Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Hegoalderantz, laugarren zatia - Stop?

Hegoalderantz, laugarren zatia - Stop?

Mikel Lizarralde 2011/08/26 16:28

Zeinen gustora nengoen atzo. Gurpila konpondu zidan Touliand-ek eta egun lasai eta atsegina pasa nuen paradisu moduko batean, ezberdintasun bakarra ura turkesa kolorekoa beharrean Mekong-eko marroia zela, besterik ez.

Abuztuak 26, Don Khong - Stung Treng (66km)

Goiza polito hasi dut. Mekongera begira lasai gosaldu ostean berau gurutzatu eta Laos eta Kanbodia arteko mugarantz joan naiz. Dena primeran joan da. Touliandek egindako konponketak ondo eutsi dio eta azkar iritsi naiz mugara.

Asia hego-ekialdeko muga hauek xelebreak dira. Gaurko hau ez dute turista larregik igarotzen, beste batzuekin alderatuz, eta etxola modukoetan eskuratzen dira bisatuak (eta eskupekoak ordaindu), nahiz eta eraikin berrietan lanean diharduten (erritmo... lasaian).

Mugaz bestaldean nintzela, Kanbodian jada, hamar kilometro eskax egin eta atzeko gurpila haizea galtzen hasi da. Bi kilometro lehenago herrixka bat zegoenez oinez egin dut buelta. Lehen etxolan konpoketa "denda", zorte pixka bat behingoan!

Konponketa lanetan gazte batek jardun du. Kamara aldatzeaz gain kubiertak trukatu ditugu (atzekoa aurrera pasa eta alderantziz). Hogei kilometro gehiago iraun du konponketa saiakera berriak. Nazkatuta, kotxe edo furgoneta baten zain geratu naiz helmuga 20-30 kilometro eskaxera neukan eta.

Ez da ibilgailu zistrin bat pasa hogei minutuan. Halako batean tipo bat agertu da motorrean eta 5 dolarren trukean eramango ninduela esan dit. Nire aurpegiak "nola ostia eramango gaituk motxilak, bizikleta eta ni motorrean txo!" esan nahi izan du, baina berak di-da batean antolatu du dena (bihar kontatuko dut nola).

Baina kontua ez da hor bukatu. Hamar kilometro inguru egin ditugunean, "stop five minutes" esan dit. Atseden pixka bat hartuko dudalakoan ondo iruditu zait, ez nengoen eta posturarik egokienean. Baina hor non hasi den motorra desmontatu eta pieza batzuk garbitzen. Berriz montatu eta motorra piztera joan denean kale! Eta bost minutu izan behar zirenak orduerdi pasatxo bilakatu dira. Ezin konpondu tipoak motorra. Ah, eta gure inguruan ez zegoen ezer, basoa besterik ez.

Halako batean nire gidariaren lagun bat agertu da, motorrean hau ere. Eta bestearekin jarraitzeko esan didate. Azken kilometroak hirurogei eta hamar urte inguruko aittitta batekin egin ditut, motorrak ematen zituen salto bakoitzean Kanbodiako Hell´s Angel hau madarikatuz. Egoera surrealista honetan nengoela pentsatu dut igarkizunaren kontua, ez sinestekoa zen eta bidea nola egin dudan.

Stung Treng-en nago orain. Herri txikia da eta ostatuan esan didate hobe dudala Kratie-ra joan. Bihar goizean autobusa hartu eta harantz noa, 140 kilometro hegoaldera. Han kubierta berria erosten ahaleginduko naiz. Bi aukera daude, bi bide ezberdin: bat, bihar ditxosozko gurpila behingoan konpontzen dut eta bizikletan bidaiatzen jarraitzen dut; edo, bi, hiriburura autobusez jaitsi eta konpontzen ahalegindu edo bizikleta saldu eta txalupaz egin azken helmugara, Siem Reap. Ikusiko dugu.

Eta hala ere, gustora nabil. Abenturaren parte dira ezbehar hauek. Bidaiari... interes puntua ematen diote :-)

Biba zuek eta biba gu!

etiketak: bibagu
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.