Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Jotak Tafallan

Jotak Tafallan

xme 2005/09/14 10:11

(Argian argitaratutako artikulua)

Abuztu erdialdeko igande goiz zozo bat. Ezer taxuzkorik egiteko ganorarik ez eta telebista piztu dut. Katerik kateko erromesaldi azkarrean, jota-kantariak ikusi ditut ETB-2an: Tafallatik ari dira, Nafarroako herrietako txapeldun gazteen arteko txapelketan, eta hortxe utzi dut irudia. Ohikoa da giro intelektual ustekoetan halako emanaldi folklorikoen lepotik barre egitea, baina niri gustatu egiten zait jota-kantua, bere basatasun eta sinpletasun horretan. Sinple samarra naizen seinale, beharbada.

Saioa ikusten nengoela, gogora etorri zitzaidan Josemari Esparzaren "Jotas heréticas de Navarra" liburua, nola idazle tafallarrak komentatzen zuen jotaren tradizio herrikoia (lotsagabea, subertsiboa, bizia) guztiz bahitu duela agintean dagoen jendeak, eta gaur egun kantaera erritual esklerotizatua bihurtu dela. Horren adibide argia ziren emanaldi hartako kantuen hitzak: ama, entzierroa, San Fermin, mi navarrico, mi navarrica eta enparauak.

Esklerosiak esklerosi, atsegin dut gure ondare kulturala bere osoan aintzat hartzea, Euskal Herri lehor eta horikoa barne. Los Arcos, Azkoien, Corella edo Faltzesko kantari haiek aditzen nituela, sentsazio infantil samarra irudi dakioke norbaiti baina, neure herrikide nituela sentitzen nuen; kontua ez da, ordea (berehala ohartu nintzen), nik zer sentitzen dudan, haiek ni herrikidetzat hartzen nauten baino. Eta hor izango dira seguru asko komeriak.

Tafallatik Finlandiara joan zitzaidan gogoa. Seguru asko, Helsinkin ari zirelako jokatzen, egun haietan, Munduko Atletismo Txapelketako probak. Gutxi ezagutzen dugun herria da Finlandia, urrun dagoelako-edo, Eskandinaviako puntan. Errazago aipatzen ditugu Irlanda, Flandria, Korsika Hala ere, historia jakingarria du herrialde horrek: bi nazio indartsuagoen menpean egon da mendez mende (Suedia eta Errusia), hizkuntza ere galzorian omen zuten XX. mendearen atarian, nekazarien mintzaira bihurturik, eta halaz guztiz, hainbat borroka eta liskarren ondoren independentzia lortu zuten, eta ahalegin handiekin suomierak burua altxatzea ere bai.

Historia polit horrek badu bere arantza ere: Karelia. Finlandiaren ekialdeko lurralde handia, Sobiet Batasunaren esku utzi behar izan zuten mugak finkatzeko tratatuetan. Eta, gaur egun guztiz errusiarturik dagoen arren, bere aberriaren muina zen suomitarrentzat: han bildutakoak dira, esaterako, "Kalevala" finlandiarren epopeia nazionaleko kantu eta istorioak.

Ez dut konparazio errazik egin nahi Karelia eta Nafarroa Garaiaren artean. Izatekotan, Ipar Euskal Herria genuke gaurko Karelia, zentralismo itogarriaren eta kolonoen presioz etnozidio atzeraezinezkoa nozitzen ari dena. Hego Euskal Herrira etorriz, duela hogeita bost urte ezarri ziguten gaur ere indarrean dirauen zatiketa administratiboa. Orain, badirudi negoziazio, normalizazio, baketze edo dena delako fase berri bat etorriko ote den, eta hor, besteak beste, hitz egin beharko da gure lurraren osotasunaz, haren instituzionalizazioaz eta zatien arteko harremanez.

Ez dut berealdiko itxaropenik; besteak beste, ez dudalako ikusten horren inguruko kezka nabarmenik. Eta hala ere, baitezpadakoa da aurrerapen esanguratsuren bat lortzea euskal lurren arteko loturan; ez dut esango lurraldetasunaren aitortza garrantzitsuagoa denik autodeterminazioa baino. Aita edo ama maiteago dugun galdetzea bezalatsukoa litzateke hori. Baina irudipena dut bigarren arlo horretaz ari direla politikariak hizketan (subiranotasuna, erabaki-ahalmena, burujabetza), lehenengoa ia ahazturik.

Ez iezadazue esan, arren, Arrano Beltzaren amets esentzialisten lilurak edo Nafarroa maritimoaren birus historikoak jota nagoenik. Nik, besterik gabe, anai-arreba sentitu nahi ditut Tafallako jotariak, eta haiek ere ni haurridetzat hartzea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.