Hegoalderantz, hirugarren zatia
Amaitzen ari da bidaiaren lehen fasea, bihar, ondo bidean, Laos eta Kanbodiako muga zeharkatuko dut eta. Atzean geratuko da bizikletan ibiltzeko atsegina den herrialde hau eta Asiea hego ekialdeko far west-a deitzen diotenean sartuko naiz. Hainbesterako ote da?
Abuztuak 23, Pakse - Champasak (38km + 18km tenpluak ikusten)
Etapa laburra eta samurra neukanez parez-pare lasai ekin nion bideari. Ganoraz gosaldu, diru apur bat aldatu eta bidean nintzen. Hasieran errepidea nahiko gora-beheratsua zen, baina bi egunetako atsedenaren ostean erraz gainditzeko moduakoa.
Ban Lak 30 herrixkan eskumatara bidegurutzea hartu eta errepide estu batek Makong-en urmugan laga ninduen. Han txalupa batean sartu nuen bizikleta nola edo ahala eta ibaia gurutzatu. Errespetu izugarria ematen dit Mekong-ek. Ur mordoa daroa eta bizi-bizi jaisten da, gainezka egitetik metro ingurura.
Champasaken ostatu eta ostalari atsegin batzuenean nago, urmugan. Jatetxea gainera ibai gainean daukate, leku aparta arratsaldea irakurtzen pasatzeko.
Arratsaldean Wat Phu Champasak tenpluko aztarnak ikustera joan nintzen. Angkor ezagunaren garaikoa da, baina ezin konparatu harekin, askoz ere txikiagoa da hau eta egoera eskaxagoan dago oraingoz (konpontzen ari badira ere).
Abuztuak 24, Champasak - Don Khong (4.000 irlak) (104km)
Guesthouse-ean lasai gosaldu eta bidean nintzen, aurrena Mekong berriz ere gurutzatuz. Hasi eta hamar kilometro eskaxera atzeko gurpila zulatu nuen. Zein eta atzekoa! Motxilak kendu eta zulatua konpontzen ahalegintzen nintzen partxe bat jarriz. Baina ez nuen asmatu eta kamara berria jarri nion. Total, ia hiru ordu laurden geldirik, gutxienez itzaletan.
Bidea erraz egiteko modukoa izan zen, laua eta ia trafikorik gabe. Hori bai, zailtasun handiena eguzkia. Normalean edan izan dudanaren bikoitza behar izan nuen atzo.
Kilometroak aurrera zihoazen eta helmugatik zazpi eskaxera nengoenean, zast! Berriz ere atzeko gurpila. Nolabait partxe bat jarri nion, eguzkitan oraingoan, lao koadrila bat begira nuela (beraiek itzaletan, euren furgonetak hartzen zuen eta inguruko itzal bakarra). Badaezpada abiadura motelean egin nituen azken kilometroak. Azken geldialdi honek neka-neka eginda utzi ninduen, gainera ura kixkali egin zitzaidan eta ez zegoen edateko moduan.
Zorionez atzeko gurpilak eutsi zion eta Mekong gurutzatu behar nuen lekuan taberna bat zegoen ura erosi ahal izateko.
Abuztuak 25, Don Khong (atseden eguna)
Don Khong irla bat da, Si Pa Don (4.000 irlak) irla-multzoko handiena. Giroa izugarri lasaia da eta orain apenas dago turistarik. Leku atsegina.
Ostatua ere merkea da, 5 euro inguru. Hori bai, atzo gabeko bederatzi eta erdietan ekaitzaren ondorioz argi-indarra eten zen eta ez da itzuli goizeko 6ak arte. Ederra izerdia bota dudana!
Egun osoa alperrarena egiten pasa dut, irlan zehar bueltatxo bat eta irakurri, beste zereginik ez eta. Badaezpada ere atzeko gurpilari haize gehiago sartu diot, ea eusten dion.
Orain gutxi, ordea, bizikleta hartzera joan eta lurrean topatu dut, atzeko gurpila berriz ere haizerik gabe zuela. Bata eta besteari nire laotar-batuan galdetzen hasi (ingeles pixkat eta mimika asko) eta Touliand-en dendan bukatu dut. Esku-oial bat gerrian zeukan (jada bainua hartu duen seinale) 70 urte inguruko aitona da Touliand. Begira-begira egon natzaio nola konpondu duen zulatua, puntako teknologia erabiliz, di-da batean hori bai. Ahalegindu naiz esaten Kanbodiara iristen banaiz berari esker izango dela.
Laos eta Kanbodia arteko muga 30 kilometro eskaxera dago. Ondo bidean, bihar igaroko dut eta atzean lagako dut herrialde eder eta lasai hau. Mugaz bestaldean zer aurkituko dudan zalantzan nago. Ura eta janaria erosteko erraztasun eta maiztasunak arduratzen nau gehienbat. Laosen orduerdiro aurkitu ahal izan dut dendaren bat, garestiagoa edo merkeagoa, ura eta janaria erosteko. Ea Kanbodian zer aurkitzen dudan, joango naiz kontatzen.