Bostgarren eta seigarren egunak, Vientiane - Vang Vieng
Atzo goizean euri larregi ez zegoela ikusi eta bizikleta hartu nuen Laos iparralderantz igotzen hasteko. Vientiane atzean utzi eta 70 kilometroko bidea egin nuen, lehenago, hori bai, ondo gosalduta (mendebaldar estiloko asiar luxua)
Bide gehiena laua izan zen eta eguneko zailtasun bakarra eguraldia bera.
Helmuga Phon Hon herrixkan nuen. Lonely Planeten aipamen sinple bat zegoen esanaz pare bat ostatu bazeudela. Eta egia da. Hori bai, hemen ez espero asiar luxua. Lau euroren trukean, ezin askoz gehiago eskatu, edo bai?
Herrixka 13. errepidearen bi alboetan dago banatua eta ez da apenas atzerritarrik geratzen, horregatik ume guztiak begira-begira nituen. Denak falang-ari begira. Falang hitza darabilte laotarrek guri buruz jarduteko, girioi buruz.
Gaur berriz 80 kilometro egin ditut. Gora-beheraz josiak eta oso nekagarriak. Eguzkia ere bidelagun. Baina nago nahiago dudala euria, ze eguzkitako krema dezente eman arren erre egin naiz. Teorian aldapa bihar hasten zen, baina oker zeuden nire prebisioak.
Vang Vieng nuen helmuga. Herrian sartzean segituan antzematen da hemen badaudela atzerritarrak. Leku hau ezaguna da falang gazteen artean parranda eta tubing-agatik. Idatzi nuen Banana Pancake Trail-aren parte da Vang Vieng.
Eztabaida egon ohi da ea Vang Vieng-a etortzeak merezi duen. Turista gehien-gehienak 20-25 urte artekoak dira. Eguna lotan, tubing-a egiten eta Friends edo Family Guy etengabe ematen duten tabernetan pasatzen dute. Nago halakoetan norberak zuzenean ikusi behar duela ea zelako den lekua, nik etortzera animatzen ditut bidaiariak. Esperimentu soziologiko xelebrea da.
Eta bihar zer? Gaur hartutako egurraren ostean eta jakinda Miren eta Eñaut zain ditudala bihar bertan jada Luang Prabang-en, autobus bat hartzen ahaleginduko naiz. 230 kilometro daude haraino, mendate gogor pare batekin... paso, bizikletan ibiltzera etorri naiz, baina oporretan nago eta nire osasuna denaren aurretik dago.