Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Apatity

Apatity

Luistxo Fernandez 2005/09/22 23:04

Atzo berria ekarri zigun Peruk ikastolatik. Astelehenean ikaskide berria izango dutela, eta errusieraz besterik ez daki mutilak. "Iban" du izena, Ivan izango da. Errusiarra omen, baina ez Errusiakoa, esan zigun Peruk. Nongoa? zerrenda osoa bota nion, ea gogoratzen zuen izena: Ukraina, Bielorrusia, Azerbaijan... Ez. Tira ba, gaurko Ivanen herrialdearen izenarekin etortzeko.

Etorri da Peru eta esan diogu. Badakizu herria? "Bai, APATITI".

Apatiti? Apatiti!

Begiratu dugu, eta hor dago. Apatiti. Mapetan eta erreferentzia gehienetan Apatity aurkituko duzu. Euskaraz transliteratua Apatiti izango da. Gure atlasetan dokumentatu gara, Britannican aurkitu, Tagzanian markatu. Hau da Apatity. Gertutik ikusita, jaguarraren azala dirudi, edo maien idazkera, edo kuneiformea...

apatity1

Urrutiagotik, ikusten dugu non dago. Iparraldean, oso iparraldean. Apatity zirkulo polar artikotik haratago dago, Kola penintsulan, Errusian.

apatity3

Garai batean sami edo laponiarrak ziren han, orain gutxiengo urri bat besterik ez, kolono errusiarren artean, Kareliaren patu bera. Kolonoen hiria da Apatity, 1966an sortua (ni jaio nintzen urtean!) eta 70.000 biztanlerekin Kola penintsulako bigarrena. Apatito minerala dago inguruan (euskaraz omen apatitoa, gaztelaniaz apatita, eta ingelesez apatite), eta haren ustiaketarako sortu zen hau. Irudikatzen dut Kola penintsulako hiri guztiak halakoak direla: meatzarienak, muga-mugakoak; jendea kolono zailduak edo Murmansk-eko portuko marinel eta militarrak...

Distantzia ertain batetik, Imandra / Avvir (samieraz) lakua ikusten da Apatity ondoan, eta mendi koloredun batzuk. Hori ote apatitoa?

apatity2

Ez dakit askoz gehiago herri hartaz. Gauza bat bakarrik. Gaur, edo bart gauez, dela edo izango zela ekinozioa, udazkenean sartzen garen unean. Eta oraintxe dela, udaberriko ekinozioaz gain, Apatityk eta Euskal Herriak bat egiten duten unea: bi tokietan, eta mundu osoan, gauak eta egunak luzera bera dute, 12 ordukoa, eta mundu osoan sinkronizatua. Atzo, egunak luzeagoak ziren Apatityn hemen baino, bihardanik, gauak luzeago izango dira han, abenduan iluntasun osoan sartuko diren arte (ekainean 24 ordutako argia zuten bezalaxe). Munduaren biribiltasunaren eta errotazio ardatzaren desbiazioaren ondorioa: latitude eta longitude kontua, azken batean, Tagzania bezala.

Ekinozioak batu ditu Apatity eta Donostia, elkartu ditu Peru eta Ivan. Ongi etorri, Ivan eta familia. Apatityko lehen euskalduna izango zara.

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2005/09/23 21:12

A ze eskola bikaina eman diguzun, geografiakoa! Sekulako arretaz irakurri dut, gozatuz. Esaiozu Peruri Joxek ere ikasi duela Apatity non dagoen, eta betiko gogoratuko duela. Zorionak bioi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004