Esneketariaren kontuak
Orain gutxi bi lagunei pasa zaie esneketariaren kontuen aurka jardun beharra. Batak lokal bat alokairuan hartua zeukan, beharrerako. Urte parea zeraman bertan. Halako batean, lokalaren jabeak alokairua bikoiztu behar ziola esan zion, bestela dirua galtzen ari zela.
Goizean pasa naiz lokal horren paretik. Salgai dago, lanerako material eta guzti. Zelatatuko dut ea zenbat denbora behar duen saltzeko.
Beste lagunak etxea zuen alokairuan. Pisukideak bakarrik uzten zuela eta etxeko ugazabarekin prezio berria negoziatzen ahalegindu zen. Alperrik. Alokairu txikiagoarekin dirua galtzen zuela.
Nik dakidala, etxe horrek hutsik dirau.
Bi ugazabek esneketariaren kontuak egin zituzten. Hainbeste irabazi ahal izango zutela alokairu handiagoekin. Azkenean, jai-jai. Sarritan, hobe da pixka bat gutxiago irabaziz diru-sarrerak segurtatzea sosik gabe geratzea baino.
Eta kontuz, hau ez da Plaentxiko tornillo-saltzailearena, bakoitzarekin oso gutxi galtzen zuena.