Kexak direla eta
Ados nago hainbat lagunek diotenarekin (azkena Txomin), asko kexatzen gara. Gutxiago kexatu beharko ginateke eta gehiago egiten ahalegindu. Gora aktibistak, ekintzaileak eta hackerrak!
Hona zer nolako kexen inguruan ari naizen (konponbidea ere aipatuaz):
- Gure herrian ez dago fundamentuzko kultura egitaraurik
- Bozkatu ezazu bada zentzu pixkatekin; eskatu bilera bat politikariei arazoa eta soluzioak planteatuz; sortu beste alderdi politiko bat; antolatu zuk zeuk zeure intereseko ekintza kulturalak, ...
- Herriko kale batean sekulako zuloa dago eta ez dute konpontzen
- Atera argazkiak eta salatu ezazu udaletxean edota egunkarietan, ...
- Gure politikariak ustel hutsak dira
- Ez bozkatu ustelkeri zantzurik duen politikaririk; sortu zeure alderdi politikoa, ...
- Gure enpresako ez-dakit-zein atal oso gaizki antolatua dago
- Proposamena egin hobeto antolatu dadin, hitz egin arduradunen batekin, era anonimoan nahi baduzu, ...
- Gure soldatak kaka bat dira edota ezinezkoa da lan on bat aurkitzea edota nagusia esplotatzaile bat da
- Sortu ezazu zeure enpresa eta ahal bada kooperatiben eredua jarraituz, bazkide zein langileen onuretan pentsatuz, ...
- Ez-dakit-nork ez du euskaraz egiten eta lotsagarria da, edota ez-dakit-zein zerbitzu ez dute euskaraz ematen
- Tristea da euskaraz ez egin edo ez ematea zerbitzu bat, baina zuk zeuk egiten al duzu ahal duzun gehienetan? Ahalegintzen al zara euskaldunberriak euskaraz eroso sentitzen? Denda batean euskaraz eskatzen ahalegintzen al zara? eta abar luzea.
- Marka gehienek esklabotza sustatzen dute hirugarren munduan euren produktuaz ekoitziz
- Ez erosi esklabotza sustatzen duen markarik, jo marka etikoetara, ... kastigatu marka gaiztoak eta saritu marka zintzoak.
- Supermerkatuko barazki eta frutak ez dute zapore naturalik, auskalo nondik datozen
- Erosi bada nekazaritza ekologikoko produktuak, ...
- Euskal Herriko esneketariak hilzorian daude, ze gaiztoak diren esne-saltzaile handiak
- Horra hor esnea zuzenean saltzen hasi diren ekoizleak, saritu itzazu, ...
- Zein gaiztoak diren banku eta kutxak, dena beraientzat nahi dute, jakin ezazu non dauzkaten sartuta gure aurrezkiak...
- Atera dirua bankutik eta gorde koltxoian, edo askoz hobe, bada Fiare
izeneko proiektu bat, banka etikoan oinarritutako Kreditu Kooperatiba
sortu nahi duena, egin zaitez sozio eta gorde zure dirua bertan (Argitaratu ostean gehitua, Beñatek iruzkin batean bota ostean).
- ...
Funtsean, ez kexatu, ez egon besteak aldatu zain, ahalegindu zaitez zu zeu zure mikro-mundua aldatzen. Egun geroz eta errazagoa da aktibista, ekintzaile eta hackerra izatea, gure esku dago. Begiratu ingurura eta begiratu funtzionarioa izatea nahi ez duen talde txiki horri.
Norbanakoaren ekintza soilak eragin txikia izango du, baina geroz eta eragile gehiago, orduan eta pertsona, marka eta merkatu gehiago aldatuko dira.
Begira, azkenean ni ere kexati besteen kexen kontura!
Bukaeran, baina disclaimerra: Kontuz, kexatiarena, nire buruagatik ere badiot. Eta jakin badakit zenbait kexa guztiz zentzuzkoak direla (gure herrian politika depolitikoak adibidez)
Errazoia, Lizzy.
90ko hamarkadan Osakidetzan biharra egindakua naiz. Leku guztietan lez, lankide eskasak ba zeguazen, euren funtzionario izaera "blindauaz" baliatzen zirazenak seriedade barik biharra egitteko. Jentia asko kejatzen zan, pasilluetan, beste fisioterapeutengana, administraziñoko pertsonalari... baiña iñok ez zeban ipintzen "Atencion al Paciente" zerbitzuan kejarik, nahiz eta guk horretara animatu. Jentiak ulertu bihar dau, baiña, zerbitzuburu batek ezin dabela neurri disziplinarixorik hartu marmarretan oiñarrittuta.