Orontze - Donostia
(Uztailaren 9an eginiko etapa).
Aurreko egunetan Portalet, Aubisque, Tourmalet eta Iturzaeta (Larrau) igo ostean, Donostiara bidean ez neukan halako mendi ezagunik; eta luzea izango bazen ere, ondo egitearen uste sendoa neukan. Goiz hasi zen ordea gora eta behera ibili beharra. Ezkarozetik Auritzera bidea luzea egin zitzaidan. Hankak hotzak, baina auspoa azkar berotu nuen, larregi. Jaurrieta, Abaurreagaina, Garralda. Zelako lasaitua Auritz begiz jotzean. Uste baino nekatuago nengoen, eta etapa hasi besterik ez zen egin!
Garazira jaitsi aurretik Orreagan ogitartekoa, erromes giroan, lehenago ere egin izan nuen moduan. Beti taberna berean sartzen naiz, Ibañetatik gertuen dagoena, aurreko bietan aitarekin, oraingoan bakarrik.
Ibañetara bidean lanbroa, eta zirimiria. Mugaz bestaldean euria izango zenaren beldurrez hasi nuen Luzaiderako jaitsiera. Auto bat atzean, jaitsieraz goza nezan tartea emanez. Hori gozatua. Agurtu egin ninduten ordeka moduko batean albotik pasatzean. Eskertzekoa da zenbait gidariren enpatia.
Donibane Garazira iritsi eta oraindik kilometro mordoxka nituenez egiteke, ez geratzea erabaki nuen. Beste batean oroitu beharko ditut Espainiako karrika eta abarri txikitan eginiko bixitak. Nire imajinazio zoriontsuan Baigorrirako tartea ez nuen oso aldapatsua espero, baina bai, hemen ere aldapak aurkitu nituen, ez gehiegizkoak, baina hankak pittin bat gehiago nekatzeko modukoak bai.
Muga lausotua bigarrenez igaro aurretik Izpegiko lepoa gainditu behar nuen, Baigorrin gora. Platano parea eta edaria erosi nituen behean. Eta zelako poza bertakoekin euskaraz jardutean. Giputz alu hau poztu egiten da mentalki ohikoak dituen eremuetatik urrun euskaraz egitean, dela Bilbon edota Nafarroa Beherean, haientzat arrunta izan arren.
Izpegi igotzen hasi eta errepide erdian itxia zegoenaren iragarpena. Kasuen! Badaezpada ere aurrera egin nuen, akaso bizikletak pasa zitezkeen eta; baina Donostiara iristeko beste aukera batzuetan pentsatzen hasi nintzen, Dantxarinea, Hendaia, ...
Zortzi kilometroko igoera eder eta lasaia. Laugarren kilometroan ari ziren lanean, lurzorua berria jartzen. Pena aurpegia jarri eta euskaraz galdetu nien ea pasa nintekeen izkinatik. Baietz, pasatzeko, baina bizikleta airean eraman beharko nuela. Poz bikoitza, pasa nintekeelako eta berriz ere euskaraz egin zidatelako.
Pozarren egon arren ez da atsegina mendian gora belar eta harri artean bizikleta sorbaldan daramazula ibiltzea. Lanak atzean utzi eta lasai egin nuen gailurrerakoa, atzetik autorik etorriko ez zen patxadaz. Hemen ere kilometroz kilometro txirrindulariontzako kartelak, eta goian, goresmenak!
Goseak amorratzen, hirurak pasatxo, lehortu gabe maldan behera egin nuen, jatetxe bila. Bai azkar aurkitu ere Erratzu pasa eta berehala. Ai, Baztan eta Malerrekako euskara, zein ederra. Eta zeinen gustura entzun nuen neska guapa bat "Doneztebera dena da zelaia" esanaz, ea aldaparik ba ote zen galdetu ostean. 70 kilometro falta zitzaizkidan oraindik, eta jada munduaren erdia gurutzatua nuenaren sentsazioa.
Doneztebera bidean muga iragan izanaren beste iragarpen bat. Poliziaren kontrola. Alboan paratu eta bertako lagun bati aurki pasatzekoa nintzela abixatu nion. Zein polita bidaian aspaldiko lagunak agurtzen joatea. Ezin denera iritsi ordea, Zubietatik ere pasa nahi nuen Beñat agurtzera, baina ezin, berandutzen ari zen eta.
Eguneko beldurrik handiena nuen ondoren, Irunera eramango ninduen errepidea, kamio eta autoz lepo betea. Zorionez errepide zaharra egokitua dago bizikletaz bidaiatzeko, baina tarte bat edo bestean N-121etik joan behar, besteak beste tunel batean. Izuak jota eguneko abiadarik handiena hartu nuen tunel horretan, azkar pasatzea besterik ez nuelarik buruan.
Behobia eta Irun inguruan beste kontrol bat, eta auto pilaketak. Gipuzkoak zirimiriarekin hartu ninduen. Bost axola jada bustitzea. Indarrez nenbilen. Eta malaletxean, gidari barduliano aluak bezalakorik ez dago bidaiari hau espabilatzeko. Airean igo eta jatsi nuen Gaintxurizketa. Errenterian Ketarik irakatsitako bidegorria hartu nuen, baina Mirakruzen errepidera sartu nintzen berriz ere, Donostiako klasikoaren amaiera egiten banengo lez.
Tropeletik ihes egindako txirrindularia nirudien Boulevardean sartzean. Besoak jasotzea edota muxuak banatzea falta izan zitzaidan soilik, ze amorru eta poz orru bat bota nuen, alboko taxisten harridurarako. Nola ez nintzen poztuko ba, amamaren etxera iritsi nintzen eta!
Mugalari moduan ibilitako etapa honetan 170 kilometro pasatxo egin nituen eta neurtzeko zaila den pozak bete zidan barrena.