Izena duen guztia da
Euskal mitologiari buruzko libururen batean irakurri nuen esaldia da izenburukoa. Barandiaranena edo uste dut zela liburua. Izena duen guztia da. Egun esaldiaren moldaketa txiki batean bizi gara: egunkarian agertzen den guztia da.
Egunkarian agertuz gero benetan existitzen zara, bestela ez. Egunkarian agertuz gero laneko bilera batean zaudenean "joño, egunkarian ikusi zaitut, zu zinen, ezta?" entzungo duzu. Egunkarian agertuz gero hirugarren bizitzako auzokidearekin solasaldi surrealista bat izango duzu; hori bai, lasai egon, hortik astebetera guztia bere lehengo egoerara itzuliko da eta eguraldiaz eta bazkaltzeko egongo denaz soilik solastuko zarete.
Egunkarian agertuz gero, zure lagunek pentsatuko dute pena merezi duen lanen batean zaudela, nahiz eta ez zaren lau zenbakiko nominara iristen.
Egunkarian agertuz gero ziurtatu dezakegu pertsona bat hil den ala ez. Egunkarian ez bada eskelarik agertu, oraindik ez da hil, bizirik dago, hor nonbait.
Egunkarian agertuz gero litekeena da okindegian umeei oparitzen dieten txirula horietako bat ematea. Edo agian, jatetxe on batera bazoaz sukaldaria, Subijana edo halakoren bat, aterako zaizu agurtzeko asmotan.
Ez bazara egunkarian ateratzen ez zara inor. Madagaskarren uholdeak herri osoa hilko du akaso, baina egunkarian ez bada azaltzen ez da benetan hil, halakorik ez da gertatu sekulan.