioak eskatu ere bai.
Argazkiak.org | Ana Soler, metro-mapa gizatiarra © cc-by-sa: Luistxo.F
Argazkiak.org | Ana Soler, metro-gorputza © cc-by-sa: Luistxo.F
Giza-gorputz bat ere bazegoen, metro mapa baten gisa paretean. Japonierazko eta gaztelaniazko berbak agertzen ziren estazioen tokietan, baina Tokyoko bertako benetako geltoki izenak ere bai, lagun eusko-japoniarren etxetik gertuen zegoen Shinagawa lotune handia bezala, Tokyo hegoaldean.
Argazkiak.org | Origami, Ana Soler © cc-by-sa: Luistxo.F
Argazkiak.org | Origami © cc-by-sa: Luistxo.F
Ehundaka origami txorik osatzen zuten multzo delikatu hau ere polita zen oso.
Txoroagoa iruditu zitzaidan lurreko anime-manga figuren jolasa baina, tira, hori ere oso japoniarra.
Uhartetik hegoalderago, Zaragoza Expora ere iritsi ginen abuztuan. Hiru egun egin genituen erakusketa-aretoan. Ez zuen merezi. Kola izugarria, eskulangintzen eta kuriositateen feria bat ikusteko. Eta zelako ilarak. Puff. Nire ustez, ustezko eko-mezu trazendentaletatik harantzago, arte kontzeptualetik gertuen zeuden instalazioak ziren gehien ikustea merezi zutenak. Adibidez:
Argazkiak.org | Lili Koreako pabilioian, Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F
Koreako pitxar mordo bat. Hona inork ez zuen sartu nahi. Aldamenean 3d proiekzio txoro baterako, sekulako ilarak zeuden.
Argazkiak.org | Galiziako pabilioia, Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F
Argazkiak.org | Galiziako pabilioia, Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F
Pixelazioarekin jokatzen zuen instalazio galiziarra. Gertutik, kristal koloreztatu mordoa besterik ez zen ikusten. Baina kamera digitalaren begian ikusten zen ondo, txikitutakoan... Pixelekin jarraituz, pixelazio isometrikoaren nazioarteko artista baten lana (eBoy) ere aurkitu nuen pabilioi batean.
Argazkiak.org | eBoy Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F
Baina hau, tamalez, Expo ez zen doan. Eta kasu askotan, argazkiak galerazita ere bazeuden. Beraz, Expo Zaragozari suspenso, baita alderdi artistikotik ere.
Tabakaleraren alde hitz egin izan dut lehenago ere. Bereziki egokiak dira doako bisita horiek, batzuk euskaraz eta besteak erdaraz, zuzen iragarrita ze ordutan tokatzen den bakoitza. Beste hainbat tokitan bisita gidatura apuntatzen zara, eta nahikoa da madrildar bat egotea 10 euskaldunen artean erdaraz izateko. Dena den, argazkien debekuan ez nago amore emateko prest. Debeku estupidoa eta injustua da, eta agian ebitaezina Tabakalerako arduradunentzat, baina hori ez da herritarron errua.
Beste erakusketa interesgarri bat irailean Donostian ikustekoa umeekin, Try Again, Koldo Mitxelena Kulturuneko sotoan.