Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Hegoalderantz, lehen zatia

Hegoalderantz, lehen zatia

Mikel Lizarralde 2011/08/17 10:58

Orain bost egun, abuztuak 12an, agur esan zidaten Miren eta Eñautek, Thailandiako hondartzak jomuga. Geroztik Laos hegoalderanzko bidea egiten dihardut. Lau egun bizikleta gainean, eta bostgarrenean atsedena, zertarako itxaron zazpigarrenari?

Abuztuak 13, Vientiane - Tha Bok (93km)

Gabean zehar sekulako ekaitza egon da, beldur nintzen ezingo ote nuen atera goizean. Baina iratzarri eta egun eguzkitxua. Ondo gosaldu ostean, bideari ekiten diot 7:45 inguruan. Hiriko irteera luzea da, denda eta negozioz beterik (Santiago bideko Burgosko sarrera amaitezina oroitzen dit).

Bidea ez da gogorra, Noizbehinka muino txikiren bat edo, baina ezer gutxi. Tarteka geratuz noa ura edo freskagarriren bat edan eta zerbait jateko.

Eguerdi partean iristen naiz Tha Bokera. Estatu Batuetan 19 urte emandako andrazko batek daroan T&M Guesthouse-en hartzen dut ostatu. Izena ematean ikusi dut atzo beste 3 turista pasa zirela, lehenak ekaina geroztik (rainy season, low season).

Herri txikia, errepidearen albo banatan luzatzen dena. Iluntzean traineru modukoan arraunean ikusten ditut bertakoak.

Abuztuak 14, Tha Bok - Pak Kading (95km)

Atzo maillot motzarekin bidea egin eta erre egin nintzen. Gaur Eñautek lagatako kamixeta mauka-luzeduna daroat. Gogor jotzen dut eguzkiak. Abuztuak 12ra arte egunean zehar ere euri mordoa egiten zuen; geroztik tanta batzuk akaso, baina eguzkiak gogor jotzen du.

Atzokoa baina etapa lasaiagoa. Haizea kontra daukat uneoro eta horrek zailtzen du bidea tarteka. Irakurria nuen hasieratik 54 kilometrora dagoen Pakxan-en badela internet punturen bat. Handik gertu naizela lehen txirrindularia ikusten dut, neska holandar bat. Kanbodiatik gorantz dator. Berak esan dit non dagoen zehazki interneta Pakxanen. Ilusioa egin dit beste zoro bat aurkitzeak.

Vientianetik ateraz geroztik aurkitu dudan herririk handiena da Pakxan. Ordubete pasa dut deskantsatzen email batzuk bidaltzen nituen bitartean. Bidaiari bakarti honen kasuan lehen mailako beharra da neskalagun eta gurasoei bizirik nagoela konfirmatzea.

Pakxanetik Pak Kading-erako bidea erraza egin zait. Iristean ostatu berri batean geratu naiz. Dirutza balio du, ia 10 euro! Baina aire girotuarekin egingo dut lo. Ostalaria gainera futbolzalea, nahiz gustoko taldekoa ez izan. Pak Kading Mekong eta Kading ibaiak batzen diren lekuan kokatzen da, 13. errepidearen albo banatan, hau ere.

Abuztuak 15, Pak Kading - Vieng Kham (47km)

Sant ostalari Madrilzalearekin batera gosaltzen dut; gaileta batzuk partekatzen ditut berarekin eta, ordainetan edo, bi ur botila oparitzen dizkit, eskertzeko benetan. Gaurkoan etapa motza dudanez lasai nabil ateratzeko. 9:30ak inguruan ekin diot bideari.

Ibilbide honetan egiten diren etapak ostatuen kokapenak baldintzatuak daude, batzutan labur-laburrak suertatzen dira, gaurkoaren moduan. 

Hamairugarren errepidea atseginagoa da hegoalderanzko norantzan iparraldekoan baino. Bidai hasieran egin nituen bi egun haiek oroituz, Vang Vieng-era egindakoak, gogoan dut bidean auto mordoa zebilela eta errepidea zuloz josia. Hegoaldeko zati hau atseginagoa da, trafiko gutxiago, errepidea egoera onean, eta apenas aldaparik.

Vieng Kham ezagutzen nuen, pasadan bada ere. Bertatik igaro ginen iaz motorrarekin The Loop-en zati bat egin genuenean Kong Lo kobazuloetara bidean. Bertan hartzen dut ostatu, leku xelebrean, hau izango da Estatu Batuetako motelen parekidea Laosen.

Noodle soup eta sticky rice bazkaltzeko. Sorpresa eta guzti gainera. Noodle-ak bukatu eta zopa hartzean hildako eltxo handi xamar bat ikusi dut. Eta gauza bat da ia edozer jateko prest egotea eta bestea eltxoa jateko gogoz ibiltzea.

Arratsaldean, logelan bero egiten zuela eta ostatukoen egongelan egon naiz, idatzi eta irakurtzen. Haizea altxatzen igartzean, badakizu monzoia badatorrela. Han egon naiz egongelan ordu erdi inguruaz euria nola egiten zuen begira.

Abuztuak 16, Vieng Kham - Tha Khaek (104km)

Zelako gogoak nituen Tha Khaekera iristeko. Batetik, atseden hartzeko, bestetik Maria eta familiarekin hitz egiteko. Bide hau motorrean egin genuen iaz, baina ez nuen horren gora-beheratsua oroitzen. Kosta egin zait berotzea eta hasi eta berehala geratu naiz berriz gosaltzera.

Geldialdia ondo etorri zait eta hortik aurrera gogotsu egin ditut kilometroak. Indatsu bukatu dut orain arteko etaparik gogor eta luzeena. Hori bai, ostatuik hamar minutu ingurura nengoela sekulako euritea hasi da eta busti-busti eginda iritsi naiz. Logela ikusi eta bizikletatik poltsak hartzera nindoala, atzeko gurpila zulatua nuela ikusi dut.

Dutxa beroak, janari goxoak eta familia eta lagunek alaitu didate eguna.

Abuztuak 17, Tha Khaek (atseden eguna)

Zeinen ondo egoten den ezer ere egin gabe. Berandu jaiki naiz. Lasai gosaldu, prentsa irakurri eta atzeko gurpila konpondu dut. Ia bi zentimetroko iltzea neraman!

Gaur lasai lasai ibiliko naiz, herrian buelta bat eman, lasai jan eta indarrak berreskuratzen, bihar 130 kilometro egitea aurreikusten dut eta. Ea hala den, biba gu!

Pak Kading-go ostatuan
etiketak: bibagu
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.