Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Lolita Guruceta

Lolita Guruceta

Mikel Lizarralde 2008/07/16 02:56

Duela astebete gure amama hil zen. Donostiarra izanagatik, berak nahiago zuen amama deitzea eta ez amona (edo amoña, parte zaharrean entzuten nuenez). Amama, bi aldiz ama zelako, eta neretzako horixe izan zen, bigarren ama bat, batez ere Donostian hainbeste urtean bizi izan nintzeneko sasoietan.

Donostiarra zen, Portu kalean jaiotakoa, Santa Marian egin zuen hileta ez beste guztia. Donostiar on bezala, kaxkarina zen. Beti margotzen zituen ezpainak arroxa kolorez bazkariren bat edo genuenean, eta baita Channel lurrina bota ere. Hain zen kaxkarina ezen, duela hilabete, erietxean zegoenean, medikuari esan ziola 84 urte zituela; "nola esango diot ba 85 ditudala!".

Alaba bakarra izan zen. Aita Joaquin, donostiarra, eta ama Dorotea, nafarra, Belaskoaingoa. Hiletan aipatu zidaten gure birraitona oso arro omen zegoela alabaz, gerraosteko lehen Easo Ederra izan zelako, 1945. urteko San Sebastian egunean, artean 22 urte zituela. Argazki hauek orduan ateratakoak dira:

Amama Lolita: Easo Ederra

Amama Lolita: Easo Ederra

 

Eta hemen ikus daiteke argazki azpian Euskal Billera sozidadekoek idatzitakoa.

Begi oso politak zituen gure amamak, argiak, urdin tankerakoak edo. Kontatzen zigun gaztetan kai inguruan ibiltzen zirela marinel trajedunei begira (aita enteratu gabe, bestela...). Aipatzen zigun beste gauzetako bat zen gaur egun Araba parkea dagoen inguruetara joateko idatzizko baimena eman behar izaten ziola aitak. Aspaldiko sasoiak. Beste kontakizunetako bat izaten zen Santa Klarara arraunean joaten zirela, eta irla guztian ez omen zen beraien neska taldea eta farozaina besterik egoten.

Honetaz gain, Eskola Cantorumean abesten zuen eta txikitan euskal dantzen taldean egon zen (baina gerra zela eta argazkiak erre egin behar izan zituzten). Gainera, udaletxean egiten zuen lan idazkari moduan. Pertsona ezaguna zen ordungo Donostian. Horregatik gure aittitta Mariorekin ezkondu zenean (Santa Marian) jende ugari joan zen elizkizunera. Aittittak esan omen zuen ez zatekeela ezkonduko hainbeste jende joan behar zela jakin izan balu!

Amamak ez zuen jakin ezkondu arte aittittak zenbat urte zituen. Hamasei urteko tartea zegoen bien artean (24 - 40). Kuriosoa ere, bata eibartarra izatea eta bestea donostiarra, eta biek ala biek beraien bizitza jaioterrian bertan edukitzea. Igeldoko erromeriaren batean edo elkar ezagutu omen zuten. Biba gure Mario! Donostiako Easo Ederra konkistatzen! Ezkondu eta Eibarra etorri ziren bizitzera.

Amamak kontu bat aipatzen zigun amorru bereziarekin. Ezkondu eta gutxira, jada Eibarren zeudela, biak atera omen ziren herrian paseatzera, eta halako batean norbaitek aittittari hara zer esan eta: "ze, guardia zibilakin pasiatzen ala?"; ez dakit bat andrearekin paseatzearena gaizki ikusia ote zegoen orduan, baina amamari amorru bizia sortu zitzaion.

Nik gustoko nuen bera pixkat amorraraztea, pixkat bakarrik. Adibidez, Donostian bizi izan nintzen urte guztietan, sekula ez zidan afaririk prestatu (bazkariak bai, eta goxo askoak); famili bazkari eta halakoetan hori aurpegiratzen nion, broma moduan, ze gutxi zaintzen zuen bere biloba.

Aspaldian ez zegoen broma askotarako, eta muxuak ematen genizkion lehenagoko amorrazioak konpentsatzeko edo. Azken muxua pasa den ostiralean eman nion, Polloera bidea hartu aurretik. Oraindik ere zaila egiten zait sinistea amama ez dudala bere besaulkian aurkituko. Gutxienez, beti bezala agurtu nuen, eta "Agur guapa!" esan nion. Oroitzapen eta argazki eder hauekin konformatu beharko gara, agur betirako amama Lolita.

etiketak: amama
ROLANDO MARCELO GURUCETA
ROLANDO MARCELO GURUCETA dio:
2008/09/19 02:33

ESTIMADA PAISANA: TE SALUDO DESDE VENEZUELA PARA COMPARTIR CONTIGO EL APELLIDO Y LA AMISTAD CON TODA MI FAMILIA. ESPERO RESPUESTA MIS APRECIOS DR ROLANDO MARCELO GURUCETA.- ME DISCULPA PERO NO ENTIENDO EL IDIOMA VASCO

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.