30 urte
Gabon ostean 30 urte bete ditut beharrean. 30, nahiz prekarietatearen ondorioz, askoz gutxiago kotizatu ditudan, ia beti lanean ibilita ere.
Hiru hamarkada ofiziorik ederrenetakoan, irakaskuntzan, euskara irakasten helduei euskaltegietan. Zenbat desafio, eta zenbat haserre, zelan ez, ba. Azterketekin borrokan, titulitisaren zama arindu nahian. Sarri gizartearen oldearen kontra, baita instituzio batzuen aurka ere.
Zelan aldatu den guztia sei lustrootan. Hasi nintzenean, aldizkari hau, Argia, baino ez zen existitzen. Ez egunkari, ez herri aldizkaririk. Internet existitu ere ez zen egiten. Liburu gutxi eta gaitzak ikasleendako. Hori bai, ETB1en serie eta filmak ematen zituzten. Gizartea eta ikasleak ere aldatu dira, orain jolasean kale.
Zenbat ikasi dudan, eta ikasten dudan egunero. Batez ere ikasleengandik eta ikasleekin. Euskaran ere ikaragarri sakonduta, gaztelanian ere bai, kontraesana iruditu arren.
Baina helburua litzateke gure ogibide hau, ederrena bada ere, betiko desagertzea, beharrezkoa ez delako izango, Euskal Herria zeharo euskalduna izango delako.
Beste 30 urte beharko ote?.
Fenomeno paranormalak eta euskara
Ez dakit inoiz Iker Jimenezen saioa ikusi duzuen, seguru nago baietz, Hegoaldekoak bazarete, behintzat. Cuarto milenio du izena, eta fenomeno paranormalez, OHEz (objektu hegalari ezezagunez), konspiranoiez eta abarrez hitz egiten du bertan. Gidoilariak gozatzen ibiliko dira pandemiarekin, beste hamar denboralditarako ere emango dielako materiala. Bada, programa horretan teoria bat defendatzen dute: eraikin baten hormen artean bizi izandako gertaerak indartsuak eta bortitzak badira, paretak sentimendu horiekin blaituta geratzen dira, sufrimendu hori kutsatuta geratzen da bertan, alegia. Jakina, fenomenoa sufritzen dutenak beti izaten dira ospitale psikiatrikoak, kartzelak, barnetegi krudelak… Oinazea eta terrorea aterpetu duten etxeak aztertzen dituzte, psikofoniekin-eta. Beldurgarria (hartu nahi duzuen zentzuan).
Ez dakit Euskal Herrian ibili ote diren halakoen bila. Badakit ankerkeria aterpetu duen leku bat baino gehiago dagoela gurean, polizia etxeetan, esaterako. Halere, badago toki bat non urduritasun neurgailu guztiek —existituko balitz halakorik—, eztanda egingo luketen: BEC, Barakaldoko erakustazoka. Hango pabiloietako hormek milaka azterketariren urduritasuna xurgatuko zuten honezkero, han egiten diren azterketa eta oposizioen ondorioz. Iker Jimenezen lantaldeak kirio-neurgailua jarri beharko luke Ansioko eraikinean ea poltergeistik dagoen.
Aurten, ordea, BECeko hormek ez dute urduritasunez kargatzeko aukera handirik izan, bertan behera geratu direlako pentsatuta zeuden oposizio eta azterketa guztiak. Tira, den-denak ez, HABEkoak egingo dituztelako; barkatu, egiten dabiltzalako dagoeneko. Atzo goizetik datorren asteko ostiralera arte, EAEko euskara ikasleek B2, C1 eta C2ko etsaminak egingo dituzte. Pandemiaren amaieran euskara ikasten dabiltzanek BECera joan beharko dute. Lehen, hiru azterketa leku egoten ziren: Donostia, Gasteiz eta BEC. Orain, bakarra. Izurritearen erdian erabakitako kontua. Euskaltegietakoek ez ezik, C1era euren kasa aurkeztuko direnek ere han egingo dute etsamina. Komentario gutxi merezi du erabakiak.
Askok argudiatu dute ikasleek merezi zutela azterketa izatea. Hala bada, zergatik ez du inork halakorik esan HAEEk (IVAPek) bertan behera laga zuenean udaberriko deialdia? Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza, suhiltzaileak… Oposizio (ez oposaketa, mesedez) horiek guztioriek atzeratu zituztenean sine die? Ez ote dute oposiziogileek ere errespetua merezi? Ezinbestean egin behar zen C1eko azterketa librea deialdi honetan, orain arte inoiz egin gabea? Derrigorrean BECen, beste aukera batzuk mahai gainean jarri zirenean (eskualdeka, herrika, euskaltegietan)? Ez litzateke logikoagoa, osasuntsuagoa, Barakaldoko areto erraldoian 14.000 pertsona ingururen joan-etorria eragitea baino? Hainbeste galdera dauzkat, Misterioaren ontziak ere argituko ez lizkidakeenak…
Eta galderarik handiena: zergatik bihurtu dira azterketak euskararen irakaskuntzan ezinbesteko? Azterketa dugu ardatz, zoritxarrez. Euskara ikasi eta erabiltzea inportanteena izan beharrean, probak (eta ez frogak) gobernatzen gaitu, euskararen kaltetan. Titulua versus praktika. Gurpil zoro horretan dugu murgilduta euskaltegien jarduna. Iker Jimenezi ere kostako zaio fenomeno paranormal hori argitzea!
Biribiltasuna, ilarak eta multzoak
Aitortu behar dut itxialdia apurtzeko faseek desosegua eragiten didatela. Sekulako gogoa dut maite dudan jendea ikusi eta besarkatzeko, Kalamuara igotzeko eta Deban itsasoa ikusteko, baina era berean asko urduritzen nau jendetza ikusteak. Kontraesana dirudi: lehengora itzuli nahi, baina erreparoa izan. Beharbada, konfinamenduaren fobia moduko bat da, eragin dizkidan umore gorabehera guztien artean beste kontu bitxi bat. Ez dakit. Baina erneguaren eta esperantzaren artean nabil segundo gutxiren tartean, sigi-saga emozionala balitz bezala. Arraroa, oso arraroa dena. Atopia-koen irudimen zoroenak ere inoiz ezingo zuen halakorik imajinatu. Horregatik, ezin umorea galdu, geratzen zaigun arma bakarra delako. Barrea eta algara inoiz baino gehiago behar ditugulako.
Ez dakit inoiz irten zareten zaharren orduan kalera. Aurreko zapatu baten suertatu zitzaidan niri, eta haluzinatu eta beldurtu egin nintzen, edadetuen lekuetan ibiltzen ohituta banago ere. The Walking Dead zirudien, zonbien ordua, errespetu osoz diot. Inpresioa eragin zidan zenbat adintsu zebilen makulu, taka-taka eta gurpil aulkian. Gehienak ezinean. Lehenago ere horiek beroriek ikusita neuzkan, baina heldu, ume eta gazteekin espazio bera okupatzen. Nahasian dena naturalagoa da, neutralagoa ere bai. Ordutegi markatuekin, ostera, zaharrak (eta laguntzaileak) baino ez ziren ageri, askoz nabarmenago, askoz gordinago. Ikuslea beti dantzari eder, baina nago ordutegiena beste modu baten ere egin zitekeela, adina izan barik muga. BERRIAn maiatzaren 17an Mari Luz Estebanek idatzi zuen belaunaldien arteko lotura kolektiboak eta horizontalak asmatzea eta sendotzea premiazkoa ikusten zuela, familiatik harago. Berarekin bat nator. Horretarako, belaunaldiak elkartu eta baltsatu egin behar dira, banandu ordez. Lagun bati Guatemalako maia batek esan zion guk zuriok dena kaxoi desberdin eta karratuetan sartzen dugula, gauzak biribilak badira ere. Adinka sailkatu digute denbora, kaleka, adibidez, sailka zitekeen arren.
Karratuak eta biribilak, ez lerro zuzenak. Horrela egiten dute ilara batzuek. Eskoletako ikasgai bihurtu behar da zelan egin ilarak, hurrengorako. Bata bestearen atzean, errenkadan, kalean pasatzen dabiltzanei enbarazurik egin barik. Lerro bakarra, ez hiru. A, ikasgai horretako sakontze mailan irakatsi beharko lukete distantziak nola zaindu. Asko kabitu ezinda ibiltzen direlako gure herrietako espaloi estuetan. Gehienetan eta batez ere, gizonak: larregi hurreratu, edota espazioaren jaun eta jabe sentitzen direlako, agian.
Beste alde batetik, eta klasifikatzen jarraitzeko, ikertzaileek ere aztertu beharko lukete kuadrillak ematen duen immunitatea, nerabe eta oso gazteen artean, besteak beste. Osterantzean, zelan ulertu maskara gabe, elkarrengandik hamar zentimetro izanda, edo elkar ukitzen ibiltzea? Superheroiak direlako! Kuadrillarenari hormonek emandako ziurtasuna gehitzen zaio, kapa babesle ikusezina baleukate legez. Fenomeno paranormala, ia-ia. Baliteke superheroi uste hori informazioek ere areagotzea, batez ere zaharrei eragiten dielako mezua zabaldu da-eta. Gaztaroa-hilezintasuna binomio mitikoa indartuta.
Adin multzoka ibili gara, baina ilarak egiten jarraitu beharko dugu. Kaxoi karratuetan sartu nahi gaituzte; biribiltasuna, ostera, lortuko ote dugu inoiz?
Bizigarrixa eta danondako
Behin bakarrik juan naiz pasiatzera arratsaldeko 8retan. Txarto datorkit ordutegixa, baiña ez da horregaittik; urten neban egunian agobixau egin nintzan hainbeste jende ikusitta, automaten moduan mobitzen, leku barik ganoraz ibiltzeko. Aurretik pentsatzen nebana –eta askotan aittatutakua– indartu dau esperientzia horrek: Eibarren berdeguniak, parkiak eta espazio zabalak bihar dittugu, bankodunak eta kerizpia dakenak, lehenbailehen.
Ikusi dot partido politiko batzuek ibiltzeko tokixak egittia proposatu dabela. Ondo. Baiña egoteko lekuak be bihar dittugu, herrixa disfrutatzeko. Automobillak kentzia be aittatu dabe. Ederki. Baiña ez deilla izan zentrotik kotxiak desagertzia, eta auzuetara eruatia problemia. Autuak apartatzeko plan haundi eta anbizioz betia egin bihar da, kontuan hartuta eibartar askok kotxia biharrera juateko erabiltzen dabela, ezinbestian. Plan horrek garraio publikua indartu biharko leuke, garaje merkiak eraiki, mobilidade arazua dakeneri gauzak erreztu… ostantzian, aberatsendako baiño ez da izango, herriguneko garajien prezixuak –oin be karuak– gora egingo leukielako, diru gitxiago dakanen kaltetan.
Espaloiak zabaltzia be badago asmuen artian. Ederto. Beti be oiñezkuen mesedietan, ez tabernetako mahaiz betetzeko, oin arte moduan. Pasatzeko lekua izan deigun.
Leku hórrek ointxe hasi leikez egitten, dagozen orube hutsak aprobetxatuta, Arraguetan, esaterako. Berriro etxiak eraiki? Zertarako? 11 proiektu dagoz martxan, barren! Batek mendi magala jango dau, gaiñera! Txontan 200 etxe egin bihar dittue! 200! Zeiñendako? Etxe hutsez betetako herrixa da geuria. Auzo eta etxebizitzak barriztuta, nahikua litzake.
Nasaittasunez bizitzeko ametsa dakagu, Eibar bizigarri baten.