Tourmalet
Patxadaz gosaldu, bizikletari parrila kendu, motxilatxoan arropa lehorra sartu eta gaurkoari ekin diot. Luzeko turismo bulegoan ura hartzen beste euskaldun batzuk. Bideari ekin eta azkar pasa naute, Baregesa bidean. Hasieratik dago aldapatzarra. Aita-seme batzuk ere pasa naute, baina gertu geratu zaizkit, ni pasatzeko ahalegina baina gero ezin tartea ireki.
Bareges herrian aita-semeak ura hartzera geratu dira, eta baita ni ere, 5 kilometroan azkar edan dut eta litro erdia. Ikasgai garrantzitsua da hori, hartu ura sarritan, badaezpada ere.
Kilometro eta pikura eski estazioko aparkalekuak arnas apur bat emango digu. Hamar kilometro gailurrera. Amaiera arte kilometroro iragartzen dizute zelako kalbarioa duzun aurrean: altuera, penditza eta falta den distantzia. Urrun ikusi ditut aparkalekutik aita-semeak. Nire erritmoari eutsi eta aurrera.
Zikloturista ugari pasa ditut, euren poltsa eta guzti. Arinago igartzen naiz gaurkoan kendutako soberakinei esker. Txirrindulari bat edo beste ere pasa dut, horiek koadroak ikusten direnak. Eta goian helmuga izango denaren jira-bueltak ikusten dira, lekutan oraindik ere.
Halakoan mendi hegal batetik bestera pasatzen gara eta errebuelta batzuen ostean Pic du Midi ikusi dut, bere gailur kurioso horrekin. Igoera eta aldapaz apur bat ahazteko baliogarria, eskertzekoa aizu!
Kilometro eta erdiren faltan aita-semeetako bat ikusi dut urrunean. Indar apur bat oraindik ere baneukanez hortzak estutu, manilarrari gogor heldu eta harrapaketari ekin diot. Azken maldan pasa dut, ehun edo berrehun metroren faltan. Hori poza nirea. Gailurra horrela egiteak plazer puntua eman dio. Zeinen gustura esan diodan "bonjour" albotik pasatzean.
Goian haizea. Eta lehengo euskaldunak. Alkarri argazkiak atera eta arropa aldatu dut. La Mongie aldera begira denboraz egon eta behera bueltan. Ederra jatsiera eta ederra parajea. Baregesen pancake basquaise bat jan eta hotelera. Ondoren alboan dauzkadan termetara jo dut, erlaxatzera, uretan plisti plasta ibiltzea asko maite dut eta.
Biharkoa gogorra izango da. Euskal Herrira itzuliko naiz eta itxuran Piriniotako igoera gogorrena gainditzea espero dut, Larraine (Larrau). Bitartean, biba gu!