Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Hegoalderantz, bigarren zatia

Hegoalderantz, bigarren zatia

Mikel Lizarralde 2011/08/22 11:40

Azkenengoz idatzi nuenetik denbora gehiago pasa dut irakurtzen eta atsedena hartzen bizikleta gainean baino. Nahiago nuke kontatzeko dudana baino gehiago edukitzea, baina ezin. Beherakoak atseden hartzera behartu nau.

Abuztuak 18, Tha Khaek (atseden eguna)

Aurreko gabean afaldutako zerbaitek kalte egin zidan. Betekada galanta sentitzen nuen eta komunera sarriegi joan nintzen goizean zehar. Apur bat itxaron nuen ea komunera joan-etorriak baretzen ziren, baina ez. 130 kilometroko etapa egin behar nuen eta horrela ezinezkoa zen. Autobusa hartu nezakeen, baina nahiago izan nuen atseden hartu eta hurrengo egunean ahalegintzea.

Eguna irakurtzen pasa nuen, baraua eginez arratsaldera arte. Platano batzuk erostera atera eta tenplu batean sartu nintzen, denbora pixka bat egitearren. Arratsaldeko bostetan errezatzera sartzen dira monjeak eta Tha Khaek-ekoek abesten edo egiten dute (nahiz eta niri "not singing, praying!" esan). Irteeran dozena erdi bat gaztetxo gerturatu zitzaizkidan eta hizketan aritu ginen; euren ingelesezko liburuan pasarte batzuk irakurtzeko eskatu zizkidaten. Nire Oxford-eko azentu onena ateratzeko ahalegin biziak egin nituen. Nik esaldi bat ozen bota eta praile gazteak errepikatu. Atsegina izan zen. Ingelesez atzerritarrekin hitz egiteko irrikitan egoten dira lao batzuk. Eguna alaitu zidaten.

Abuztuak 19, Tha Khaek - Savannakhet (130km)

Goizeko 6:30etarako bidean nengoen orain arteko etaparik luzeena izango zen eta. Hasi eta minutura euria, egun osoan atertuko ez zuena. Tira, egun osoan ez, bazkaltzen nengoela ateri egon zen.

Etapa oso gogorra. Kontrako haizea, euria, arropa mela-mela eginda, bide gora-beheratsua, gorputza aldrebestua. Bataz besteko abiadura mantxoa neraman, apenas 15 kilometro orduko. Sarri-sarri geratu nintzen, besteak beste galtzerdiei ura kentzeko. Goretexeko zapatilak izango dira hauek, baina jai dute monzoiarekin.

Geldialdietan laoak begira-begira dauzkat. Atseginak dira eta ia denek esaten dizute zer edo zer. Ea nondik zatozen eta nora zoazen, nongoa zaren. Bereziki deigarria egiten zaie bakarrik bidaiatzearena. 

Abiapuntutik ehun kilometrora zegoen Xeno herria ordubiak inguru iritsi nintzen. Nola edo ahala jatetxe batetako zerbitzariarekin elkar ulertu genuen eta noodle soup bat jan nuen, lehenago arropa lehorra jarriz.

Handik helmugara 30 kilometro soilik ei zeuden, "mostly downhill" irakurria nuenez. Barrabilak. Maldan behera egitea ere kosta egiten da kontrako haizea eta euriarekin. Arropa berriz neukan busti-bustia.

Kostata, baina Savannakhet-era iritsi nintzen lau eta erdiak inguruan. Nekeak jota eta mela-mela eginda, ez neukan hotel eta guesthouse-ak aztertu eta konparatzeko gogorik. Gidan hotel onena omen zena ikusi eta bertara jo nuen. 20 euro, logela eskax baten trukean. Ez nengoen bila jarraitzekotan eta bertan geratu nintzen. Hori bazen hiriko hotel onena...

Halako etaparen ostean gose izatea espero nuen, baina ezin gustura jan, kostata bukatu nuen arroz platerra. Ez nengoen guztiz sendatuta.

Aspaldiko egunik gogorrena. Bizikletan pasa dudan txarrena, ziur. Orain urtebeteko 3 handietan izandako pajararen parekoa (botakarik gabe). Baten batek inoiz galdetzekotan ea zein izan den bizikletan egindako etaparik zail eta gogorrena, argi daukat erantzuna, Tha Khaek - Savannakhet.

Abuztuak 20, Savannakhet - Pakse (230km autobusez + 8km bizikletaz)

Goizean ahul nabari nuen nire burua eta komunera joan-etorriek animatu besterik ez ninduten egiten. Horrela ez zegoen jarraitzerik, oporretan nago, bakarrik eta etxetik urrun. Azkar hartu nuen erabakia, geldialdi luzeagoa behar nuen tripa sendatu aldera.

Savannakhet-eko autobus geltokian lao bat hizketan hasi zitzaidan. Bera ere txirrindularia zela. Hiru talde ei daude Laosen: Vientiane, Champasak eta Savannakhet (berea). Atsegina zen eta berbetan egon ginen luzaroan. Nire bidaia, bizikletak, Tourra, Contador, futbola. Kuriositatez hartu zuen eskuartean nire Kindle-a (euskarazko lerro bat irakurtzera animatuz eta guzti!). Berak abixatu zidan nire autobusa iristean.

Pakse nuen helmuga, bost bat orduko bidean. Nirekin batera lao mordoxka bat eta zortzi txekiar. Atseginak ziren. Kuriositatez begiratzen zidaten, baita bizikletari ere. Bidean zehar deigarria da autobusa geratzean barnean sartzen den saltzaile koadrila zaratatsua. Oilasko eta auskalo zeren pintxoak, arroza, arrautzak, mangoa, freskagarriak, denetik saltzen dute.

Pakseko autobus geltokia herritik zortzi kilometrora nago. Agur eta zorte ona opatu genion elkarri txekiarrek eta biok. Primerako eguna egin zuen, hotelerako bidea erraz eta gustora egiteko modukoa. Halakoa izan banu Savannakhet-era bidean...

Abuztuak 21 eta 22, Pakse (atseden egunak)

Azken bi egunotan apenas egin dudan ezer. Atseden hartu, irakurri, hurrengo egunak prestatu eta nire burua zaindu, besterik ez.

Kindle-a nirekin ekarri izana ideia ona izan da. Joxe ez bezala gustura nago erosi izanaz. Halako bidai batean, motxilaren pixuak duen garrantziarekin, sekulakoa da liburu mordoa nirekin ekarri ahal izatea.

Atzo bukatu nuen Jules Verne-ren Mikel Strogoff. Eskerrak eman behar Armiarmaren liburu elektronikoen bildumari!

Liburua bukatu ostean Mekong ikuskatzera joan nintzen. Uholde arriskuan gaude. Euri asko bota du aspaldian eta ibaia bete-bete dator. Mantxo-mantxo baina topera beteta. Ibaiari metro eta erdi falta zaio gainezka egiteko eta hondar-zakuak daude urmugan. Egia da zakuak aspaldikoak diruditela (orain hilabete ekaitz tropikal batek uholdeak eragin zituen eta). Hotelean galdetzean ea hegoaldeko egoera zein den Mekong River Commission-en webgunea aholkatu didate (Txina, Laos, Thailandi, Kanbodia eta Vietnamek osatutako elkartea).

Aurreikuspen onak daude eta proba egingo dut. Bihar hegoalderantz hartuko dut eta lau egun barru, ostiralean, Kanbodiako muga zeharkatzea espero dut. Ez du euririk egin azken bi egunetan. Euririk ezean ibaiak ez dira igoko, baina sekulako beroa dago, apenas dabilen inor kalean batetik bestera, falang xelebreak soilik.

Ea hurrengo kronikan bizikleta-albiste gehiago botatzen ditudan. Bitartean, biba zuek eta biba gu!

etiketak: bibagu
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2011/08/22 18:14

Jope, Mikel, zure Twitter-etik iritsi naiz kontakizun honetara, eta sekulako inbidiaz irakurri ditut zure gorabeherak Laosen. Ausarta zara, gero! Zure kasuan, ez dago dudarik, Kindle bedeinkazio bat da, bertan denetik eraman dezakezu-eta irakurtzeko. Xarmangarria, bestalde, Mikel Strogoff irakurri izana euskaraz, non eta Laosen. Segi gozatzen zure bidaiaz, eta segi kontatzen zure abenturak, guk irakurriko ditugu-eta. Biba zu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.